Natalia Salazar Orbe
Diktadura frankistaren garaian sortu zen Gure Etxea auzo elkartea. Orain dela 50 urte, 1966. urtean. Beharrizan batek bultzatuta eratu zuten Uribarriko bizilagunek. Orduko egoera politikoari aurre egiteko, batetik, eta testuinguru sozioekonomikoak sortutako arazoei konponbidea bilatzeko, bestetik. “Auzoko egoerak kezkatuta hasi ziren elkartzen, eta, azkenean, frankismoaren aurka egiteko beste eragile bat bihurtu ziren”. Hala azaldu du Haizea Ruiz elkarteko kideak. Bitxikeriaz betetako pasadizoak gorde dituzte. Bihar aletuko ditu berak horiek guztiak, 50 urte auzoa aldarrikatuz ibilbidean. 12:00etan egin dute hitzordua, Uribarriko eskoletako landan.
Elkartearen sorrera eta testuingurua azaltzeko baliatuko dute ibilaldiaren abiapuntu izango den eremu hori. Egoera politikoa ahaztu gabe, testuinguru sozioekonomikoak baldintzatu zuen, bereziki, elkartearen jaiotza. Bigarren industria iraultza gertatu zen 1960ko hamarkadan, Bizkaian eta bereziki Ibaizabal ibaiaren ertzetan. “Lan ugari sortu zen, eta etorkin mordoa iritsi zen estatutik eta Bizkaiko hainbat herritatik”.
Sortutako lan eskaintza eta auzoak zituen azpiegiturak ez zetozen bat, ordea. Hala, etxebizitzak “modu kaotikoan” eraikitzen hasi ziren: “Artxandan txabolak egin zituzten. Jendea lanera etorri zen, baina ez zeukan non bizi”. Modu horretan hasi zen Uribarri eraikitzen: “Eraikinak nonahi egiten ziren, aldapan gora; errepideak asfaltatu gabe zeuden; ez zegoen estolderiarik; ezta hiri azpiegiturarik ere. Ez zegoen inolako zerbitzurik. Iritsitako etorkinen seme-alabek ez zeukaten non ikasi, ez baitzegoen eskolarik eta instituturik. Kaos hutsa zen hura”.
Egoera hark bultzatu zituen auzotarrak elkartu eta era antolatu batean arazo haiei guztiei irtenbidea emateko lanean hastera. “Egoeraren diagnosia egin zuten, eta erakundeetara jo zuten kexak aurkeztera. Eskakizun zehatzak egin zituzten, eta auzo mobilizazioak antolatu”.
Hastapenari buruzko xehetasunak entzun ondoren, 1970eko hamarkadara egingo dute salto. Horretarako, Harritxoen plazan egingo dute hurrengo geldiunea, Panerako etxebizitzak gisa ezagutzen diren eraikinen parean. Plaza hori ere herri ekimenari esker sortu zen. “Lau bloke handi dira, eta bosgarrena egin nahi zuten hutsik zegoen orube batean. Auzotarrak berriz ere antolatu ziren. Kexu ziren auzoan ez zegoelako berdegunerik, ez espaziorik”. Salaketa argia zen: “Nonahi eraiki gura dute, eta edozein modutan. Guk behar duguna da parke bat, arnasgune bat, kirola egiteko leku bat”. Hala gogoratu du Ruizek orduko aldarrikapena.
Auzokideen aldarrikapenek eta borrokek lortu zuten bosgarren eraikin haren proiektua geldiaraztea. Eta, gaur egun, plazaz gain, kirolerako gune bat ere badago bertan.
Ibilgailuentzako auzorako sarbide bat izan zen egin zuten hurrengo eskaera. Hala ere, udalak ez zien kasurik egin. “Orduan, auzolana baliatuta, auzokideek bidexka bat atondu zuten. Garai hartan egindako bidexka hura da gaur egun auzorako sarbidea”. Hala, geroago lortu zuten errepide hura ofizial egitea eta asfaltatzea.
Ibilbidean, Zurbaraneko institutuari buruzko aipamena egingo dute. “Eskola bat da, baina institutua izan zen lehen. Horretarako ere zenbait eskakizun egin ziren. Haurtzaindegia ere aldarrikatu zuten”.
Azpiegiturak eta zerbitzuak ez ziren izan, hala ere, elkartearen ardura bakarra. “Bizitza soziokulturala ere dinamizatzen zuen: Corpus Christiko jaiak antolatzen zituen; kultura asteak, euskara sustatzeko kantaldiak…”.
Lokartutako hamarkada
1980ko hamarkadan eten txiki bat gertatu zen. “Auzoak droga mendekotasunaren arazoa pairatu zuen modu bortitz batean”. Horrez gain, diktadura bukatu ostean, auzo elkartean nabarmendu ziren kideetako batzuk instituzioek xurgatu zituzten: “Horietako batzuk zinegotzi egin ziren. Auzo guztietan gertatu zen”.
Hala, elkartearen mugimendua asko ahuldu zen. “Herritarrek Bilboko Udalean jarri zuten itxaropena, eta udala euren zerbitzura zegoela sinetsi”.
Trauko kalea izango du ibilbideak azken geldiune. 1990eko hamarkadatik aurrera auzokide talde batek berpiztu egin zuen auzo elkartea. Ordutik gaur egunera arteko ibilbidea izango dute mintzagai elkartearen egoitza parean. Izan ere, hobetu beharreko zerbitzuak daude oraindik. “1960ko hamarkadan modu kaotikoan eraikitako auzo bat dugu, eta oraindik haren ondorioak pairatzen ari gara: oso aldapatsua da; auzoa zaharkituta dago; irisgarritasun arazo mordoa daukagu; igogailuak eta arrapalak behar ditugu”. Mugikortasuna hobetzeko, garraio publikoa indartzeko eskean ere ari dira: “Metroaren hirugarren linearen zain gaude”.
Historiaren pasarte horiek jasotzen dituen liburua argitaratuko dute aurki. Balio historikoa badu. Izan ere, Gure Etxea, Errekaldeberrirekin batera, estatuan sortu zen lehenengo auzo elkartea izan zen. Hastapenetan zuen indarra berreskuratzeko, herritarrei parte hartzeko deia egin die Ruizek. Asteazken iluntzeetan elkartzen dira, euren egoitzan.