‘What’s up?’

Igor Elordui Etxebarria

Goizeko seiak dira. Hamar minutu barru bideoa sare sozial guztietan ibiliko da. Bederatzi eta erdietan Marinak ohartaraziko dit bere lagun guztiek ikusi dutela eta bere whatsappeko lagun-talde guztietara birbidali dutela. Eguerdirako nire fakultatearen erdia bideoa ikusten egongo da; komentatzen eta konpartitzen. Eta arratsaldean nire neba txikiari helduko zaio, eta ordu pare bat geroago aitaren futboleko lagunei (eta erakusten diotelarik: “begira, zure neskatoa”). Nire amak ezingo du sinetsi. Hiru egun beranduago albistea egunkarian agertuko da, irratian aipatuko dute eta telebista saioren batean ere bai. Udako bideoa. Lanera noanean denek begiratuko didate eta ahapeka hitz egingo dute horri buruz; konturatuko ez banintz bezala. Gero ezagutzen ez ditudan morroiak hasiko zaizkit erasotzen Facebooken. Oihu egingo didate eta kalean geratu egingo naute. Datorren udara arte bideoari buruz berba egingo da; ni ezagutu ere egin barik. Eta zu, zu horren parte izango zara?

Aurreko paragrafoko testua nire whatsappeko talde batean pasa den astean jaso nuen bideo baten transkripzioaren itzulpena da. Bideoaren hasieran neska-mutil bi ikusten dira musuka eta zirriak egiten. Gerora, sarea miatzen, jakin dut Uruguaiko Pensamiento Colectivo izeneko gazte-talde batek egin zuela, #YoRespeto izeneko kanpainaren barruan. Kanpainaren —eta bideoaren— helburua sare sozialetan partekatzen diren edukiei buruz internautak ohartaraztea da; batez ere, intimitatean oinarritutako egoerak direnean, tartean sartutako pertsonei sekulako kaltea eragin diezaieketelako.

Bada, kasualitatea! Hurrengo egunean Eibar futbol-taldeko bi jokalarik neska batekin daukaten sexu-harremana erakusten duen bideoa jaso nuen beste whatsapp talde batean. Gauza jakina denez, futbolariek agiri bat kaleratu zuten hiru aldeek libreki izandako hartu-emana izan zela azpimarratuz eta barkamena eskatuz Eibar futbol-taldeko zaleei. Bidenabar bezala eskatzen zioten barkamena neskari, oharreko hirugarren lerrokadan. Eta gauza jakina denez, neskak salaketa ipini du, ez baitzuen ez grabatua izateko ez bideoa partekatzeko baimenik eman. Antzik ere ez.

Gauza asko esan daitezke —eta esan dira— afera honi buruz. Hasteko, ez dela berria. Badakizue, teknologia berriek, onura askoren artean, halako gaiztakeria mota berriak ere badakartzate: sexting, grooming… Hau kasua sexting ei da, hain zuzen ere. Gauza asko esan daitezke, halaber, futbolari(arr)ei buruz, zenbait hedabideren jokabideari buruz… Baina, komeni da gugan, erabiltzaileongan, ere arreta jartzea. Zer gertatzen ari da? Zertan ari gara? Alegia, what’s up?

Oharra: hausnarketa sakonago baterako abiapuntu egokia izan daiteke eta, atsegin baduzue, zuen whatsappeko taldeetan partekatu dezakezue (nik egin dut, bazegokidan eta).