Ez erantzi nire maskara

Nerea Ibarzabal

Beti iruditu izan zait deigarria pertsona bakoitzarekin harremanak izateko dugun modu ezberdina. Nortzuk garen gure amarekin, nortzuk gure aitarekin; nola jokatzen dugun umetako lagunekin eta nola unibertsitatean ezagututakoekin —eta zein arraro gauden bi taldeak elkartzen diren parrandan-; nor garen gure herriko jendearen begietan, eta nor Erasmusen. Maiz —maizegi- aztertzen dut neure burua kanpotik, drone baten begiradatik bezala, eta izutu egiten nau izan naitekeen pertsona kopuruak. Benetako ni-a zein den esaten saiatu naizen arren, ez naiz gai izan; ulertu dut maskaraz osatutako matrioxka infinituak garela, bata erantzi eta beste bat agertzen dela azpian, eta denekin bizitzen ikastea dela autentikotasunera gerturatzeko modu bakarra.

Pertsona batek gure jarrera edo maskara alda badezake, zer gertatzen ote da publiko jendetsu baten aurrean aritzen diren horiengan? Supermaskara bat behar izango dute askok, ezkutu gogor bat, itxura sendoagoa emateaz gain, babesleku ere izango dena. Identitatea edo izena aldatzea izan daiteke supermaskara horren aukeretako bat —antzezleek edo sare-sozialetako iritzi-emaileek bezala-, edo, izenik aldatu gabe, jarrera jakin bat mantentzea.

Jendaurrera atera izan naizenetan, ez dut izan ez mozorrorik, ez ezizenik, ez gorputza mugitzeko tarterik; bertsolaritzan, leku gutxi daude ezkutatzeko. Duela hilabete galdetu izan balidate, esango nuke ez dudala uste bertsotan ari naizenean rol bat jokatzen dudanik —gaiak eskatutako rolaz gain-; erantzungo nuke benetan pentsatzen dudanari lotutako diskurtsoa darabildala, eta ez dagoela alde handirik oholtza gaineko eta azpiko pertsonaren artean.

Ez nintzen gai nire publiko aurreko maskara zein zen zehazteko, erantzi behar izan nuenera arte. Publikoaren eta gure artean distantzia bat dago, eta hori fikzioak markatzen du: gai-jartzaileak beste norbaiten azalean sartzen nau, eta jada ez naiz ni —nire galbahetik pasatuko den arren-. Baina, kasualitatez, gaiak norbere bizitzako gertaera erreal bati erreferentzia egiten dionean, zer? Horrelako kasualitate batean ohartu nintzen existitzen zela ez nekien maskara bat hautsi zitzaidala, ogi birrinen moduan desegin zena. Publikoaren lorratzak ikusi nituen inork zapaldu behar ez lukeen nire lursailean.

Eta jendaurrean biluzik geratzen garela amesten dugunetan bezala, ez nuen jakin non ezkutatu nire ahulezia. Nola eutsi fikzioari, nola atera jende hura guztia nire eremutik? Orduan ikusi nuen nire oholtza gaineko maskararen funtzioa egunerokotasuneko beste maskara guztiak estaltzea dela, nire gurasoekin, bikoteekin, lagunekin darabiltzadan ni zalantzati horiek guztiak; errazagoa zaidala gai-jartzailean proposatutako pertsonaia baten azaletik ideia ziurrak kantatzea. Ahulezien eta kontraesanen defendatzaile sutsu honek bere bertsolariaren maskara behar du, ahuleziak oholtza azpian utzi ezean, ez litzatekeelako sekula gora igoko.