Igor Elordui Etxebarria
Udazkenean sartu berritan —udagoiena ere bai, mendebalde parte honetan— Benito Lertxundiren Udazken koloretan entzuten ari naizela idazten ditut berbok, hauteskunde eguneko biharamunean, heldu berri zaigun udagoienari egiten diodan ongietorri partikular gisa, eta baita hauteskundeen emaitzen harrabotsetik apur batean ihes egin nahirik. Eta ihes egiten dut, bai, baina erdizka.
Benitoren kanta aditzen dudalarik, udazken koloretan, landen lurrinak zeharkatuz, hitaz oroit eta higan nauk entzun eta gudari ibili zen aititekin akordatzen naiz, esaten zidanean, artean ume ni: “Nik ez joat ikusiko, baina hik ikusikok herri hau independiente”. Hala esaten zuen aititek, ez subirano ez kristo, in-de-pen-dien-te; azken te hori indarra emanez ahoskatzerakoan.
Gogoratzen naiz heltzen delarik bigarren estrofako zuhaitz biluziaren gerizpean orpondoa, orbelaren hilobi, horiz eta gorriz dena lokarturik, dena lokarturik, aitak ere esaten zidala oraintsura arte, aititen enfasi berarekin, gainera, baina aspaldian ez diodala halakorik entzuten.
Kantak aurrera eta Benitoren ahots sakonak aitite bezala jada gurekin ez dauden beste batzuen —beste askoren— gomuta dakarkit kantatzen duelarik eskuratu hostoa xume bezain eder, hain soila bere heriotzan, zuhaitz guztiaren bizkortasunez hain betea, non erortze honen duintasunak hiri kantatzera naraman.
Baina ez naiz ari negarrez horregatik. Kontrara. Haritz zaharrari begira irudikatzen dut neure burua, momentu batez, kanta-marmarrean: Berriro zuhaitzari so natzaiok, kezkaturik ote?… Joate askearen oparotasunean, betikotasunaren irria zirudik, irria zirudik. Gatibu naukan denborak, bere baitan egositako ametsetaz isekaz bailegoan. Iruditzen zait nik ere irri egiten dudala.
Berriro ilundu zait bekokia azken ahapaldira heldu eta entzuten dudalarik udazken koloretan, landen lurrinak zeharkatuz, hitaz oroit eta higan nauk, hain soil hire heriotzan, hain xume, adiorik gabeko partitzean“.
Amaitu da abestia, eta bueltatu naiz egunkarira, irratira, telebistara eta Internetera. Itzuli naiz harrabotsera eta bat-batekotasunera. Irakurri, entzun eta ikusi ditut ostera ere emaitzak, eta emaitzon gaineko politikarien zein bateko eta besteko analisten hausnarketak. Bada, zinez, ez dakit betikotasun udazkeneko edo udazken betikotasunezko honetatik ateratzetik parajeago ala asago gauden.
Nik ez diot nire alabari esan gura nire aititek behinola esaten zidana, eta jada aita esatera ausartzen ez dena. Nik egin egin nahi nuke, bizi eta gozatu, nire alabarekin, Euskal Herri in-de-pen-dien-te bat. Azken emaitzak ikusita, iritzia emateko aukeratik, behintzat, hurbilago geundeke orain. Negu bako udaberririk ez dago, ordea; udazkeneko betikotasun honetatik ateratzen ausartuko al dira/gara?