Nerea Ibarzabal
Pauso geldoz sartu da Ines eskolara, 10:32an. Dena dago prest argi fluoreszentedun krema koloreko geletan: hautetsontziak, izenen zerrendak, botopaperak… Mahai eta aulki berdeen ohiko ordena aldatu duten arren, eskoletan egon ohi den usain horrek —lixiba, janari eta paper usainaren arteko nahasteak— bere ume denboretara garraiatu du Ines.
Jakin-minez eta tentuz begiratu dute emakumea —eta sartzen den oro— hauteslekuko mahaietako herritarrek, gutun-azal batean proiektu politiko oso bat suntsi dezakeen bonba nuklear bat balekar bezala. Irribarretsu egin diote kasu A alderdiko apoderatuek, eta zalantzati —baina jator— agurtu dute Ines B alderdikoek ere. Bere adina eta janzkera kontuan izanda, A alderdia bozkatuko duela pentsatuko dute askok, baina Marijoren laguna ere bada, eta honen alabari gertatutakoak agian iritzia aldaraziko zion. Hori espero dute B-koek. Baina Inesek inoiz ez du ezer argi adierazi.
Ingurukoen begiradapean bere pauso herrena are herrenagoa iruditzen zaio, eta izerditzen ari zaio eskua, bastoiari hain gogor eustearren. D alderdiko mutil gazte batek laguntza eskaini dio bozen paperak egon ohi diren kabinatxoan sartzeko orduan, baina gozoki errefusatu du laguntza Inesek, esku izerdituak beste inori eman beharrik ez izateko, batik bat. Kabinan sartu eta errezel beltza itxi du. Azkenean, bakarrik.
Aldagela batean dagoela iruditu zaio une batez, ispilua izan ordez, alderdien botopaperez betetako horma bat duena; bera hobekien islatuko lukeena hautatu behar du orain. Baina, bat-batean, begirada lausotu izan balitzaio bezala, pareko paper multzoa desagertzen ikusi du Inesek. Antiojoak birritan igurtzi arren, lehengo irudia ez da itzuli. Proiekzio baten gisara, bestelako formak ikusten hasi da, erdi zorabiatuta.
Bere burua ezagutu du irudietan, bozka ematen, demokraziaren jaia hasi zenetik gaur arte. Ines langile gaztea ikusi du aurrena hautetsontzira bidean; Ines bi umeren amak bozkatu du beranduago, arduratsu eta arduratu; Ines Marijoren laguna ere agertzen da, eta semea polizia batekin ezkondu zaion Ines ere bai. Bozkatu ez duen Ines eta bozkatzeaz damutu den Ines ere hor daude. Irudi-jasa berriro lausotu, eta bere egungo aurpegia ikusi du parean islatuta, zimurtua bezain nekatua, gehiegitan galdu duenaren keinuarekin. Beste behin ezabatu da irudia, eta etorkizuna ageri zaio orain begi bistan: hauteskundeen biharamuna eta datozen legealdi guztiak kamera bizkorrean.
Sekulako ilara sortu da kabina aurrean. 35 minutu igaro dira emakume nagusia sartu denetik, eta jendea marmarka dabil honezkero, azkenean andrazko batek, zakarki, errezela albo batera egin duen arte. Baina kabina hutsik dago. Lurrera eroritako bastoia eta jaka gris bat baino ez dira ageri. Herritarrek elkarri begiratu, eta, jaka hankarekin bazter batera botata, bozkatzen jarraitu dute, A, B eta D alderdietakoak irribarretsu agurtuz, edo ez.