Norberarena delako

Norberarena delako

Aitziber Laskibar Lizarribar

Askori asago dauden berbetak iruditu arren, paraje daude; alegia, urrun dauden hitzak diruditen arren, hurbilekoak dira, bertakoak. Bi adibide dira asago eta paraje, Bizkaiko zenbait txokotan gaur egun erabiltzen diren eta gainerako herrietan ezezagun direnak. Asko dira halakoak Bizkaian; eremu batzuetan, batez ere. “Euskara oso diaktelizatua dagoen hizkuntza da, eta euskalki bereziak bazterrekoak dira: zuberotarra eta mendebaldekoa”, azaldu du Koldo Zuazo hizkuntzalariak. Hain zuzen, Uribe Kostako hizkera da, Zuazoren hitzetan, Euskal Herriko euskalkirik “bereziena”.

Horixe aztertu du hizkuntzalariak, beste irakasle batekin: Urtzi Goiti leioaztarrarekin. Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Plentzia, Gorliz, Lemoiz eta Urdulizko hizkera ikertu dute. Mungialdeko Gatika, Jatabe eta Laukizko euskarak ere Uribe Kostakoaren ezaugarri berak dituela ikusi dute; eta Txorierriko Leioa, Erandio eta Loiun ere berezitasun berberak daudela. Hartara, ikerketarako eremua zabaldu, eta hiru eskualde horietako euskararen inguruko lana egin dute.

Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara liburuan batu dute emaitza, hiru ataletan banatuta. Gramatika, sintaxi eta fonologia aldetik dituen ezaugarriak bildu dituzte lehen atalean, eta hiztegi mardul bat jaso dute ondoren. Eremu horietan erabiltzen diren 572 berba aukeratu, eta horien esanahia, erabilera eremua eta adibideak bildu dituzte. Ondorioak eta eskualdekako ezaugarrien bilduma du azken atalak. 189 orriko lan mardula da emaitza, argitaratu berri dena.

Euskararen aberastasuna erakutsi nahi dute, horrela, egileek. Euskalkiak ezagutarazi, eta erabilera bultzatu. Izan ere, jasotako berba horietako asko bere eremuan bizi-bizi badaude ere, galtzear dira asko. “Geure berbak erreibindikatzen ditugu”, esan du Zuazok aurkezpenean; “ez besteak baino politagoak edo aberatsagoak direlako, ez bada eze geureak direlako”.