Igor Elordui Etxebarria
Diru gabeko jauna, mihi gabeko kanpaia. Euskaltegien matrikulazio-kanpainan gaude bete-betean, eta gaur bertan, oraintxe bertan, zientoka herrikide ariko da euskaltegiren batean izena ematen, euskara ikasteko ahalegina egiteko prestatzen, begiratzen… Aldi berean, ariko dira euskara-irakasleak ikasle ohiei deika, denda eta tabernetan esku-orriak banatzen, buzoietan propaganda uzten… Euskal Herrian milaka eta milaka lagun daude gure hizkuntza ikasi guran edo beharrean, eta —onartuko didazue keinutxoa— behar afektiboaz ari naiz, batez ere. Mitinetara joango diren guztiak batuta ere! Panel ofizialik ez, ordea, euskaltegietako kartelak inkatzeko; doako publizitate-saiorik ez euskaltegien eskaintza zabala ezagutarazteko.
Kanpaiak mezetara deitzen, bera ez joaten. Anjel Lertxundik idatzi zuen Kanpai(n)a-hotsei buruz BERRIAn pasa den domekan, Orixeren Urte guziko meza-bezperak liburuko hitzaurretik. Honela amaitzen zuen zutabea: “Seguru ere ez dugu nahi adina euskara entzungo plazetan, baina hipokrisiarik gabeko gaitz erdi politikariek kanpainan egingo duten euskara egiten badute legealdi osoko lau urtetan”. Bada, aurten, bost hautagai nagusietatik lau euskaldunak dira (ergatiboa gorabehera). Halere, hauteskunde-kanpainan euskararen gaia ez dago, nola esaten dute, zentralitatean? Hautagai batek darabil bere diskurtsoetan euskararen gaia gehien (ergatiboa gorabehera), eta ez hain zuzen ere euskararen aldeko apologia egiteko. Oharkabean pasa ez dadin, erabili aditzaren trinkoa beren beregi darabilt neuk ere.
Nolako kanpaia, halako soinua. Alderdien webguneetara jo dut, euskarari edota hizkuntz-politikari buruz programetan zer dioten atzemateko. Kenduta EAJ eta EH Bildu, errespetu gutxi erakusten dute gainontzeko alderdiek euskararekiko, beraien webgunean, behintzat, euskarazko bertsioa eduki arren programa gazteleraz baino ez baitago (behintzat webgunean). Are asaldagarriagoa da PPren kasuan, zeinaren kasuan zuzenean programaren atala agertu ere ez den egiten euskarazkoan. Eta, azaleko irakurraldian, esango nuke atalen izenburuek laburbiltzen dutela ondoen bakoitzak nola ulertzen duen euskararen gaia: euskara eta hizkuntza bizikidetza EAJrentzat; etorkizuneko herria EH Bildurentzat; derechos lingüísticos Ahal Dugu-rentzat; cultura para la convivencia PSE-EErentzat; eta cultura y deporte PPrentzat.
Ohartxo bat, amaitzeko, euskaltegien kanpainara itzulita. Bai EAJk (B2 mailara arte, bederen), bai EH Bilduk eta bai Ahal Dugu-k euskararen ikasketan pertsona helduentzako doakotasunaren alde egiten dute. Datorren ikasturteko matrikulazio-kanpai(n)ak beste soinu bat eduki beharko luke, beraz, zeren eta Kanpairik entzun nahi ez duenak sokatik ez tira baitio beste (azken) atsotitzak.
Post scriptum: zutabea idatzi eta gerokoa da PSE-EEren bideoaren afera. Azken iruzkina, beraz, dagokionaren baimenarekin: bideoko herritar elebakarrari leku bakarra geratu zaio bisitatzeko. Euskaltegia.