Eider Mugartegi
Lekeitio eta inguruko herrietako 47 familia premiazko elikagairik barik gera daitezke une batetik bestera. Elikagai bankutik jaso izan dute azken bi urteetan falta zutena, baina, irtenbiderik aurkitu ezean, elikagai bankurik barik geratzeko zorian dago Lekeitio.
Herriko mojek herentzia bidez jaso zuten lokal batean egon da orain arte Lekeitioko elikagai bankua. Orain, baina, etxebizitzak eraikiko dituzte bertan, eta lokala utzi beharrean daude. Arazoaren erantzunak, gainera, berehalakoa izan behar du. Abendua jarri diete epemuga modura handik irteteko.
Gaur egun, 124 pertsonari ematen dio jaten Marisol Iturraspe lekeitiarraren ekimenez sortutako Lekeitioko elikagai bankuak. 31 ume daude familia horietan, hiru jaioberri tartean. Eta eskaria gehituz doa, apurka-apurka.
Urte honen hasieran, esaterako, 99 pertsonari laguntzen zieten, eta, bederatzi hilabetean, 124ra igo da kopurua. 40 familiari banatzen zizkieten elikagaiak, eta, orain, 47ri ematen diete zerbitzua. Hori guzti hori, gutxi gorabehera 7.230 biztanle dituen herri batean.
“Lekeitio bezalako herri batean ematen du ez dela egongo premiarik, baina egon badago”, dio Iturraspek. Zehaztu duenez, gainera, laguntza bila datozenak ez dira soilik etorkinak, askok uste duten modura. “Bertokoak daude tartean, lekeitiarrak”, nabarmendu du. Uste dute badirela egoera txarrean egon arren laguntza eske ez doazenak ere, “beste herritarrek esango dutenaren beldurrez”.
Pertsona bakarreko familiak, bi, hiru, lau edo bost lagunekoak, bananduak, langabezian daudenak… egoera ezberdinetan daudenek jotzen dute elikagai bankura jatekoa eskuratzera. “Lanean ari direnak ere badaude laguntzen ditugunen artean. Jasotzen duten soldata murritza ez da nahikoa familia bati eutsi eta edukitzen diren gastu guztiak ordaindu ahal izateko: argia, ura, etxebizitza… Horiek ere elikagaien bankura jo behar izan dute bizirik irauteko”.
Premiari erantzunez
Caritasen ere aritzen da Marisol Iturraspe. Bertan ematen duten laguntza amaitzean familiak oraindik laguntza eske etortzen zirela ikusi zuen; batez ere janaria lortzeko txartelen eske joaten zirela. Hori dela eta, buruan bueltaka zebilkion kezka horri konponbidea eman nahian, Lekeitioko Dominika mojekin batu zen. Mojen bidez Ondarroako elikagai bankuaz arduratzen den Danen Artin elkartearekin harremanetan jarri, eta Lekeition elikagai bankua martxan jartzeko prest agertu zen Iturraspe. “Ondarroan talde handia dago, eta lan asko egiten dute. Buruaskiak dira, Basauriko elikagai bankuko egoitza nagusitik janaririk ere ez dute hartzen askotan. Kanpainak egiten dituzte, eta banketxe baten eta udalaren laguntza ere badute”.
Marisol Iturraspe eginkizun horretan bakarrik zegoenez, Ondarroako taldean sartu eta beste adar bat sortzea erabaki zuten: Lekeitioko Familiak.
Martxan hasi bezain laster, inguruko herrietan ere premia zegoela esan zion Lea Ibarrako gizarte langileak, eta Lekeitioko familiei, Ispasterko, Aulestiko eta Munitibarko familiak ere batu zitzaizkien.
Lehenengo lana lokala aurkitzea izan zuen. Mojekin, fraideekin eta Caritasekoekin ere ahalegina egin zuen. Hara eta hona zebilela, herriko eraikitzaile batek deitu zion, eta mojekin bilera egin zuten. Horrela, mojek Lekeitioko Tala alderantz hutsik zeukaten lokal polit bat lortu zuten. “Ez zegoen egoera on-onean, baina, arotzari deitu, atea zarratzeko modura jarri, sarrerako atea konpondu, eta martxan hasi ginen”.
Urtebete inguruan, senarraren laguntzagaz egin zuen aurrera. Hilean behin Basauritik jasotzen zuten jatekoa hartu, eta lokal barrura sartzen ibiltzen ziren. “Alboko biltegiko mutilak ere laguntasuna eskaini digu, paletak lokalean sartzen”, dio.
Basauriko egoitza nagusitik heltzen zen janaria, hala ere, ez zen nahikoa horrenbeste familiarentzat. Hala, mojei laguntzeko bilketa bat egin zuten Nere Jauregirekin, ahizparekin eta lagunekin harremanetan jarri, eta elikagai bankuaren proiektura batu zituen. Joan den udan egin zuten lehen janari bilketa: erdia mojentzat, eta erdia bankurako. Horrela, jasotako guztiagaz, ondo ibili dira denbora batean. “Kaxak bete ditugu, behinik behin”.
Ate-joka berriz ere
Hilean behin egiten dute janarien banaketa hartzaileen artean; joan den astean azkena. Eta aurreratu dute argindarra duen lokal bat lortuz gero izozkailuak jarrita berdura eta okela ere ematen hasi ahalko direla. Baina ez dakite noiz arte jarraitu ahalko duten. Nahiz irailerako aurreikusita zegoen irteera bi hilabetez atzeratu, abendua gainean daukate, eta ate-joka hasi dira, berriz ere, lokal eske.
Lekeitioko Udalera ere jo dute, beste batzuen artean, konponbide bila, eta aukera ezberdinak aztertzen hasi dira. Hala ere, elikagaien paletak sartu ahal izateko, eskailera gabeko lokal bat behar dute, materiala erraz sartzeko modukoa. “Irtenbide bat aurkitu ezean, ezin izango dugu aurrera jarraitu”, diote Marisol Iturraspek eta Nere Jauregik, penaz. “Pozik hartzen duten premiazko elikagai barik geratuko dira familiak”.
Gizarte zerbitzuetako ordezkariei ere jenderik ez bidaltzeko eskatu diote jada. “Egoera ikusita, ditugun familiei ere agian ez diegula laguntza gehiago emango esan beharko diegu-eta egun batetik bestera”. Hala, gehienetan alderantziz izaten bada ere, besteen alde borondatez lan egiteko prest dagoen jendea badago Lekeition; lokala da falta zaiena.