Bukaera emateko abiapuntua

Bukaera emateko abiapuntua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gero eta hurbilago ikusten dute Usansoloko bizilagunek Bizkaiko 113. udalerri bihurtzea. Hamarkadak daramatzate Galdakaoko auzo izateari utzi eta udalerri bihurtzeko eskakizunean. Eta badirudi eskaera horri heldu eta auzia konpontzeko erabakia hartu duela Galdakaoko Udalak. Desanexioa ahalbidetuko lukeen bide orria aurkeztu zuen uztail bukaeran Ibon Uribe alkate jeltzaleak. Hilabete honetan hasiko dute prozesua, eta bi urteko epean herri bihur liteke Usansolo. Mende laurden daramate auzokideek sezesioaren eskaerarekin, eta auziari behin betiko amaiera emateko abiapuntua izan liteke adostu den bide orria.

Alkatetzak aurkeztu du ibilbide orria. Baina agiriaren lehen bertsioa UH Usansolo Herria plataformako kideek egin zutela azaldu du Monika Menak, taldeko kideak. Iazko urrian izan zen hori, eta, alderdi gehienei aurkeztu ondoren, EAJren aldetik beste proposamen bat jaso zutela azaldu du. “Udalarekin zazpi bilera egin ditugu ordutik, proposamen bateratu bat adosteko. Baina azken hilabeteetan ez dugu beste berririk eduki”. Ustekabean hartu dute horregatik UHko kideek Galdakaoko alkateak proposatutako bide orria.

Edonola ere, baikor hartu dute agiria, eta, udalarekin izan dituzten hartu-emanetan hitzartutakoa eta orain alkatetzak proposatu duena ezberdina bada ere, lanerako gogoz daudela azaldu du Menak. “Gauzak ondo egin nahi ditugu. Prozesu justua, parte hartzailea eta objektiboa izatea nahi dugu, eta ez dugu pentsatu nahi proposamenaren atzean asmo maltzurra dagoela. Ibilbide orri adostu bat izatea oso garrantzitsua da guretzat. Usansolo prest dago, eta helburua lortu arte lanean jarraituko du”.

Hiru dira Usansoloren etorkizunari buruzko auziari heltzeko alkateak proposatu dituen urratsak. Bat: batzorde paritarioa osatzea. Hilabete honetan zehar egingo dute hori, eta aurrerantzean egin beharreko urratsak zehaztea izango da batzordeak izango duen lan nagusia. Bi: bitariko taldea osatzea. Iazko maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitzen arabera, Usansoloko hiru ordezkarik eta udaleko beste hiru ordezkarik osatuko dute batzorde hori.

Foru ordezkari bi ere izango dira batzordean, eta foru arauak zehazten dituen txostenak egin beharko dituzte mahai horretan, sei hilabeteko epean. Usansoloren lurralde mugak zeintzuk diren zehaztu behar dute, batetik. Eta, sezesioa gertatuko balitz, auzoaren bideragarritasun ekonomikoa eta udal zerbitzuen egoera zein den aztertu beharko litzateke, bestetik. Azterketa guztiak udaleko osoko bilkuran onartu eta aldundira eramatea da egin beharreko azken urratsa. Bizkaiko Batzar Nagusiek prozesua onartu ondoren, legezko baldintza guztiak dituen galdeketarekin bukatuko litzateke prozesua. PPk izan ezik, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek babestu dute proposamena.

Mugak, ezbaian

Bigarren urratsa da konplexuena. Usansoloren lur eremua zein den zehaztu eta bideragarritasuna aztertzea, alegia. Labea eremua da gakoa. Ospitalea dago lurralde horietan, eta herriko diru kutxan eragin handia du zerbitzuak. Gainontzeko eremuekin ez da aparteko arazorik espero, beste udalerri batzuk baitira Usansoloren mugak zehazten dituztenak: Zaratamo, Zeberio eta Bedia, alegia. Udalak proposatutako bide orriaren arabera, lurraldea zedarriztatu behar da lehenik, eta, gero, azterketa sozioekonomikoak egin. Usansolo Herria plataformako kidearen arabera, mugak non jarri zehaztu aurretik egin beharko lirateke azterketak, eta ez alderantziz. “Usansoloren mugak prozesuan zehar zehaztu behar dira, eta ez prozesuaren hasieran. Ikerketek lagunduko dute hori guztia argitzen”.

Foru arauak zehazten dituzten urratsak dira horiek. Iaz aldatu zuten legea, Usansoloko herritarrek egindako presioaren ondorioz. Moldaketa hori gabe ezinezkoa izango zuen Usansolok bide propioa egitea. Izan ere, 2012ko legeak Bizkaian diren 112 herriez gain besterik sortzea eragozten zuen —Usansolokoa zen kasu bakarra—. Eta auzia konpondu eta sezesio prozesua ahalbidetzeko baldintzak adostu zituen Batzar Nagusietan iaz legean egindako moldaketetan. Gaiari buruz herritarrak galdeketetara deitzeko aukera ere jasotzen du arau berriak. Eta udalerri bihurtu nahi duen guneak bete beharreko ezaugarriak jasotzen ditu: gutxienez 2.500 biztanle izatea, ekonomikoki eta zerbitzuen aldetik “jasangarria” izatea.

Bukaera, gero eta hurbilago

Prozesuak aurrera eginez gero, bi urteren buruan hirugarren aldiz emango lukete usansolotarrek etorkizunari buruzko botoa, azken 25 urteetan bi aldiz egin baitute galdeketa auzoan. 1987ko azaroan egin zuten lehen aldiz, eta bizilagunen %85 Galdakaotik bereiztearen alde azaldu ziren. Herri bideragarria izango litzatekeen jakiteko ikerketa sozioekonomikoa egin zezala eskatu zion Galdakaoko Udalak aldundiari orduan, eta, Hiri Lur aholkularitza enpresak egindako azterlanen arabera, bideragarria litzake. Horri erantzuteko kudeaketa batzordea sortu zuen udalak. Baina 1991n EAJk beste ikerketa bat aurkeztu zuen, esaten zuena egitasmoa ez zela bideragarria. Eten egin zen sezesiorako prozesua. Eta horri erantzunez sortu zen, hain zuzen, Usansolo Herria plataforma 2011n. 1.593 boto lortu zituen urte berean egin ziren udal hauteskundeetan, Usansolon erroldatutako herritarren %62,5, alegia.

2014ko azaroan egin zuten bigarren erreferenduma. Auzotarren %73k eman zuten botoa. Eta horietako %90 agertu ziren udalerri bihurtzeko aukeraren alde. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa batek baieztatu zuen udalerri bilakatuko balitz ekonomikoki bideragarria izango litzatekeela Usansolo. Eta Galdakaok ere kaudimena eta funtzionamendua mantenduko luke.