Natalia Salazar Orbe
Zenbaki hotzak ez ezik, indarkeria matxista eta sexu erasoei buruzko kontaketa eta salaketa latz eta gordinak ere utzi dituzte udako azken bi hilek. Erasoei aurre egiteko indarrak herritarren erantzun irmoa ere atera du kalera. Eta pozgarritzat jo dute hori, besteak beste, Bilboko konpartsek. Herri erantzuna eta autodefentsa feminista jo dituzte giltzarritzat gizartearen gaitz horren kontra egiteko.
Aste Nagusiko festa giroa baliatu dute, berriz ere, hainbat erasotzailek. Aurten, emakumeek bakarrik ez daudela sentitu dute, bederen. Zortzi salaketa egin dituzte jaietan. Iaz, hiru izan ziren. Azken erasoa jaietako azken egunean gertatu zen. Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean, andre bati sexu erasoa egin eta haren bikotekidea jipoitzea egotzita. Ihesean atera zen, baina lekuko baten laguntzari esker harrapatu zuten.
Txurdinaga auzoan, emakume adingabe bati egin zioten eraso. Ez dago kasu horri buruzko xehetasun gehiagorik.
Solokoetxen, herritar batzuek uxatu zuten emakume bati jazartzen ari zitzaion erasotzailea. Joan den ostiralean gertatu zen. Egun bat lehenago, egun argiz, ukituak egin zizkion gizonezko batek beste andre bati, Zazpikaleetan.
Bestalde, bi gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak Areatzako txosnetan zeuden 20 urteko hiru emakumeri ukituak egitea leporatuta. Eta, jaietako lehenengo igandean, sexu erasoa egin zioten beste emakume bati Arriaga antzokiaren atzealdean.
Bilbon, uztailean ere izan ziren era horretako gertakari gehiago. Hil hasieran, 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, sexu abusua, kalteak eta objektu arriskutsu batekin lesioak egitea leporatuta. Taberna batean zeuden bi emakumeri poltsa lapurtzen saiatu zen. Andreak jabetu egin ziren, eta, orduan, erasotzaileak ukituak egin zizkien. Haren jarrera kritikatu zuten, eta gizonezkoak edalontzi bat hartu zuen, eta haietariko bati aurpegian jotzen saiatu zen.
Hilketa bat
Festa giroaz kanpo ere hainbat indarkeria kasu gertatu dira. Larriena jai eremuetatik at gertatu zen, uztailean. Gizonezko bat atxilotu zuten Bilbon, haren bikotekidea etxean hilik agertu eta egun batzuetara. Indarkeria zantzuak zituen andreak. Epaileak espetxera bidali zuen 49 urteko atxilotua abuztuaren hasieran.
Bestalde, erasoen larritasuna neurtuta, kasu batzuetan izaten den babesgabetasuna kritikatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Durangon bi eraso izan ziren asteburuan. Emakume gazte batek salatu du norbait segika antzeman zuela. Gizonezko bat atzetik izan zuen herriko hainbat kaletan. Hitzez jazarri ostean, dirua eskaini zion. Andreak ihes egin zuen. Legeak ez du eraso hori genero indarkeria gisa ulertzen. Hala salatu du kontseiluak: “Emakume izateagatik bizi ditugun gure ongizatearen aurkako eraso guztiak izan beharko lirateke genero indarkeria bezala ulertuak”. Beste erasoa tren geltokiaren ondoan gertatu zen, hilaren 21ean, goizean goiz. Emakumeak aurre egin zion erasotzaileari. Igandean atxilotu zuten 24 urteko gizona.
Hogei salaketa ofizial inguru
Asko eta asko izan dira salaketak. Zenbaki ofizialen arabera, hogei inguru. Datu horietatik kanpo geratuko zenik ere izango da, ordea. Hiriburutik kanpo, hainbat herri izan dira erasoen agertoki azken asteotan. Getxon bi gertatu dira: bata, Portuzaharreko festetan; eta, bestea, paellen ospakizunean, Aixerrotan. Lehenengoa gauzatu zuen erasotzailea atxilotu egin zuen Udaltzaingoak, herritar batek biktima defendatu ostean.
Portugaleteko jaiak ere ez dira alde ilun horrez libratu: abuztuaren 17tik 18rako goizaldean, eraso bat izan zen Florida parkean.
Sopelan, herritar batek nora ezean aurkitu zuen andre bat. Zerbait “arraroa” sumatu zionez, Ertzaintzari deitu zion. Poliziekin zegoela, sexu eraso bat jasan zuela azaldu zien andrazkoak. Salaketa jarri zuen.
Basaurin, ezagun bat izan zuen erasotzaile emakume batek abuztu hasieran; etxean bertan. 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, emakumeak sexu harremanak izateari uko egin ostean eraso egin ziolako. Bortxaz bota zuen lurrera, eta ukituak egin zizkion. Indarkeria zantzuekin artatu zuten ospitalean. Emakumearenganako urruntze agindua ezarri zion epaileak.
Andre bat sexu harremanak izatera derrigortu zuen gizonezko batek Gernika-Lumon, uztailean. Hala salatu zuen andreak ertzainen aurrean. Atxilotu egin zuten 28 urteko gizonezkoa. Epaileak astero epaitegian aurkezteko betebeharra ezarri zion.
Gazteak dira erasotzaileetako asko eta asko. Bilgune Feministako kide Maider Gonzalezek arazoaren gakoa azaldu zion Bizkaiko Hitza-ri. Erasorik ez izatea bada helburua, erroetara jo behar da, eta ez ondorioetara: “Prebentzioan hutsune handia dago”.