Igor Elordui Etxebarria
Malenkoniaren eraginez izango da, agian, bukaerara heltzen ari direlako, baina beti izaten dut sentsazio bera. Alegia, ametsak bezalakoak direla udako oporraldiak. Bidaiatzen dugunean, mendiko bide-xidorretan galtzen garenean, itsasoko, igerilekuko edota erreketako uretan blaitzen garenean, jaietan murgiltzen garenean… zelanbait, irudiz, soinuz, pentsamenduz eta sentsazioz osaturiko errealitate ia-ia birtual batean sartzen gara. Ametsekin bezala. Eta beharrezkoak ditugu, ametsak bezala.
Abuztu baten hondarrean, hain zuzen ere, duela berrogeita hamahiru urte, Martin Luther Kingek bere ametsaren berri eman zuen beltzen askatasunaren aldeko Washingtonerako martxaren (March of Washington for Jobs and Freedom) amaierako diskurtsoan: “Amets bat dut” (I have a dream).
Honela hasi zen egun hartako hitzaldia (eskerrik asko, Wikipedia): “Badakit hona etorri zareten batzuek proba eta ezbehar handiei aurre egin behar izan diezuela. Badakit, halaber, kartzelako gela estuetatik atera berriak zaretela batzuk. Askatasunaren bila ibili ondoren, jazarpenaren ekaitzak astindu eta polizien basakeriaren haizeak eraitsi dituen tokietatik etorri zarete zuetako batzuk. Sufrimendu sortzailearen beteranoak zarete zuek. Jarraitu lanean eta ziur egon merezi gabeko sufrimendua askatzailea dela. Ez dugu iraulkatu behar etsipenaren haranean. Lagun maiteok, gaur esaten dizuet, une honetako zailtasunak zailtasun, nik oraindik badudala amets bat”.
Ez al zaizue iruditzen hitzaldi ospetsu haren sarrerak berdin-berdin balio lezakeela, mende erdia pasatxo, Europako txoko txiki honetako egungo testuinguruan?
Gu ez gara estatubatuarrak, ez gara (nagusiki) beltzak, eta ni ez naiz Martin Luther King, hori argi dago. Gu euskaldunak gara, Pirinioen alde bietan hedatzen den herri txiki indigena baten ondorengoak, eta ni herri horretarako hizkuntza irakasten saiatzen den herritar xume bat baino ez, tarteka zutabe honetan bere burutazioak partekatzeko aukera eman diotena.
Bada, nik amets bat eduki dut, eta nire ametsean euskaldunak (euskalduntasunaren zentzu zabalenean) herri aske bat gara. Independenteak. Zeren eta, bidenabar, zer da subiranotasun konpartituaren kontu hori? Norekin konpartitua? Espainiarekin? Frantziarekin? Nik subiranotasuna herrikideekin konpartitu gura dut, ez inongo estaturekin. Garrantzitsuena ez da zer garen (edo zer ginen), zer izan nahi dugun baizik.
Nire ametsean euskaraz egiten dugu berba. Halere, badakigu gazteleraz zein frantsesez (eta ingelesez!), eta nahieran erabiltzen ditugu. Ostera, ez dago armadarik, ez dago prekaritaterik, ez dago debekurik… Baina horrenbeste gauza dira desberdinak nire ametsean!
Martin Luther Kingen esaldiak bere ametsa laburbiltzen zuen: “Etorkizun oparo bat non neska-mutil zuri zein beltz, berdintasunean, askatasunean eta justizian biziko diren”. Nik nirea honela laburbil dezaket: jende zoriontsua herri libre batean.