Natalia Salazar Orbe
Iazko arrakastaren ostean, indartuta eta berrituta iritsi da, aurten, Mundaka Festival: The Basque Music & Cook Fesival. Musika da, zalantzarik gabe, jaialdi horretako jaki nagusia. Hura du ardatz. Baina kirola eta gastronomiaren eskutik aurkeztu dituzte paraje ikusgarri batean taularatuko dituzten musika saio horiek. Hala laburbildu dute jaialdiaren antolatzaileek eurek topaketa bitxi hori: “Bertako zein nazioarteko eszena musikalaren eta gastronomiaren onena inguru paregabean uztartzen dituen jaialdi bat da. Gertakizun gozoa, hurbila, desberdina, jasangarria, berdea… liluragarria. Esperientzia paregabea leku paregabean”.
Izan ere, asko idatzi da bertako eta nazioarteko taldeek kontzertuak eskainiko dituzten agertokiari buruz. Santa Katalina penintsula: itsasoari begira kokatuta, magiaz betetako eremua da. Ogoño lurmuturra alde batean, Izaro uhartea atzean, eta itsasoa parez pare izango dituzte hara jotzen dutenek.
Atzo Mocker’s, Sunset Sons, Nik West eta The Sheepdogs taldeek eskainitako ikuskizunaren ostean, gaurko egitaraua ere indarrez beteta iritsiko da: Berri Txarrak, Danko Jones, Capsula eta Aurora & The Betrayers taldeen doinuek astinduko dituzte Santa Katalinako txokoak. 05:00etara arte izango da festa; ordu horretan itxiko dute eremua.
Gauza bera gertatuko da bihar ere. Los Enemigos, St Paul eta Mamba Beat taldeak bertatik bertara ikusteko aukera izango da. DJ Dark eta DJ Goo izango dira gaurko eta biharko gauei bukaera emateko arduradunak.
Gastronomiak leku handia hartuko du jaialdian. Ez Santa Katalinan bertan; bai, ordea, kanpoko agenda deitu dioten horretan. Hala, bertako produktuen erakusketarako eta salmentarako txokoa zabalduko du Urdaibaiko Esentziak azokak.
Hainbat marka eta produkturen eskutik antolatutako dastaketek bertako produktuak ezagutarazteko bidea zabalduko dute. Euskal okela, Gernikako piperrak, hegaluzea eta kafea izango dira aukeran jaialdiak iraungo duen egunetan.
Sukaldaritza erakustaldiek ikusle ugari erakarriko dituzte. Kontuan hartu behar da-eta puntako sukaldariak izango dituztela atzean: Basque Culinary Centerren eta Azurmendiren jaki landuak lortzeko prozesua zer-nolakoa den erakutsiko dute denen aurrean. Hala ere, egunotan ariko dira besterik ere lan horretan: Ortutik Ahora catering ekologikoari egokituko zaio gaur bere trebezia erakustea. Haien antzera, Musutruk tabernak, Zallo Barri jatetxeak, Itsasmendi upategiak eta Zallo kontserba enpresak ere izango dute lekua.
Bertako tabernek ere izango dute sormena eta ahalmena erakusteko aukera. Iaz izandako arrakasta ikusita, pintxo lehiaketa antolatu dute aurten ere. Basque Culinary Centerrek aukeratuko du herriko onena.
Santa Katalina penintsulatik kanpo ere izango da musikarik aurten. Last Fear Deal eta Leun taldeek kontzertua emango dute igandean.
Umeak protagonista
Hala ere, aurtengo jaialdiaren berritasunen artean, umeentzat antolatu dituzten jarduerak dira nabarmenenak, zalantzarik gabe. Mundakids izenburupean, eskaintza handia zabaldu dute haientzat. Gastronomia tailerretan ikasi eta jolasteaz gain, musikarekin eta teknologiarekin esperimentatzeko tartea ere badute. Talaian prestatu dituzte jarduera horiek.
Teknologia berriak musika tresna klasikoekin eta hardware analogikoarekin elkartzen dituen ikerketa landuko dute tailer horietako batean. Soinuak nola sortu eta transformatzen diren ulertzea da haren helburua. Hala, hori ulertuta, melodiak eta erritmoak sortzeko gai izango dira parte hartzaileak. Txapa tailerra ere prestatu dute. Eta, gastronomiarekin lotuta, gaileta eta gominola tailerretan parte hartu ahalko dute.
Jakin beharrekoak
Kontzertuetarako sarrerak erosten dituztenek zenbait argibide jakin behar dituzte. Hiru egunetarako sarrerak eskuratu dituztenek posible izango dute eskumuturrekoarekin eremu horretatik atera eta berriz ere sartzea. Eguneko sarrera dutenek, ordea, sartu besterik ezin izango dute egin; beraz, handik ateratzen direnak ezin izango dira berriro sartu.
Hiru eguneko jaialdia dakar Mundaka Festival jaialdiak, agertoki ikusgarri batean. Musika eskaintza zabala paisaia zoragarri batean: surfaren hiriburuetako batean. Eta era horretako jaialdietan normalean izaten ez den jateko eskaintzarekin.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
mundakafestival.eus