“Lur emankorrak izatea bermatzeko modua da nekazaritza ekologikoa”

“Lur emankorrak izatea bermatzeko modua da nekazaritza ekologikoa”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Elikagai ekologikoen fakturazioa %84 handitu da 2013tik. Gora doan kontsumo eredua dela badaki ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakari Roman Bengoak (Abadiño, 1959). Baina, hala ere, aldaketa astiroegi doala dio, eta kontzientziak piztu nahi ditu. Horretarako erakusketa ireki berri du elkarteak Zornotzako Jauregibarria baserrian.

Nekazaritza ekologikoaren erakusketa iraunkorra zabaldu duzue Zornotzan. Zer da?

Informazio gune bat da nekazaritza ekologikoaren ingurukoa. Bertan azalduko dugu zein ezaugarri dituen nekazaritza ekologikoak, zergatik estimatu behar dugun eta kontutan izan behar dugun baserritarrek hartzen duten konpromisoa nekazaritza eredu hori aurrera ateratzeko.

Ez gara duen garrantziaz konturatzen?

Ez. Badaude ezagutzen eta baloratzen duten kontsumitzaileak, baina oraindik oso gutxi gara.

Zer da horren garrantzitsu egiten duena?

Batez ere, lurraren emankortasuna belaunaldi batetik bestera bermatuko duela. Gure hurrengoek ere elikagaiak ekoizteko lur emankorrak izango dituztela bermatzeko modua da.

Gaur egungo ereduarekin hori ez dago bermatuta?

Ez. Gainera, ikusten ari gara elikagaiak ekoizteko gero eta sistema artifizialagoak erabiltzen direla; gaur egun ez da lurra ere behar elikagaiak ekoizteko.

Nola jardun behar litzateke iraunkortasun horri begira?

Gure lurrak ongarriztatzeko erabiltzen diren kanpoko baliabide asko petrolioaren deribatuak dira, adibidez. Landare batek fruitua ematen digunean lurretik ongarri edo nutriente batzuk ateratzen ari da, eta horiek lurrari bueltatu behar zaizkio. Hori petrolioaren deribatu diren abonuen bitartez egiten badugu, ez dugu sistema jasangarri bat mantentzen; kutsadura arazoak sortuko ditugu. Kontuan hartu abono zakuak 15-15-15 jartzen duenean, landareak hartuko dituen ehunekoei buruz ari dela; ongarri horretatik zenbat nitrogeno, fosforo eta potasio hartuko duen landareak. Batuketak, kasu horretan adibidez, %45 ematen du. Horrek esan nahi du abono horrek bestelako gauza asko dauzkala lurrean geratuko direnak; ez dituenak landareak hartuko eta lurra kutsatuko dutenak. Fitosanitarioez ere hitz egin dezakegu; nola egiten diegun aurre landareen gaixotasunei. Guk ez ditugu fitosanitario sintetikoak onartzen. Salbuespenen bat badugu, baina tradizioz ditugun landare batzuk aurrera ateratzeko beste modurik ez daukagulako da. Hori da tomateen kasua. Hemengo eguraldiarekin zaila da tomatea ekoiztea, eta kobrea erabiltzen da.

Alegia, lurrak berak baduela sistema oso bat ez dena errespetatzen eta horri begiratu behar zaiola gehiago?

Badaude landaketa batzuk berez bertokoak ez direnak eta gure baldintzetan nahiko gaizki garatzen direnak. Kontua da oso komertzialak direla eta orduan hemen saiatzen garela ekoizten. Kasu argia da tomatearena. Tomate ekologikoa badago, eta oso ona. Baina ekoizpen kantitatea oso-oso txikia da, gure klima ez delako egokia. Orduan, ez badugu oso sistema artifiziala erabiltzen ekoizteko, ez da errentagarria. Ekologikoaren kasuan, landaketa hori negutegian egiten da, plastikoen pean. Aire librean ere egiten da zerbait, baina oso ekoizpen txikiak dira, eta orduan, prezioa ere ez da berdina. Edozein kasutan, estrategia ekologikoa biodibertsitatea da. Baserriko jendeak badaki urte guztiak ez direla berdinak; landaketa batzuk urte batzuetan oso ondo joaten dira eta beste batzuk oso gaizki. Beraz, ahalik eta landare mota desberdinenak landu behar dira eta dibertsitate hori aprobetxatu. Lurrak esango digu urte bakoitza zeren urtea izan den: patata urtea, tomate urtea edo porru urtea. Ezin dugu saiatu beti nahi dugun dena lortzen, baldintzak egokiak ez izan arren.

Azken urteetan areagotzen ari da produktu ekologikoen kontsumoa. Kontzientzia hartzen ari dira herritarrak?

Oso motel. Kontsumo taldeak ugaritu dira azken urteetan eta dauden taldeetan kide kopuruak gora egin du. Euskadi mailako Ekokontsumo federazioan batzen dira kasik hiru mila familia elikagai ekologikoak kontsumitzen dituztenak. Baina motel doa. Salmenta toki handietan produktu ekologikoen presentzia gehiago handitu da. Hala ere, askotan, oso produktu marginal bezala jartzen gaituzte: prezio oso altuekin eta kantitate txikietan.

Eta, kalitatea ona izaten da?

Produktu freskoei buruz ari garenean kalitatea erabat lotuta dago bertokotasunarekin; heldutasun puntu egokian bildutako produktuak kalitatea bermatzen du.

Nori zuzendua da erakusketa?

Elikagai ekologikoak kontsumitu nahi dituen edonori. Asmoa da ezagutzea zergatik elikagai batzuk duten ekologiko, biologiko edo organiko izendapena eta zerk egiten dituen desberdin. Eta errealitate hori badagoela: mapa batean jarri ditugu Euskadi mailan dauden ekoizle, fabrikatzaile eta salmenta tokiak. Ikastetxeetara ere bideratu nahi dugu. Irailetik aurrera Amorebieta-Etxanoko zentroentzat zabalduko dugu eskaintza eta saiatuko gara hurrengo ikasturtean denentzat zabaltzen. Umeentzat unitate didaktikoa landu dugu. Erakusketaren ondoko ortugile ekologiko baten lursailak ikusiko dituzte, eta, lagin batzuk hartu eta laborategian frogak eginda, lurraren emankortasuna ere ezagutuko dute.