Natalia Salazar Orbe
Ume batzuen jolaserako abentura egarriak historialari eta arkeologoentzako ikerketa iturri garrantzitsu bat zabaldu zuen. Ehun urte pasatu dira Santimamiñeko kobazuloan 14.000 urtetik gora dituzten margolanak aurkitu zituztenez geroztik. Mendeetan izan ziren han gordeak, inork ezagutzen ez zuen haitzuloko barrunbe batean. Ereñozar mendiaren magalean dagoen historiaurreko santutegiaren aurkikuntza garrantzitsu horren mendeurrenari merezi duen ospakizuna prestatu diote. Urte guztian hainbat jarduera egin badituzte ere, biharkoa izango da egun handia.
Santimamiñe, 100 urte ondareaz gozatuz izenburupean, hainbat jarduera egingo dituzte kobazuloaren inguruan. Batetik, zinea ikusteko aukera izango da. Bisita gidatuak antolatu dituzte eguerdirako. Eta umeak Kobaren bila izeneko arrastoen jolasean aritu ahalko dira.
Iluntze aldera, haitzulo hartan bizi zirenek sua egiteko zer-nolako lanak izaten zituzten ezagutaraziko dute tailer baten bidez. Zuziak eskuan igoko dira, gero, bisitariak haitzulora. Ospakizun berezi horri bukaera emateko, kontzertu bat egingo dute kobaren ahoan bertan: Historiaurreko Soinuak ikuskizuna.
1916 hartan iturri antzeko bat egiteko asmoz haitzuloan sartu ziren umeen aurkikuntza haren arrastoek soka luzea ekarri dute. 32 bisonte, zazpi ahuntz, sei zaldi, hartz bat, orein bat eta ikatzez margotutako edo zizelkatutako beste irudi batzuen hondarrak agerian geratu ziren orduan. Denak ala denak dira Madeleine aldikoak: Goi Paleolitoaren azken kulturetako bat.
Abuztuan jarraituko dute aurkikuntza hori gogorarazteko ospakizunek. Umeek hartuko dute protagonismo berezia. Ondare hori zaindu eta errespetatzeko kontzientziazioa txikitatik barneratzearen garrantziaz jabetuta eramango dituzte etxeko gazteenak haitzuloaren ondora. Tailer zientifikoa prestatu dute haientzat udako oporraldien erdigunean: iparrorratza, anemometroa, termometroa, mapak eta antzeko elementuak erabiltzen ikasteko.
Altxorrez betetako eremu hartarako jolasa eta adimena uztartzen dituen joko batean parte hartzeko aukera izango dute gaztetxoek, irailean. Santimamiñeko altxorren bila arrastoen jokoa prestatu dute haientzat, haitzuloaren inguruan.
Urrira arte iraungo dute urte osorako prestatu dituzten ospakizunek. 2016 K. o. Paleolitikoa erakusketa hartuko du Rekalde aretoak urtarrilera arte. Bizkaiko Arte paleolitikoa ezagutaraziko dute, formatu informatiko berriak baliatuta, eta arte garaikidearekiko bere lotura estetikoa eta morfologikoak ezarrita.
Urriaren 20an eta 21ean, Europako Arte paleolitikoaren arloan adituak diren 12 txostengile baino gehiago elkartuko dituzte Bilboko Ondare aretoan. Bilera zientifikoa egingo dute: Arte paleolitikoa aztertzeko metodoak eta teknikak nazioarteko izaera duen workshop-a. Sorkuntzaren eta historiaurreko artearen azterketan, kontserbazioan eta zabalkuntzan finkatzen den ikerketa metodologiaren bateratze lanaren bila jardungo dute bertan. Topaketa streaming bidez ikusteko aukera izango da.
Aldaketa ugari 100 urtean
Mundua izugarri aldatu da azken 100 urteetan. Bide berari jarraitu diote, era berean, ondarearen zaintzari, babesari eta zabalkundeari buruzko irizpideek ere. Hala, 1916ko urtarrilaren 2an ume batzuek aztarnategi arkeologikoa aurkitu zutenez geroztik, hainbat etapa gainditu eta izan ditu haitzuloak.
Historiaurreko santutegi haren berri izan bezain laster, Bizkaiko Foru Aldundiak kobazuloa eta haren inguruak erosi zituen, 250 pezetaren truk. Haitzuloaren sarreran burdinazko hesi bat jarri zuen. Helburua argia zen: barruan zituen altxor geologiko, artistiko eta arkeologikoak babestea.
Aurkitutako aztarnak ikertzea ezinbestekoa zen. Hiru adituk hartu zuten hasierako ikerketak egiteko ardura: Telesforo Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek eta Enrike Egurenek osatutako taldeak ekin zion lehen indusketak egiteari. 1928a zen. Aranzadik giza aztarnak ikertzen zituen, Barandiaranek arkeologiaren eta etnografiaren ardura hartu zuen, eta Eguren natura zientzietan aditua zen.
1952. eta 1969. urteen arteko garaia trantsizio garaia izan zen Santimamiñeko haitzuloarekin lotutako proiektuari dagokionez. Koba osotasunean ustiatzeko erabakia hartu zuen aldundiak. Bisitarientzako pasaguneak eta eskailerak jarri zituzten.
1969. urtean zabaldu zituen ateak bisitari ororentzat; argiztapen elektrikoa jarri zuten horretarako. Eta turismo ugari erakartzeari ekin zion. Datuak adierazgarriak dira: zabalik egon zen urteetan milioi bat bisitari inguru izan zituen, datuen arabera.
Ixteko beharrizana
Diru iturri bilakatu zena ondarea arriskuan jartzeko eragile ere bihurtu zen. Bisitari horien guztien joan-etorriek eta argiek eta beroak kalte handia eragin zieten margolanei eta haitzuloko ekosistemari. Egoera hura ikusita, aldundiak kobazuloa partzialki ixteko erabakia hartu zuen. 1996a zen ordurako.
Beste era batera kudeatu behar zela jabetuta, garbitze, zaintze eta kontserbatze lanak abiatu zituen aldundiak. Hainbat alorretan esku hartu behar zuela argi ikusi zuen. Eta lan horri ekin zion. Besteak beste, ondoko eremu hauek landu zituen: geologia, hidrologia, ingurumena, arkeologia, historiaurreko artea, kontserbazioa eta zabalkuntza. 2006an, igarobideak, eskailerak eta argiztapena kendu zituzten. Bi urte geroago, Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen. Santimamiñe proiektuaren hiru zutabeak izango zirenak ezarri zituen orduan aldundiak: ikerketa, kontserbazioa eta kobazuloaren kultur balioaren zabalkundea.
Leizea, hiru dimentsiotan
Herritarrek ondare hori galdu ezin zutela iritzita, eta teknologia berriek ematen zituzten aurrerapenak baliatuta, pinturak beste era batera ikusi ahal izateko aukeren bila hasi zen aldundia. Hala sortu zen leizearen hiru dimentsioko proiektua: errealitate birtualeko 3D eredua baliatu zuten Santimamiñeko altxorrak ezkututik ateratzeko, inongo kalterik egin gabe.
Bide horri berari jarraitu diote Bizkaian historiaurreko artea duten beste koba garrantzitsu batzuetan ere: Karrantzako Ventalaperra eta El Rincon haitzuloetan, Galdamesko Arenatzan, Mañariko Askondon, Kortezubiko Morgotan eta Lekeitioko Lumentzan, besteak beste.
2014an erabat itxi zuten kobazuloa bisitarientzat. Gaur egun, behatoki txiki bat dago haitzuloan, eta hiru hilean behin sartzen dira ikerlariak datuak biltzera. Paleolito garaian han bizi ziren arbasoen historiara gerturatzeko aukerarik aproposena biharkoa izango da: magiaz betetako iraganerako bidaia.