Ainhoa Larrabe Arnaiz
Pintzelik gabe. Ezohiko teknika erabiliz eta ezohiko baldintzetan margotzen du Oier Andueza durangarrak. Atzamarrak, zotza, pastel teknika erabiltzeko barra, paper zatiak eta denbora dira haren lan tresna nagusiak. Eta espetxeko ziega du inspirazio gunea, halabeharrez. Murtziako kartzelan preso dute Andueza. 2001ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, eta Espainiako hainbat kartzelatan eman dituen urteetan garatu du margogintzarekiko duen zaletasuna.
Ziegatik ihes egitea lortzen du durangarrak pinturaren bitartez. “Eskuetan margoak hartzen ditudanean, ihes egiten dut espetxetik. Margoak leihoak dira, barrote gabeko leihoak”. Askabide horiek bildu nahi izan dituzte Anduezaren senideek, eta Margoak. Leihoak. Ihesak erakusketa osatu dute azken hamabost urteetan lagun eta senideei espetxetik bidalitako margolanekin. Durangoko Arte eta Historia Museoan jarri dituzte ikusgai: 40 pieza inguru.
Irakaslerik eta materialik gabe hasi zen margotzen durangarra. Eta, dioenez, kartzelan piztu zitzaion margolari sena. Osatu dituen lanetan gai asko lantzen dituen arren, elementu komun bat dute denek: pertsonak dira margoetako protagonista nagusia. Erretratuak dirudite haren lanek. “Paisaia gutxi ikusiko duzue erakusketan. Niri jendea margotzea gustatzen zait. Begirada edo keinu batek mila paisaiak baino askoz gehiago adierazten dit”. Preso durangarraren seme-alabak eta senideak agertzen dira, besteak beste, margolanetan.
Fisikoki ez, baina artearen bidez egin du herrira Anduezak azken asteetan. Eta margolanek ematen dioten askatasuna herrikideekin partekatu du. Hilabete hasieran zabaldu zuten erakusketa, eta igandera bitarte izango da ikusgai museoan. Gaur eta bihar, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara izango da Arte eta Historia Museoa zabalik, eta goizez irekiko dute igandean. “Nire leihoetara hurbiltzera gonbidatzen zaituztet. Nire ihesaldiek eraman nauten leku ezberdinak ezagutzera”, egin die gonbita artistak berak herritarrei.