Natalia Salazar Orbe
Alfredo Espinosa izena du Urdulizko ospitale berriak. 1937ko ekainaren 26an fusilatu zuten Espinosa, Gasteizen. Pobreen mediku gisa zen ezaguna, eta lehen Osasun kontseilaria izan zen Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuan. Horman jarritako haren argazki zuri-beltzek harrera egiten diete erabiltzaileei ospitalearen sarreran bertan. Hilketa hartatik 79 urte bete berri direla ireki ditu ateak Uribe eskualdeko pazienteak artatuko dituen zentroak. Duela bederatzi urte hasi zituzten obrak; eta aurreikusitakoa baino geroago zabaldu dute. Obren antzera, apurka-apurka jarriko dituzte martxan eskainiko dituzten zerbitzuak ere. Joan den ostegunaz geroztik, harrera eta informazio zerbitzua, kanpoko kontsultak, proba funtzionalak eta erradiodiagnostikoa ditu martxan.
2016a bukatu aurretik zerbitzu gehiago eskainiko dituzte. Hala aurreikusi dute, bederen. Ondokoak izango dira: kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza gelak, digestio endoskopiak egiteko gelak, eguneko ospitale kirurgikoa, analisi klinikoetarako laborategia eta helduen zein haurren larrialdi zerbitzua. Lehenengo fasearen bukaera izango da hori.
Kanpo kontsultetan dozena bat espezialitate artatzen dituzte oraingoz: erreumatologia, digestio sistema, kardiologia, pneumonologia, oftalmologia, neurologia, urologia, endokrinologia, traumatologia, ginekologia, otorrinolaringologia eta dermatologia.
Bigarren fasean, abian jarriko dituzte mediku eta kirurgia ospitaleratze zerbitzuak, ospitaleratze psikiatrikoak, kirurgia blokea, erreanimazio unitatea eta etxez etxeko ospitaleratzea. Horiekin batera ariko da ospitalea jardun betean. Prozesu osoa bukatzeko, baina, beste bi zerbitzu faltako dira: mediku onkologia eta eguneko mediku ospitalea. Datorren urteko bigarren seihilekorako aurreikusi dituzte horiek.
Kritikak garraioari
Polemika ugari sortu ditu Urdulizko ospitaleak ireki aurretik. Azpiegitura gabezia ugari eta pribatizazio saioa salatu dituzte hainbat sindikatuk eta EH Bilduk, besteak beste.
Osasun zerbitzu berria zabaldu delako poza agertu arren, ospitalearen kudeaketan “inprobisazioa eta planifikaziorik eza” nagusitu direla salatu du koalizioak. Osasun etxera iristeko behar bezalako konexiorik ez dagoela ekarri dute gogora. Garraio publikoari dagokionez, sinetsita daude sortutako beharrizanei aldundiak ez diela eman behar bezalako erantzunik.
Jon Darpon Osasun sailburuak ez ditu hartu begi onez era horretako kritikak. Errepide berria, aparkalekua eta metro geltokia urte bukaerarako prest egongo direla azaldu du. Horrez gain, Bizkaibusen lineetan aldaketak eginak dituztela gogorarazi du.
Hainbat izan dira pribatizazio salaketak ere. EH Bilduren aburuz, “herritarren osasunaren gainetik, berriro ere, badirudi bezeroei eta negozioei begirako aukera lehenetsi dutela” jaurlaritzak eta aldundiak.
Sukaldea, garbiketa eta araztegi zerbitzuak azpikontratatuko dituzte. Ospitalea inauguratzeko bezperan egin zuen iragarpena Osasun sailburuak.
Egun batzuk lehenago, bi orduko lanuztea egin zuten osasun zentro eta erietxeetako langileek, SATSE, ELA, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Urdulizen zerbitzurik pribatiza ez zezaten aldarrikatu zuten hala. Argudio argiak eman zituen Jose Antonio de Lenizek. SATSE-Euskadi erizainen sindikatuko idazkari nagusia da: “Osakidetzako langileek beste kobratu behar dute azpikontratatutakoek. Horrela adostua dugu. Eta enpresa pribatuek irabaziak izaten dituzte. Beraz, irabaziak izan ditzaten zerbitzuaren kostuak handiagoa izan behar du, ezinbestean”.
Hamazortzi herritako bizilagunak artatuko ditu: Arrieta, Bakio, Barrika, Berango, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Gorliz, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Maruri- Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sopela eta Urduliz. Orain arte Gurutzetako ospitalera jo behar zuten herritarrentzako lekua hartuko du. Barakaldoko zentroan laguntza presioa txikituta, itxaronaldiak arinduko dira, konplexutasun handieneko pazienteekiko arreta hobetuko da, eta ohe gehiago egongo dira eskuragarri, Darponen arabera.
Orain arte Mungia, Areeta eta Algortako osasun etxeetan ematen zituzten laguntzak handituko ditu Urdulizko ospitaleak. Hala ere, herriotako osasun etxeek kanpo kontsultetako batzuk egiten jarraituko dute. Era berean, Areetako anbulatorioan erradiodiagnostiko zerbitzua ematen jarraituko dute.