“Bost urteko kartzela zigorra eskatua didate langile protestengatik”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gertatzen ari zaionarekin harrituta, baina ezer txarrik egin ez duela badakienaren lasaitasunarekin dago Alexis Rodriguezek (Mos, Pontevedra, 1979). Lantoki zuen enpresa ez ixteko eta enpresak langileei zor zizkien soldatak eskatzeko egindako protestengatik epaituko dute, beste lankide batekin. Zigor eskaera handiak dituzte biek: bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du enpresaburu zenak bakoitzarentzat, akusazio partikular gisa; fiskalak, bi urte eta hiru hilabetekoa.

Etxebarriko TMA enpresako langileen ordezkari zinen, eta, enpresa itxi eta kaleratu ondoren, epaiketa zain zaude. Zer egozten dizute?

Mehatxuak egitea, kalteak eragitea eta hertsatzea leporatzen dizkigute akusazioaren idazkian.

Zergatik?

2013an enpresari berri batek hartu zuen tailerra: Rafael Zabalak. Baina egin zuen bakarra enpresa ixtea izan zen; ez zuen soldata bakar bat ere ordaindu. Hori ikusi genuenean, kalera atera ginen. Bost hilabete eta erdiko soldatak zor zizkiguten, eta egin genuen bakarra protesta egitea izan zen: manifestazioak, grebak, elkarretaratzeak… eta herritarren artean informazioa zabaltzea.

Hortaz, enpresari berriak tailerraren jabetza hartu zuenetik ez zenuten soldatarik jaso?

Are gehiago; martxoaren 15ean aukeratu ninduten langileen ordezkari, eta, ordurako, hiruzpalau hilabete generaman soldatarik jaso gabe. Ate guztiak jotzea erabaki genuen, eta negoziatzea. Jabe berriak aurreko zorra kitatuko zuela esan ziguten, eta Eusko Jaurlaritza aurrean zela sinatu genuen akordio hori. Baina ez zuen hitza bete, eta ez zigun ezer ordaindu. Guk argi dugu gizon hori enpresa ixtera etorri zela. Ez da ahaztu behar enpresa euro baten truke erosi zuela.

Euro baten truke? Nolatan?

Enpresak zorrak zituen aurrez. Enpresari berriak euro baten truke hartu zuen Talleres Mecanicos Arakistain, eta ondoan zegoen Laserlan lantegia beste euro baten truke. Zituen beste bi enpresekin batera, Borondate Industria Group taldea sortu zuen.

Beste enpresak ere itxi dituzte?

Bai. Lau enpresak itxi zituen lehia prozesu bidez. Eta Borondate Industria taldea ere bai, modu berean. Alegia, zorrak utzita, eta beretzat inolako kosturik gabe.

Zenbat denbora egon zineten lanean jabe horrekin?

Ez ginen lan egiten hasi ere egin. Ez zuten bete sinatutako akordioa, hilabete askotako soldatak zor zizkiguten, eta grebara jo genuen. Berekin egin genuen bakarra, hiru hilabeteko negoziazioetan irtenbide bat bilatzen saiatzea izan zen. Guk uste genuen lantokia eta lanpostuak salbatzera zetorrela Rafael [Zabala], baina konturatu ginen atzean ezkutuko zerbait zegoela.

Ez da ahaztu behar, halaber, gure enpresa Hiriko auzian nahastuta egon zela; diru publikoa falta da auzi horretan, eta oraindik ardurak eskatzen ari dira.

Zer zetorren ohartu zinetenean protestak hasi zenituzten. Zein protesta mota?

Bide posible guztiak amaitu genituen. Eusko Jaurlaritzara jo genuen, Bizkaiko Foru Aldundira, Etxebarriako Udalera; manifestazioak eta elkarretaratzeak egin genituen etengabe, hilero-hilero. Eta hori guzti hori, langileen erabateko babesarekin; TMAko langileen %100 atera ginen kalera, eta Laserlanekoen %80.

Protesta horien ondotik datoz salaketak?

Bai. Eta langileok harritzen gaitu ikusteak nola den posible langileekiko hilabetetako zorra uzten duen enpresa batek horren erraz ixtea, inolako kosturik gabe. Enpresarentzako kostua zero izan da; lehia prozesu bidez itxi zuten lantokia, eta, beraz, ardura ez da enpresariarena, estatuarena baizik. Fogasak ordaindu die langileei zorra, nahiz behar baino gutxiago izan, baina enpresaria libre da. Eta, gainera, guri salaketa jartzen digu. Lanerako eskubidea aldarrikatu, eta lantegia ez ixteko eskatzea besterik ez genuen egin, eta egoera honetara iristea sinesgaitza da: gure eskubide bategatik kriminalizatu gaituzte; grebarako eskubidea baliatzeagatik.

Zenbat langilek jaso zenuten salaketa?

Bik: nire lagun eta lankide David Gonzalezek eta nik. Zergatia ez dakit, manifestazioetan beti parte hartzen genuelako guztiek. Eredu gisa erabili nahiko gaituzte edo… Ez dut arrazoia ulertzen.

Zu langileen ordezkari zinen LAB sindikatuaren izenean, ezta?

Bai. Eta nik negoziatu nuen Rafarekin negoziazioak iraun zuen hilabete guztietan. Beti izan genuen tratu zuzena elkarrekin, gainera.

Salatutako beste kidea ere langileen ordezkaria zen?

Ez; sindikatuan afiliatua soilik.

Kartzela zigor eskaera gogorrak egin dizkizuete; bost urte eta erdikoak. Nolatan?

Akusazio partikularraren eskaerak izugarriak dira. Langile batzuei protesta egiteagatik horren espetxe zigor gogorrak eskatu ahal izatea bera beldurtzeko modukoa da. Bost urte eta erdiko kartzela eskatu didate langile protestengatik. Hedabideetan egunero ikusten dugu dirutza lapurtzen duen jende horrek ez duela ezer ordaintzen, eta guri kartzela zigorra eskatzen digute manifestatzeagatik. Hori ez da normala, eta zerbait gaizki dabilela frogatzen du.

Erasoren bat edo aipatzen da akusazioetan?

Durango inguruetan pintaketa batzuk agertu zirela jasotzen du, eta Rafaelen izena ageri zela horietan. Hori da gertaera gogorrena. Langileen bilera batzuetan tentsioa egon zela ere jasotzen du, baina espresuki zehazten du nik ez niola oihurik egin…

Bost urte eta erdiko eskaera hori fiskalak egina da?

Ez, akusazio partikularrarena da; Rafael Zabalarena. Fiskalak bi urte eta hiru hilabeteko eskaera egin du. Baina espetxeratzea ere eskatzen du. Rafaelen eskariz, 9.333 euro ere ordaindu behar izan ditugu Davidek eta biok, berme gisa.

Urruntze agindua ere baduzue.

Bai. Berarengandik eta leku jakin batzuetatik 500 metrora gutxienez egon behar dugu, eta praktikan, Durangora ez joatea dakar horrek. Davidek ezin du urtebeteko alaba espezialistarengana eraman ere. Baina zorrotz bete ditugu neurriak, ez betetzeak espetxera eraman gaitzakeelako.

Jarria dago epaiketa data?

Ez, horren zain gaude. Egin egingo dela badakigu, baina noiz ez.

Zein azterketa egiten duzu honen guztiaren inguruan?

Azken urteetan hartu den bidearen adierazle dela uste dut. Sistema juridikoak langileak koska bat gehiago estutzea da; langile klasea isilarazteko saioa. Sistema estutzen joan da grebarako, manifestaziorako eta biltzeko eskubideak kriminalizatu arte. Baina gogoratu espainiarren konstituzioak espresuki jasotzen dituela eskubide horiek. Ba gu, eskubide konstituzional horiek gauzatzeagatik epaituko gaituzte. Beldurra zabaltzeko nahia dago halakoen atzean; langileek eskubideak eskatzeko beldurra izateko nahia.

Eta, lortzen ari dira?

Ez, gure kasuan behintzat. Gure artean harridura da nagusi zentzugabekeria honen aurrean. Baina argi dugu ez bagenu grebara jo izan beste urtebetez edo jardungo genuela lanean, soldatarik gabe.