Adarkadak

Nerea Ibarzabal

Sonatua izan da Espainian —eta honantzago ere bai— iragan asteko toreroaren heriotza. Horrelako notizien ostean hedatzen den poz makabroa, justizia edo mendekua —edo biak— lortu izanaren sentipena eta ahapekako izorrai hori konpartitu nituen neuk ere. Eta are gehiago, nire morboa asetzeko argazki eta bideo bila aritu nintzen, giza-bizitzari zor zaion errespetuaren muga-mugan; baina zer erremedio.

Plaza bat jendez gainezka, bi ar elkarri begira, bietako bat odoletan; ustekabeko mugimendu bat, garrasiak eta adar-punta birika zulatzen. Irabazle behar zuenaren odola, lurrean. Irudiak ikusteak ez ninduen batere ondo sentiarazi, egiari zor, eta benetan gogorra egin zitzaidan gizonaren azken begirada, hiltzera doala dakienaren begirada hori. Baina uste dut antzekoa litzatekeela sentipena, denek espero bezala zezena izan balitz plaza hartan hildakoa.

Zezenketak onartezinak dira, zezenketak kaka. Ez artea, ez kultura: tortura. Ez ditugu nahi gure hiriburuetan. Denok ados, guai. Bitartean, uda heldu da gure herri antitaurinoetara eta udarekin batera festak, eta festekin, festak ospatu beharra, nola ez, tradizioen bitartez. San Ferminetako goizeroko entzierroa, arratsaldeko korridak —u, kanpora, zezenketarik ez!-, bigantxekin sokamuturrak, idi, asto eta zaldi probak, antzarak…

Askekintza bezalako animalien eskubideen aldeko taldeek egin izan dituzte protestak horrelako ospakizunen aurrean, eta irainak eta eraso fisikoak jasan izan dituzte trukean. Ondorengo mehatxu hau irakurri nuen behin beraien sare-sozialetan, mutil batek idatzia: “Ez zarete ausartzen Nafarroara edo horrelako leku batera sartzen. Lau neska eta tipo bat pankartarekin… Neskek ez dakit, tipo horrek errekan bukatuko luke”. Berak uste baino askoz gehiago esaten dute hitz horiek biolentziaren erabilerari buruz.

Isiltasun orokortu bat sumatzen dut gaiaren inguruan, isilik egon beharko ez liratekeen sektoreengandik ere bai, herrietan hausturarako beste arrazoi bat ekidin nahi delako beharbada. Tradizio sakratua guztiz ez desagertzeko alternatibak badaude —giza-probak, plastikozko antzarak…—, baina uko egin izan zaie maiz.

Tradizioa gure identitatearen parte izan daiteke, eta argi dago kosta egiten dela zalantzan jartze hutsa; idi, akuilu eta uztarri artean hazi den batek diotsue. Baina ez du balio zenbait tradizio tortura gisa definitzeak, norberarenei ez ikusiarena eginda edo pisua kenduta. Zergatik ez ditugu gure ohitura hauek zezenketak adina gorroto? Ez direlako aski krudelak, edo ez direlako aski espainolak?