“Herri mugimendutik aldatu nahi dugu sistema, teknologia baliatuz”

“Herri mugimendutik aldatu nahi dugu sistema, teknologia baliatuz”

Ander Zarraga

Hasieratik dabiltza Hack.in#badakigu elkartean Dabid Martinez eta Andoni Santiago, eta, sortu zenetik hamar urte pasatu diren arren, hasierako balioak mantentzen dituzte oraindik. Urteotan hainbat tailer eta topaketa antolatu dituzte informatika, teknologia eta herri mugimenduen inguruan. Izan ere, ezagutza partekatzea elkartearen oinarri sendoetakoen artean kokatzen dute.

Nola sortu zen elkartea?

DABID MARTINEZ: Hack.in#badakigu Euskotreneko bagoi batean prestatu genuen. Ohartu ginen gabezia batzuk zeudela informatika arloan, software libreari eta kultura askeari dagokienez. Sinesten dugun parametroen barruan sortu genuen elkartea, herri mugimenduekin lotuta. Euskararekin lotzea ere ezinbestekoa zela iruditu zitzaigun, batez ere urte hauetan teknologiak izan duen bilakaera ikusita. Hortik abiatuta, hainbat mugimendu sortu dira; ez Hack.in#badakigu bakarrik, baizik eta hacktibismoaren eta sare ekintzailetasunaren inguruan dabiltzan beste kolektibo batzuk ere bai.

Nola definituko zenukete egiten duzuen lana?

D.M.: Konturatu gara orain dela urtebete edo bi definitu dela. Gure elkarteak ekonomia sozial eraldatzailea egiten du, eta horrek definitzen gaitu. Uste dugu ondo dagoela gauzak behar diren bezala egitea eta terminoak erabiltzea, eta guk ere horretara bideratu nahi ditugu esfortzuak, hori zabaltzera.

Ekonomia sozial eraldatzailea hemen ezagutzen dugu, kooperatibismoa ezagutzen dugulako Euskal Herrian. Baina gu haratago goaz, eta sistema herri mugimendutik eraldatu nahi dugu. Ez gara informatika elkarte huts bat.

Teknologiaren sozializazioaren alde egiten duzuela esango zenukete?

D.M.: Bai, noski. Bide horretan hausnarketa bat egin genuen, eta ondorioa argia da: herrigintzako sektoreak eta gizarte mugimenduek lantzen dituzten sektoreak interesatzen zaizkigu guri. Eta ohartu ginen teknologia berrien beharra daukatela. Orain dela hamar urte, eta orain are gehiago, hainbat gabezia genituelako arlo honi dagokionez. Beraz, gure interesa ez datza teknologia hutsean soilik; atzean, eraldaketa soziala bultzatzeko tresna bat ikusten dugu. Ez dugu zerbait programatuko herri mugimendurako balio ez badu. Ez gara elkarte kultural bat bakarrik, elkarteko politiko bat ere bagara.

Eta zer da gizartean aldatu nahi duzuena?

D.M.: Software libreak gauza asko alda ditzake. Elkarrekin konektatzea, adibidez: elkarteen arteko harremana eta trukea bultzatu nahi dugu. Horretarako, teknologiak berebiziko garrantzia du gaur egun. Beraz, uste dugu teknologiaren alde etiko bat sortu behar dela, baina softwarearen ikuspegitik.

Normalean, eragile kolektiboekin egiten dugu lan, baina tailerrak ere egiten ditugu norbanakoentzat. Eraldaketa sozialarekin lotutako gaiak lantzen ditugu alor horretan. Adibidez, orain dela urte eta erdi, energia berriztagarrien inguruko tailer bat eman genuen norbanakoentzat. Baserriko jendea etortzea eta haien proiektuetan energia berriztagarria erabili ahal izatea zen helburua.

Software librea da zuen muinetako bat, baina zer dira software libreak?

D.M.: Software libreak oinarrizko lau askatasun ditu: programa erabiltzeko askatasuna, nola funtzionatzen duten ikasteko eskubidea, kopiak banatzeko askatasuna eta programa hobetzeko aukera. Hori oso garrantzitsua da softwarea eta informatika lantzen dugunontzat.

Zein programa jarriko zenukete adibide modura?

D.M.: Android. Nahiz eta ez izan guztiz askea, software librea da eta eginkizun batzuk aldatzeko askatasuna dauka.

ANDONI SANTIAGO: Askea ez den software pribatu baten adibidea ere jartzearren, duela urte batzuk Apple euskaratzen hasi ziren batzuk, eta konpainiak, horren berri izan zuenean, salaketarekin mehatxu eginda geldiarazi zituen.

Posible da gaur egun software libreak soilik erabilita mugitzea?

D.M.: Bai, inongo arazorik gabe. Ni informatikaria naiz, eta software libreak erabiltzen ditut. Ez dut uste nik baino beharrizan handiagoak dituen jendea egongo denik, informatika alorrean behintzat. Gaur egun dauden terminal ia guztietan erabil daiteke software librea. Gehienetan sistema eragileei buruz hitz egiten da, baina badaude libreak diren hainbat programa ere; Firefox esploratzailea, adibidez. Gainera, hori ere euskaraz erabil dezakegu. Modernoak diren txigorgailuek ere software libreak erabil ditzakete, eta posible da horien funtzionamendua aldatzea.

Eta zerk jartzen dio galga software libreari?

D.M.: Beti bezala, arazoa neoliberalismoan dago. Gaur egun merkatu libreak bermatzen du zein software erabiltzen dugun. Eta horren adibide da Windowsek eskolentzako ematen dituen doako lizentziak. Aukera dago eskoletan Windowsen legezko lizentziak dohainik erabiltzeko, haurrei Windows erakusteko. Hori ez da haurrak hezteko erabakia, baizik eta ume horiek etorkizunean, langileak direnean, Windowsen erabiltzaileak izango direla bermatzeko sistema bat.

Eskola 2.0 egitasmoaren barruko proiektu batean ikasle eta irakasle asko Ubuntu sistema librea hasi ziren erabiltzen. Horrek bermatzen du ikasleek informatika beste modu batera ulertzea. Filosofia eskoletan ere software libreen alde hitz egin daitekeela uste dugu, lan paradigma horren inguruan aldaketak egiteko.

Duela urte batzuk, Bermeoko Udalean software libreak erabiltzeko mozioa aurkezteko proposatu zenieten alderdiei.

D.M.: Bai, mozioa aurkeztu zuten, baina, Bermeoko arazo batzuk direla medio, ez ginen kapaz izan eztabaida hori sortzeko. Gero EH Bildu saiatu zen bere programan software librearen eta kulturaren inguruko hausnarketa sustatzen. Gurekin kontaktuan jartzeko nahia azaldu zuten, programa hori aurrera ateratzeko, zeren interesgarriagoa iruditu baitzitzaien hausnarketa Bermeoko elkarte batekin egitea kanpoko enpresa batekin baino.

A.S.: Adibide konkretu bat jartzearren: Santurtziko euskaltegiak Joomla software librea erabiltzen zuen bere webgunean. Hori erabiltzean, onura bat jasotzen zuen, ez zuelako ez lizentziarik ez teknikaririk ordaindu behar. Aurreztu zuten diruarekin irakasle bat kontratatu zuten Joomla euskara itzultzeko. Alde batetik, programa euskaratu zuten euskaltegia zirelako eta lanerako behar zutelako, eta, bestetik, orain, denontzako euskaraz dago eskuragarri, haiei esker.

Euskararen aldeko apustu sendoa da zuona. Zer-nolakoa da hizkuntzaren egoera sarean?

D.M.: Euskara Interneteko zortzigarren herrialdea da. Hori horrela dela esan dezakegu, euskara Interneten oso hedatua dagoelako; uste baino askoz gehiago, eta kalean baino gehiago, esango nuke. Oso interesgarria da. Twitterren ere gehien erabiltzen diren munduko hogei hizkuntzen artean dago euskara.

Software libreei dagokienez, etxean kontsumitzen ditugun programen %80tik gora euskaraz daude. Hori ez da software pribatuetan gertatzen. Gauza positibo asko landu dira hemen. Eta, begira, .eus domeinuak euskaraz lan egiten dugun erakunde, enpresa eta gainontzeko guztioi ahalbidetzen digu Interneten gure marka propioarekin ibili ahal izatea. Azpimarratu behar dugu ez dela Euskal Herriko domeinua, euskararena baizik.

Hamargarren urteurrena duzue aurtengoa. Zerbait berezi prestatu duzue?

D.M.: Ez dakigu ikasturte honek zenbaterako emango duen. Baina ideia da irailetik ekainera hilero zerbait egitea. Oraingoz, bideogintza tailer bat egingo dugu mugimendu sozialetarako, eta kartelgintza tailerra ere egingo dugu. Orain, egin dugun lana Bermeora ekarri nahi dugu.