Igor Elordui Etxebarria
Hau ez da minbiziari buruzko beste artikulu bat. Ez, behintzat, sensu strictu. Bizitzak, bere joanean —bizitza joan egiten baita, egunero apur bat, etorririk gabeko bidaian; komeni da gogoratzea—, sortzen dituen min horiei buruzkoa ere izan nahi du. Egiari zor, irakurle, minbiziaren gaia badakarkizu gogora izenburuak, ez zara, ez, oso oker ibiliko. Baina hitz-joko bat baino gehiago izan nahi du; minbizi eta bizitzako min guztien gainetik bizitzeko gogoa baitago. Hori da bizimina.
Gure aitak beti esaten du bizitza oztopoz beteriko lasterketa bat dela, oztopo-lasterketa bat, alegia. Oztopoak gainditzen goazela, etorri ahala, azkenean betiko erortzen garen arte. Izan daiteke maratoia, distantzia erdiko lasterketa ala abiadura-proba. Ezin jakin. Datorren moduan hartu behar.
Aitaren berbak gogoratu nituen pasa den astean Terry Foxen berri izan nuenean. Hogeita hamar urte bete dira ekainaren 28an hil zenetik, eta jaio zenetik berrogeita hamabi beteko dira hil honen 28an. Kontuak atera: 22 urterekin hil zen Terry Fox.
Gazte kanadar horrek eskumako hanka galdu zuen, minbiziagatik, hamazortzi urte zituenean. Horregatik ez zuen kirola utzi —saskibaloira jokatzen zuen—, eta gurpil aulkian Kanadako hiru saskibaloi-txapelketa irabazi zituen. Baina bere balentria, ospetsu egin zuena, 1980ko apirilean hasi zen: Ternuan lasterka hasi zen, maratoi baten besteko distantzia (42 bat kilometro) eginez egunero protesi batekin. Bere asmoa irailerako Kanada gurutzatzea zen, 8.000 kilometro inguru, eta minbiziaren ikerkuntzarako dirua batzea. Itxaropenaren Maratoia deitu zion. 143 egun eta 5.373 kilometroren ondoren, lasterketa utzi behar izan zuen. Gaitza birikietara hedatu zitzaion, eta handik bederatzi hilabetera hil zen. Ordurako, lortua zuen hedabideen arreta baino askoz gehiago: ikerkuntzarako diru asko eta herri oso baten errekonozimendua.
Hogeita hamar urte geroago, minbiziaren kolpe latza modu batera edo bestera jaso bako gutxi egongo gara gaur egun, zoritxarrez, adin batetik gorakoon artean. Nik neuk ere galdu dut ama; galdu ditut izekoa, osaba, lagunak…
Zu liburua argitaratu berritan —zeinetan bere emaztearen minbiziaren karira bizitakoak kontatzen dituen—, Euskadi Irratiko elkarrizketa batean betiko iltzatuta geratu zaidan esaldi bat entzun nion Andu Lertxundiri: jada egin beharreko galdera ez da “zergatik niri”, baizik eta “zergatik ez niri”.
Eta minbizia da, baina izan daiteke bai beste gaixotasun bat, bai auto-istripu bat… Izan daitezke horrenbeste gauza!
Mina, minaren adiera guztietan, harriz kargatuz doan motxila da. Motxilak eta motxilak daude, hori egia da. Nork berea darama, ezin dugu aukeratu. Terry Fox asko dago munduan, eta miretsi egiten ditut, hain zama astuna aldean, nolako indarraz, duintasunaz eta alaitasunaz egiten dioten aurre bizitzaren oztopo-lasterketari. Bizimina hori da.