“Mugetara joan, eta han salatuko dugu errefuxiatuen egoera”

“Mugetara joan, eta han salatuko dugu errefuxiatuen egoera”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da Nati Ovelleiro (Bilbo, 1965), eta errefuxiatuen egoera salatzeko Greziara egingo den karabana antolatzeko lanetan dabil. Hilaren 15ean abiatuko da Bilbotik, autobus bete edo bi autobus bete herritarrekin.

Greziarako karabanan zoaz aurki. Zer da karabana hori?

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak sortutako ekintza bat da, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako plataformek sustatutakoa. Duela pare bat hilabete hasi ginen hausnartzen garrantzitsua litzatekeela gure ekintzen barruan mugetara joan eta han salatzea errefuxiatuen egoera. Bai ibilbidean eta bai mugetan zabaldu nahi dugu haien eskubideen aldeko aldarrikapena. Horretara goaz, Greziarako karabana, mugak zabalduz leloarekin. Estatuko zenbait lekutako taldeak ere gehitu dira, eta Europako beste zenbait tokitan ere bat egin dute.

Leloak dio mugak zabaltzea dela helburua. Nola egin daiteke hori?

Badakigu gu hara joateagatik ez direla mugak zabalduko, baina hori da aldarrikapena: Europara sartzeko mugak itxi egin direla, eta, areago, kasu honetan Europa barruan itxi direla mugak. Hori salatu nahi dugu.

Bilbotik abiatuko da karabana, 15ean. Zein izango da ibilbidea?

Bilbo, Gasteiz eta Iruñetik abiatuko da, uztailaren 15ean, eta Bartzelonan egingo da lehenengo geldialdia. Han elkartuko gara estatuko beste lekuetatik doazen autobusekin, eta Milan aldera abiatuko gara, gero Greziara joateko. Lau eguneko bidaia izango da Tesalonikara iritsi arte.

Zergatik Tesalonikara?

Gaur egun Europa barruan dauden errefuxiatuak Grezian daudelako eta Europako Batasunak eta Turkiak sinatutako akordioaren ondorioz hango muga itxi dutelako. Bidaia moztu egin diete, nolabait, eta Europan egin dute hori. Beste alde batetik, Tesalonika Idomenitik eta kanpamentu askotatik hurbil dago, mugetatik hurbil. Gainera, Greziako jendea protestarako kanpaleku bat antolatzen ari da han. Kanpamentu horrekin bat egitea erabaki genuen, oso antzeko aldarrikapenak ditugulako eta helburuetan bat gatozelako. Uztailaren 15etik 24ra izango da ekitaldi hori, eta gu 20an iritsiko gara. Beraz, azken lau egunak haiekin egingo ditugu, antolatu dituzten hainbat ekintzatan parte hartuz. Hara iristean boluntario lanetan dagoen jendea karabanara hurbiltzea ere nahi dugu, eta bidean egingo ditugun ekitaldietan ere jendea batzea. Egun horietan Bilbon, Araban eta Nafarroan ere mobilizazioak egiteko deia egingo dugu.

Autobusetan zoazte?

Bai. Lau egun egingo ditugu harako bidean, eta, gero, beste lau egun egongo gara han. Batzuk boluntario lanak egiten edo beste kanpalekuak ikusten geratuko dira, baina gehienok autobusean itzuliko gara. Uztailaren 15ean abiatu eta 25ean helduko gara bueltan etxera, autobusetan.

Zenbat lagun joango zarete?

Oraingoz, autobus bat daukagu beteta, eta espero dugu bigarrena betetzea; oso ondo legoke hirugarren bat ere ateratzea. Nafarroa bere autobusa ari da kudeatzen, Bizkaia eta Araba elkarrekin ari gara, eta gipuzkoar batzuk ere batuko dira gurera.

Badago oraindik izena emateko aukerarik?

Aste honetarako nahi genuke itxi zerrenda, aurreikuspenak egin eta antolatzeko. Hortik aurrera, lekuak geratzen badira, onartuko dugu jendea, baina multzorik handiena egunotan lotuta izatea da asmoa. Izena eman daiteke Internet bidez ongietorrierrefuxiatuak.info webgunean eta karabana@ongietorrierrefuxiatuak.info posta elektronikoan, edo

615 70 42 54 telefonora deituta.

Zein helburu nagusirekin zoazte?

Batetik, kontzientzia zabaltzea da helburua, eta, bestetik, zuzenean salatzea Europak eta Turkiak egindako akordioa, eta gobernuak ez direla betetzen ari hartutako konpromisoak. Salaketa ikusgarri bat egin nahi dugu, nolabait adierazteko: “Zuek ez baduzue egiten, gu saiatuko gara”. Errefuxiatuentzako iristeko bide legalak ere eskatuko ditugu.

Egitasmoa aurkeztu zenutenean adierazi zenuten autobusak errefuxiatuen esku jarriko dituzuela, haiek etorri ahal daitezen. Adierazpen sinbolikoa da, edo mahai gainean duzue aukera?

Sinbolikoa da. Gobernuei autobusak eskainiko dizkiegu, haiek ez dietenez mugitzen uzten, aldarrikatzeko gu bai gaudela prest ekartzeko. Baina badakigu hori modu sinbolikoan soilik egin dezakegula; han dauden errefuxiatuei ez diegu esperantza faltsurik sortu nahi. Errealistak izan behar dugu, eta jakin behar dugu ezin dugula inor ekarri. Baina hori da aldarrikapena: zuek ez dituzuenez ekartzen, gu goaz bila.

Beraz, asmoa ez da desobeditu eta errefuxiatuak ekartzea.

Ez, ez. Batez ere, pertsonei buruz ari garelako, eta, esate baterako, haiek saiatzen badira gurekin etortzen, dituzten eskubide apurrak galdu egingo dituztelako. Guretzat erraza izan daiteke, baina errefuxiatuei beraiei kalte handia egingo genieke, asilo eskubidea eskatzeko aukera galduko lukete eta.