Dima: jakin bai, baina erabili ez

A. Larrabe Arnaiz

Herri euskalduna da Dima. Behera egin duen arren, herritarren %87,4 euskaldunak dira gaur egun. Arazoa da jakin arren gero eta gutxiagok erabiltzen dutela euskara. Hala azaldu du Ibon Iza Euskara zinegotziak. “Gauza bat da ezagutu, eta beste bat egin. Guk alde handia dugu bi mutur horien artean, eta hori da dugun arazo nagusia”. Lehen hizkuntza euskara dutenen ehunekoa, izan ere, %23,7 jaitsi da azken hamarkadetan Diman. %91 ziren 1981ean, eta %67,2 dira orain. Etxeko hizkuntza euskara dutenen arteko aldeak ere nabarmen egin du behera; %22,5, zehazki. %85,1 ziren lehen, eta %62,6 dira orain.

Herrian nabaritu egin da euskararen erabileran izan den aldaketa, Izaren arabera. “Erabilera jaitsi zela asko nabaritu da herrian. Haurren artean, adibidez, euskara ezagutu arren, ez dute erabiltzen gerora”. Baina ez ditu haurrak jarri nahi izan arazoaren foku gisa. “Haurrak gaztelaniaz entzutean hasten gara arduratzen. Baina ikusten dutenaren ispilu dira umeak”. Egoeraz jabetuta, Euskara Batzordea osatu zuten herrian, herritarren kontzientzia pizteko. “Euskararen Topagunearekin, sentsibilizazio kanpaina bat egin genuen. Kriseiluak hartuz, euskararen sua itzaltzen ari zela irudikatzeko egitasmoak egin genituen”. Baina ez zuten berehalako aldaketarik sumatu herritarren jarreran. Ondorioz norabide horretan lanean jarraitu dutela azaldu du Izak.

Norbanakoaren hautua

Abizarie euskara elkartea sortu dute orain. “Abizaria gezurretako arrautza da, benetako arrautzak bertan jartzeko oiloei jartzen zaiena”. Metafora hori erabili dute euskarak duen arazoa irudikatzeko. “Benetako arrautza norberak jarri behar duela ulertarazteko aukera dugu irudi horrekin. Norberak ikusi behar du arazo bat dugula euskararen erabileran, eta neurriak ere norberak jarri behar ditu”.

Euskararen erabilerak behera egin duela zuritzeko kanpora begiratzeko ohitura dagoela dio. “Analisi hori ez da erreala. Betiko dimoztarrek ere erdarara jotzeko ohitura handia dute. Benetako arrazoia da guk geuk ez dugula erabiltzen”. Eta irauli egin du analisi hori ere. “Herrira bizitzera etorri den jendea euskaragatik etorri da hona, herri euskalduna delako. Eta hizkuntzarekiko kontzientzia handia dute horiek”. Arazoaren gordintasunaz jabetzea da, Euskara zinegotziarena arabera, lehen pausoa.