San Joan

Igor Elordui Etxebarria

Nekez topatuko genuen bart Euskal Herriaren luze-zabalean, sugar eta ke bako herri, auzo, baserri, txoko zein bazterrik. San Juan Bagileko, zapoak eta sugeak erreteko, artoak eta gariak gordeteko, San Juan Bagileko. Zenbat bider entzun dizkiodan aitari sanjoanetako kopla hauek; eta entzun diodan kontatzen nola ibiltzen ziren umetan, eskuetan gari-txolak zuzi eginda, solorik solo karraderan San Joan bezpera gaueko sugarrak piztu baino lehen.

Zeren eta, agian gaurko gazte askok ez dute jakingo, San Joan gaueko zeremonia solstizioarekin (solis statio) zerikusia daukan ospakizuna da. Guztiz paganoa jatorrian. Besteak beste, udaldiaren etorrera iragartzen digu, nahiz eta, berez, ekainaren 21ean hasten den uda, eta irailaren 21era arte irauten. Hortaz, eguaztenekoa izan zen, eta ez gaurkoa, gaurik laburrena eta egun-argirik luzeena eta jada, oraindik kontrakoa iruditu arren, eguna laburtzen hasita dago. Horrela jarraituko du abenduaren 21era arte, neguko solstizioa ere ez baita, benetan, abenduaren 24an gertatzen.

Kristautasuna Euskal Herrian zabaltzearekin batera, eta estratu kultural hori ezarri ahala, elizak kristautu egin zituen solstizio biak, beste erritu asko bezala, egunak ere aldatuz. Horrela, ekainaren 21a 24ra pasatu zuen, San Joan Bataiatzaile izendatuz; eta abenduaren 21a 24ra, horrela Gabon gaua eta Natibitatea ospatuz. Elizak nahierara mugitu zituen, beraz, behialako herri-ohiturak egutegian. Gaur egun politikoek legeekin, bankuek hipotekekin eta enpresek kontratuekin egiten duten antzera, gutxi gorabehera.

Hargatik, elizak ez zuen lortu kristautasunaren aurreko usadioak desagertzerik, eta hala, ohiturotan, oraindik ere, kultura paganoa eta kristautua nahastuta agertzen zaizkigu. Baina, kantak dioen legez, denbora aurrera etengabean, eta garai berriotan molde (ez hain) berriak: lehen solo inguruetan isiotzen zen sua batez ere, orain gure herri eta hirietako kale eta plazetan; lehen galtzu-sorta bana eskuan hartu eta sua emanda ibiltzen ziren ume eta gazteak, orain bolanderak botatzen dira eta sakelakoarekin grabatzen da; lehen belar txarrak, etxeetako arropa zaharrak eta abarrak erretzen ziren sugarretan, orain ikasturteko apunteak eta ontzi urdinera bota ez ditugun etxeko kartoi eta paperak.

Eta bart, paper eta kartoien artean, ez dakit ez ote duten erretzera bota halako belar klaseren bat nire etxe ondoko San Joan sutara, zeren eta amets egin dut polizia-etxe, banketxe, epaitegi, gobernu-egoitza eta abarren aurrean piztutako sugarretan kiskaltzen zirela argi, gas eta ur-faktura puztuak, neurrigabeko hipoteken kontratuak, etxegabetze-aginduak, kazetariak jipoitzea ahalbidetzen duen legea, euskara tamalgarriz idatzitako afixak, emakumeak iraintzen dituzten iragarkiak, errefuxiatuei Europarako sarbidea ukatzen dieten legedia, hauteskunde inkestak… Akelarre amaigabe, zoragarrian.