Mugak zeharkatzeko saioak

Mugak zeharkatzeko saioak

Natalia Salazar Orbe

Denetariko artista bitxiek astinduko dituzte Bilboko kaleak astelehenetik aurrera. Astindu horiek arren, denbora eten egingo da oinezkoentzat: aho zabalik utziko dituzte grabitatearen legeak hausten dituzten itxurak egiten dituzten ikuskizunek, edo Areatza erdian jarritako igerileku batera lau metroko altueratik salto egiten duen artistaren trebeziak. Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia, abiatuko da astelehenean. Kaleko arte eszenikoetan erreferente diren Euskal Herriko eta nazioarteko 28 konpainiaren eskutik, 56 ikuskizun taularatuko dituzte uztailaren 2ra bitartean.

Zirku ikusgarri batek inauguratuko du hamazazpigarren Kalealdia. Lurrak ikuskizunak euskal kulturan sustraitutako zirku garaikidearen erakustaldia egingo du Arriaga plazan. Bere dimentsioa, tipologia eta konplexutasun teknikoa direla eta, euskal eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna eskainiko du agertoki berezi horrek.

Kalealdiak berak eta Gasteizko Kalearte jaialdiak ekoiztu dute. Formatu handiko ekoizpen lana da, muntaketa teknikoari eta, batez ere, ikuskizunean parte hartzen duen profesionalen kopuruari erreparatuta.

Bost antzezle ditu protagonista: Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo, Marc Muñoz eta Nuria Puig. Akosta kirolari trebea da. Lau aldiz izan da Espainiako txapelduna uztaietan. Eta, artista gisa, 1.500 emanaldi baino gehiago egin ditu Cirque du Soleil konpainiarekin. Akrobazia du espezialitate Chamizok. Baina antzezlea, pailazoa eta clown-a ere bada. Agirresarobe mundakarra ere zirku artista da. Lurrak da bost artistok talde gisa egiten duten lehen lana. Muñoz eta Puig elkarrekin aritu ohi dira, eta baskula ikuskizuna eskainiko dute, besteekin batera, oholtza gainean.

Musikak ere protagonismo handia hartuko du. Mikel Hernandez Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarren ttakunek josiko dute ikuskizuna. Doinuez haragoko saioak eskainiko dituzte. Izan ere, musikariak ere antzezle lanetan jarri ditu Adrian Schvarzestein zuzendariak.

Trikiti doinuak Unai Laso santurtziarrak jarriko ditu. Haren herrikide Roberto Castrok, bestalde, denetariko tresnak baliatuko ditu: alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera eta tarrañuelak. Ikuskizun horretarako propio sortutako doinuak joko dituzte musikari horiek.

Bost artista eta lau musikari jarriko dituzte oholtza gainean, beraz. Oreka jokoak, soka ariketak eta baskulan prestatutako jauziak izango dituzte betebehar ikuslea harrapatuko duen saioan.

Hasiera ikusgarria dakar Kalealdiak. Baina hasiera besterik ez da izango hori. Kaleko antzerkia, musika ibiltaria, clown-ak, kabareta, dantza eta aireko akrobaziak eskainiko dituzte Areatzako, Plaza Barriko eta Arriagako plazetako agertokietan eta Casilda Iturrizar parkean jaialdiak iraungo duen egunetan. Aurten ere, zirkuko karpa handia jarriko dute parke horretan. Bertan zabalik egongo diren beste bost agertokiekin batera, hiriko berdegune hori aire zabaleko agertoki gisa finkatuko dute: 56 ikuskizunetako asko eta askoren agertokia izango da.

Aukera paregabea ematen du kokaleku horrek era horretako ekitaldiak antolatzeko, hala azaldu dute antolatzaileek. Leku zabala izateaz gain, oinezkoentzako gunea ere bada eta.

Estreinaldiak

Hainbat ikuskizun estreinakoz ikusi ahalko dira Bilbon. Belgikako Pol & Fredi konpainiaren Le cirque democratique de la Belgique lana da horien artean azpimarragarriena. Demokraziaren mugei buruzko umorezko antzezlan horretan, gehiengoaren diktadurarako joera izango dute aztergai. Kabaret bat antzeztuko dute Areatzan. Ikuskizun bitxiak eskainiko dituzte; besteak beste, eskirako erabiltzen diren botak baliatuta, klake saio bat interpretatuko dute. Horrez gain, ikusmin handia sorraraziko du lau metroko altueratik igerileku batera egingo duten jauziak.

Zazpikaleak eta Bilboko gauak izango dira ikuskizun deigarrienak bereganatuko dituzten leku eta tarteak. Han estreinatuko du L’effet escargot lana Frantziako Kadavreski konpainiak. Poesiaz betetako zirku ikuskizun bat eramango dute Areatzako kaira. Protagonistek itxura trauskila dute lehen begiradan. Hala ere, ikusleak aho zabalik uzteko moduko abileziak erakutsiko dituzte lanean hasitakoan. Trebeziaz betetako eskujoko saioak, akrobaziak, oreka lanak eta aireko uhal ikuskizunak dauzkate prest.

Ikuskizun gehienak doakoak izango badira ere —karpa barrukoak ordaindu egin behar dira—, kalitate handiko konpainia eta artistek egingo dute bat Kalealdian. Andaluziako Marco Vargas & Chloe Bruleren Me va gustando dantza saioak, esaterako, hainbat sari jaso ditu. Bertan ari diren lau artistak erabateko kontrasteetan murgiltzen dira hitzaren, musikaren eta dantzaren bitartez. Elementu bat dute komun: flamenkoa. Arriaga antzokiaren ondoan taularatuko dute, uztailaren 2an.

Egun horretan iritsiko da ikusmin handienetakoa sortu duen saioa ere, nazioartean ospe handikoa: Cirque Rouagesek Sodade ikuskizuna aurkeztuko du. Zirkuko ikuskizunik onenaren saria irabazi berri du Valladolideko (Espainia) Nazioarteko Kaleko Antzerki Jaialdian. Hamar artistak osatzen dute taldea. Zirkua, mugimendua, musika eta antzerki mekaniko eta poetikoa baliatzen dute komunikatzeko. Akrobatek, funanbulistek eta trapezistek, bi gurpilek eta soka batek osatutako egitura handi batean euren trebeziak erakutsiko dizkiete bertaratzen diren ikusleei.

Eskujokoak, akrobaziak eta bestelako trebetasun harrigarriak taularatuko dituzten artisten ondoan, ikuskizun bitxiagoak egingo dituzten beste batzuk ere izango dira. Hainbat diziplina nahastuta, saio berritzaileak sortu dituzte.

Casilda Iturrizar parkea izango da era horretako bi ikuskizunen agerlekua. Horietako bat Le Siffleurrek eskainiko du. Txistu jotzailea da bera. Poltsikoko orkestra filarmoniko batek lagunduta, Schubert eta halako musikari klasikoen kantak interpretatuko ditu txistu eginda. Bake gunea eskainiko die ikus-entzule guztiei poesia laino baten aterpean.

Publikoa protagonista bilakatuko da, bestalde, Mysterieuses Coiffuresen Con ternura… una historia de flores ikuskizunean. Hala nahi duten ikusleen ilean, lorez osatutako ile bildu ikusgarriak egingo dizkiete.

Suitzatik iritsitako Nicole & Martin ipuin kontalariak parkeko karpan ariko dira. Grimm anaien lau ipuin ezagun taularatuko dituzte. Gaztelerazko saioa izango da. Euren bi seme-alabekin munduan zehar ibiliz karabanan bizi diren zirkuko bi artista dira ipuin kontalariok. Haien ikuskizunek, betiko ipuinetatik ateratako antzerkirik kutunena eta akrobazia saio ikusgarriak, zuzeneko musika, umorea eta magia uztartzen dituzte.

Euskal ordezkariak

Lurrak ekoizpenaz gain, Euskal Herriko ordezkaritza zabala izango da, aurten ere, Kalealdian. Hainbat taldek aurkeztuko dituzte euren azken lanak: Kukai Dantza eta Tanttaka Teatroa, Malas Compañias, Marie De Jongh, Pez Limbo eta Markeliñe konpainiek, Garazi Pascualek eta Ivan Gonzalezek, hain zuzen. Dantza, zirkua, kaleko antzerkia eta clown diziplinak uztartzen dituzten proposamenak taularatuko dituzte.

Familia giroan gozatzeko moduko saioak prestatu dituzte uztailaren 1 eta 2ko goizetarako. Familia osoarentzako antzerkia, musika, zirkua eta clown ikuskizunak interpretatuko dituzte. Malas Compañias eta Cafe de las Artes Teatrok hartuko dute ardura hori.

Bestalde, umeentzako zirku tailerrak egingo dituzte, Areatzan, asteartetik ostegunera. 4 eta 12 urte arteko umeek gorputzeko lanarekin lotutako oro landuko dute: disoziazioa, erritmoa eta mugimenduaren hastapena. Helburua ondo pasatzea eta arte diziplina horretara beste modu batean hurbiltzen laguntzea da.

Saioetara propio bertaratutako ikusleak eta Bilbon zehar ostera bat egiten ari diren asko eta asko erakarriko dituzte bateko eta besteko eskaintzek. Ikuskizuna hastera doa.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.bilbokokalealdia.eus