“Bizirik irautea bera da artea gure auzoan, San Frantziskon”

“Bizirik irautea bera da artea gure auzoan, San Frantziskon”

Natalia Salazar Orbe

Bilboko San Frantzisko, Zamakola eta Bilbo Zaharra auzoetako andreei zerbitzu emango dien Emakumeen Etxe bat aldarrikatu dute hainbat elkartek urteetan. Aldarrikapenari berriz helduta, jardunaldiak egin dituzte Galtzagorri, La Posada de los Abrazos-Besarkatuz eta Gaztaroa Sartu-Koop elkarteek. Auzootako emakumeen errealitateari buruz hausnartu dute, protagonistekin eurekin. Galtzagorri elkarteak prest du gura duten Emakumeen Etxearen ereduaren proiektua. Susana Andino (Bilbo, 1969) kideak eman du haren berri, eta jasotako ekarpenen laburpena egin du.

Zergatik da beharrezkoa Emakumeen Etxe bat San Frantziskon?

Gizarte bazterketan murgiltzeko arriskuan dagoen emakume kopuru handia eta kultur aniztasun ezaugarri bereziak ditugu. Auzootan pobrezia tasa oso altua da, eta langabe kopuru handia. Horrez gain, prostituzioa pilatzen den leku bat da. Bestalde, etorkin gehienek hara jotzen dute bizileku bila, eta lana ere bertan bilatzen dute. Emakume etorkinek ez dute erreferentziarik, lekurik edota tresnarik euren egoerari aurre egiten laguntzeko. Horregatik, Galtzagorriko kideok uste dugu oso beharrezkoa dela era horretako topagune bat izatea San Frantziskon. Udalaren aurrekontua oso eskasa da berdintasun arlorako, ordea: %0,13 besterik ez. Horrekin oso gutxi egin dezakegu. Hainbat emakumeen etxe dauzkagu inguruan: Basaurin, Ermuan, Donostian… Arraroa da oso Bilbon, arlo askotan aitzindari izanik, era horretako lekurik ez izatea.

Zer-nolako Emakumeen Etxea proposatzen duzue?

Ezer baino lehen, azpimarratu behar da Bilbo bezalako hiri batek emakumeen etxe bat baino gehiago izan beharko lituzkeela. Bestalde, ondoko zerbitzu hauek izan beharko lituzke: informatika gela txiki bat; emakumeei informazioa emateko gunea; erakusketak eta kultur jarduerak; administrazio alorreko aholkularitza; sukaldea; jantzitegi bat; komunak eta dutxak; ludoteka bat eta jabekuntza eskolaren egoitza. Denek ala denek eskatu dute etxea 24 orduz zabalik egotea.

Zuen proiektuaren ardatz diren bost gai landu zenituzten lantaldeetan. Zein ondorio atera zenituzten, hasteko, emakumeen parte hartze politiko eta soziala sustatzeari dagokionez?

Ni talde horretan aritu nintzen. Politika mailan, modu formalean, emakumeok oraindik ez dugu aurkitu gure lekurik; are gutxiago etorkin direnek. Seme-alabak edo adineko senideak zaintzeko betebeharra daukagu oraindik. Beraz, ez daukagu baliabiderik eta astirik politikari ekiteko. Hori izan da ondoriorik nabarmenena. Betiko kontua da, baina are nabarmenagoa da pobrea edota etorkina bazara.

Zer ondorioztatu zenuten emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko moduei buruz?

Indarkeria pairatu duten bi emakumek euren esperientzia kontatu zuten. Niretzat oso harrigarria izan zen gutxitasun fisikoa edota organikoa duten Bizkaiko pertsonak koordinatzeko Fekoor federazioko kide batek ekarpenen mahaian kontatutakoa. Esan zuenez, genero indarkeria pairatu zutela azaldu zieten erakundeetan alor horretan lanean ari direnei. Eta haiek zalantzan jarri zituzten testigantza horiek. Hausnarketa egin dugu horri buruz. Berriro geratu da agerian indarkeria pairatzeko ere emakumeak nagusi den kanonen barnean sartzen den gorputz eredua izan behar duela. Sinesgaitza iruditzen zitzaien-eta aniztasun funtzionala duen pertsona batek sexu jazarpena pairatzea.

Emakumeen bizi baldintzak nola hobetu litezkeela ebatzi zenuten?

Gauza mordoa atera ziren. Horretarako oso baliagarriak izan dira jardunaldiak. Galtzagorrin hogei emakume gaude, baina guk ezin dezakegu jakin zeintzuk beharrizan dituzten errealitate erabat anitzak bizi dituzten andre guztiek. Euretako batek, esaterako, Emakumeen Etxean jantzitegi bat jartzeko eskatu zuen, lana bilatzeko elkarrizketetarako arropa egokiak gorde ahal izateko. Beste proiektuetan egiten ari diren bezala, yoga eskolak zein ahalduntze eskolarentzako egoitza bat izan nahiko genituzke. Sukalde bat ere jarri gura dugu, beste herrialde batzuetako jakiak nola prestatu ezagutzeko. Tresna oso baliagarria da elkar ezagutzeko eta, bereziki, emakume etorkinak eroso sentitzeko.

Ikerkuntza eta sentsibilizazioaren alorrean, zer nolako hausnarketak egin dituzue?

Iruditzen zaigu Emakumeen Etxean lantzeko ardatzik zailena dela hori. Beste etxeetan zer egiten duten kopiatuko dugu. Tailerrak eta hitzaldiak aurreikusi dira, besteak beste.

Kulturaniztasuna eta jakintzaren elkar trukea da azken ardatza.

Ardatz hori funtsezkoa da guretzat. Besteak beste, Miribillako ikastetxe publikoko guraso elkartekoek esan zuten buruko zapiarenganako beldurra kentzeko saio batzuk egin behar zirela. Horri buruz lan handia dugu egiteko gure auzoan.

Zer-nolako parte hartzea izan zen?

Handia, izugarria. Auzoko emakume askok parte hartu zuten. Bazirudien bakoitzak bere lekua aurkitu zuela, eta hori ez da gutxi. Pozik sumatu genituen. Topaketak egin aurretik ibili gara elkartez elkarte, hiru astez, metodologia lantzen. Emakumeei etxe bat margotu genien, eta galdetu genien zer izan beharko lukeen etxe horrek euren gabeziak eta beharrak asetzeko. Beraz, asko landu dugu. Jendea inplikatuta sentitu da, eta, ondorioz, jardunaldietan parte hartu dute. Gero ebaluazio bat egingo dugu, eta ikusi beharko da zein ondorio ateratzen den.

Non kokatu gura duzue, zehazki, etxea?

Harrobi plazan, San Frantziskon. Oso auzotarrak gara. Bilbo Zaharra plazak badu giroa. San Frantziskoko plazan ere gero eta jende gehiago ibiltzen da: Sarean eta haren inguruan hainbat jarduera egiten dira. Harrobi plaza erabat abandonatuta dago. Ricardo Bastidak egindako eraikin oso polita dago han. Prostitutak artatzeko eta haiei laguntza emateko eraikina zen. Leku horretan gauzatu nahiko genuke gure proiektua.

Udalaren aldetik zein erantzun jaso duzue?

Itziar Urtasun Berdintasun zinegotziari eta haren lantaldeari helarazi diegu proiektua. Ikusminez hartu zuten. Bi bilera egin ditugu eurekin, baina ez da aurrerapausorik izan. Jardunaldietan Berdintasun teknikaria izan zen. Dena den, ez dugu amore emango, eta aldarrikapenarekin jarraituko dugu. Proiektua eurekin batera kudeatu gura dugu. Horretarako, udalaren konpromisoa eta dirua behar ditugu. Udalak Bilbo Zaharrean eta San Frantziskon artearen aldeko apustua egin du. Hor daude Bilbo Arte, Berreginen museoa, ekintzaileei begirako ekimen ugari… Oso ondo dago, denontzako lekua izan behar da gure auzoetan. Baina, ikusita zer nolako langabezia eta pobrezia tasa dauzkagun, eta, etorkinak etorri bai, baina lanik ez dutela lortzen, beste baliabide batzuk behar ditugu. Izan ere, gure auzoan bizirik irautea bera da artea.