GabARRA

Igor Elordui Etxebarria

Ezin izan diot tentazioari eutsi. Titulua ere bera da, testuinguru berrira egokituta. Duela hiru hilabete orrialde hauexetan publikatu zidatena gogora ekartzeko beharra sentitu dut.

Zera nioen orduan, aspaldian ez dela mugimenduan gabarrarik ikusi Ibaizabaleko uretan, ez lanean, ezta Athleticen titulu bat ospatzen, eta, gainera, zurrumurruek diotenez, Athletic gabarra zaharkiturik dagoela eta, gaur-gaurkoz, titulu bat irabazita ere, ezingo litzatekeela nabigatzera atera. Baina etorriko zela debatea, eta seinale ona izango zela, Athleticek lehen postuari tinko eusten ziola eta begi-bistan zegoela Superliga eskuratzeko aukera. Hori horrela, eskatzen nien, Athleticeko bazkide eta 5 urteko alabaren aita baten partez, ligako edo Kopako txapeldun geratuz gero, bai klubari, baita jokalariei eurei ere ez uko egiteko, jende gutxi hurbilduko garen beldurrez, merezi duten horri. Alegia, gabarrari (edo haren parekoari).

Sumatzen nuen gertatu dena, Athleticek Espainiako Superliga irabaziko zuela (zorionez asmatu dut) eta, hala ere, gabarrarik ez zela egongo (tamalez, hori ere asmatu dut). Txarrena da, lerrook idazterako orduan oraindik ez dakidala zergatik. Eta entzun eta irakurri ditut gauzak, gero:

Ezin dela gabarrarena bezalako ospakizun bat egun batetik bestera antolatu. Ez litzatekeela jendetzarik bilduko. Ezin direla gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak konparatu. Profesionaltasunaren bidean aurrera egitea dela garrantzitsua, ez gabarra bera. Hobe genukeela gabarra eskatu dugun guztiok nesken partidetara joatea, eta abar.

Eta egia da, baina: Athleticek liga irabaz zezakeela aurreikus zitekeen. Ondoren, denon esku zegoen erreka bazterrak betetzea. Edozelan, jende gutxi bilduta ere, zer? Gabarra ez da helburu bat, ospakizuna baizik. Badakigu emakumeak ez direla profesionalak —uste dut, bidenabar, profesionaltasunera bidean gabarra ateratzeak kalte baino on gehiago egingo zuela—, baina horregatik ez da txikiagoa meritua. Atera kontuak, atzerritarrez osatuta dauden talde sasi-profesionalak garaitzeko gai izan dira gure neskak. Ezagutu nuen Athleticek liga edo kopa irabazten zutenean jota dantzatzen zuen amama bat; gabarrara ere ez zuen hutsik egingo, eta inoiz ez zen San Mamesera joan; futbola berarentzat niretzat fisika kuantikoa baino arrotzagoa zen. Hori da Athletic niretzat, ez harrera erlijioso-instituzionalak.

Funtsean, injustizia bat egin dela uste dut: neskei gabarra zor zitzaien; ez merezi dutelako soilik, baizik eta irabazi egin dutelako. Horrez gain, parekidetasuna bultzatzeko ez ezik, bazkide eta jarraitzaile bezala, Athletic futbol-talde bat baino gehiago dela munduari erakusteko aukera bat galdu dugula ere uste dut.

Irabaziko dute kopa eta piztuko da berriro eztabaida. Bitartean, proposamen berria egitera ausartuko naiz, aurrekoak baino arrakasta handiagoa izango duen esperantzan: Athleticen himno ederrean jar dezatela “Aupa neska-mutilak!” “Aupa mutilak!” dioen lekuan.