Festa eta elkartasuna, eskutik

Festa eta elkartasuna, eskutik

Natalia S. Orbe

Zail gertatzen da sarri askotan gero eta mundu globalizatuagoaren barruan norberak bere kultur adierazpenei eustea. Eta eginahal hori are zailagoa da horretarako baliabide gutxi dutenen kasuan. Kuban badakite zer den hori. Pinar del Rio probintzian, Viñales herrian, euren tradizioei eusteko mugimenduak indar handia hartu du. Ventana al Valle izeneko proiektua abiatu dute han. Amparo Loizaga da kultur proiektu horren koordinatzailea. “Kuban gertatu diren aldaketek eragina izan dute kulturan ere. Bertako zenbait kide jabetu dira kulturaren funtsa arriskuan dagoela, eta desagertu ere egin daitekeela”.

Euskal Herrian bada Viñalesekoarekin antzekotasun handia duen esperientzia bat: Gernika-Lumoko Astra sormen lantegia. “Kultura sortzeko eremuak dira biak”. Hala azaldu du Kuba bihotzean daraman Kepa Urionabarrenetxeak. Senidetasun horren adierazle, eta Viñaleseko egitasmoari laguntzeko asmoz, Ireki Leihoa Kubari jaialdia antolatu dute astebururako. Astrak, Euskadi-Kuba elkarteak, Ventana al Valle egitasmoak eta Arrano kultur elkarteak prestatu dute.

Loizagak azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak. “Kultur arloan zenbait fenomeno gertatzen ari dira Kuban. Proiektuaren helburua da bertako kultura suspertzea. Gazteenei eta gerturatzen diren turistei Kubako kulturaren mamia ezagutarazteko aukera zabaldu gura diegu”. Arte adierazpen guztiak biziberritu gura dituzte: dantza, repentismoa, eztabaidarako mahaiak, hizkuntza ohiturak, etnografia, historia, biodibertsitatea, ingurumenaren zaintza, betiko gastronomia berreskuratzea eta domino arratsaldeen bultzada.

Sei urte daramatza martxan proiektuak. 150 lagunetik gora ari dira bertan lanean. Baina baliabide ekonomikorik ez dute. Eta, egitasmoak aurrera egin zezan, behar beharrezkotzat jotzen zuten eraikin bat. Euskal Herritik laguntza handia jaso dute horretarako. Gaur eta bihar Gernika-Lumon izango den jaialdian ateratako dirua ere horretara bideratuko dute. Ekitaldietan parte hartuko duten guztiek musu truk egingo dute. Esker ona agertu du Loizagak: “Gainerakoan, ezingo genukeen era honetako ezer antolatu”.

Urionabarrenetxea jaialdiaren antolatzaileak haren asmoen berri eman du: “Jaialdia dirua ateratzeko da, alde batetik. Horrez gain, kulturen arteko ezagutza sortu gura dugu, eta jendeari Kuban eta, bereziki, Viñalesen zer dagoen ezagutarazi”.

Hala, jai giroak eta aldarrikapenak bat egingo dute Astran. Musika, dantza, bertsolari eta repentista, eta mojitorik ez da faltako. Era berean, eta horiekin tartekatuta, hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte.

Elikadura subiranotasuna izango dute hizpide, esaterako, gaur arratsaldean. Urionabarrenetxea harrituta geratu zen Kubara egin zuen bidaian, hango nekazaritzaren eta elikaduraren kudeaketarekin. “11 milioi biztanle dituen irla bat da. Blokeo izugarria jasaten ari da. Ezin dute makineriarik zein jenerorik lortu. Zelan dira gai bertako herritarrak ez ezik urtero dituzten bost milioi bisitariak ere elikatzeko?”. EHNE Bizkaia sindikatuko kide batek emango ditu azalpenak.

Bide batez, Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxe publikoan abiatu berri duten probako proiektu baten berri emango du bertako guraso batek. “Jantokia guraso elkarteak kudeatuko du. Inguruko nekazariei erosiko dizkiete produktuak, eta ikastetxeko sukaldean bertan prestatu. Bertakoa indartu eta hobeto jatea da helburua”.

Euskal Herriko eta Kubako kulturen trukatze gisa, bertsolariak repentista moduan ariko dira kantuan gauean. Josu Goikoetxeak proposatuko ditu Andoni Egaña, Xabi Paya eta Jon Martinentzako gaiak. “Repentismoa eta inprobisazioa zer diren azalduko dute. Beste metrika batzuk baliatuta, gazteleraz abestuko dute”.

Bertsozale elkartea ari da Kubako repentistekin elkarlanean, transmisioak huts egin ez dezan. “Kuban profesional handiak dituzte, baina ahoz ahoko transmisioa besterik ez dute landu. Aitzitik, Euskal Herrian bertsolari elkarteek eta euskal jendarteak lan handia egin dute bertsolaritza sustatzeko”.

Bestalde, Kuban zer gertatzen ari den azaltzeko mahai ingurua antolatu dute biharko. Euskadi-Kuba erakundeak gidatuko du. Loizagaren arabera, helburua ez da hitzaldi bat egitea: parte hartzea eta elkar eragitea dute xede. “Blokeoarekin eta Guantanamorekin zer gertatzen den azalduko dute, baita egoera ekonomikoa eta kulturala zertan diren ere”.

Musika

Kubako jaialdi batean ezin falta zitezkeen bertako doinuak eta dantzak. Gaur D’Capricho taldearen kontzertua izango da. Kubatarrak dira, baina euskaraz abesten dute. Bertsolariak repentista gisa kantuan eta kontzertua entzuten ari direnek, nahi izanez gero, afaltzeko aukera izango dute.

Bihar, Habana 537 taldea ariko da zuzenean, Astrako agertokian. Sarrera bost euro kobratuko dute, eta edari bat eskuratu ahal izango dute sarrera erosten dutenek.

Mojitorik onena dastatu gura duenak aukera paregabea izango du jaialdian: nazioarteko txapelketa antolatu dute. Bi kategoria izango dira: Mojito tradizionala eta bakoitzak nahi duen eran egindakoa. Sariak ez dira nolanahikoak izango: Lehenengoa, Urandere itsasontzian lau lagunentzako txangoa. Bigarrena, zaldi txango bat Elantxobe inguruan. Hirugarrena, lau lagunentzako kanoa ibilbidea Laida eta Gautegiz Arteaga artean. Horiek ere doan eman dituzte.

Erakusketak

Ireki Leihoa Kubari jaialdiko ekitaldi nagusiak gaur eta bihar egingo dituzte, baina aurretik ekin diote motorrak berotzeari. Lau erakusketa zabaldu zituzten joan den astean, eta ikusgai izango dira hilaren 18ra arte. Emakumeak elikadura subiranotasunaren protagonistak; Kuba, solidaritate isilarazia; Kubako kooperazio eta lorkuntzak; Ventana al Valle: proiektuaren irudiak eta bideoak, eta Tasio marrazkilariaren zintak: Kuba leihoa mundua. Besteak beste, Kubaren elkartasuna agerian uzten duten erakusketak dira. “Nahiz eta gabeziak izan, herrialdea apur bat ezagutzen dugunok badakigu beti dagoela laguntzeko prest: hondamendi naturalak gertatu direnetan, beti egon dira laguntzeko prest. Hala ere, komunikabideek ez dute zabaltzen Kubaren irudi hori”, azaldu du Urionabarrenetxeak. Horretaz gainera, Tasioren erakusketak Kubaren azken urteetako historia islatzen du.

Asteburukoa era horretako bigarren jaialdia izango da. Lehenengoa iaz egin zuten, Abadiñon. Loizagak dirua lortzearen garrantzia azpimarratu du. Egin behar duten eraikina bukatu gabe dago. Agertokia, artistentzako gelak eta biltegia izango ditu, besteak beste. “Horrez gain, eremu ireki bat ere aurreikusita dago, ikusleek ikuskizunez gozatzeko eta proiektuko kideek entseguak egin ahal izateko”. Kubako Gobernuaren babesa dute, baina ez dauka diruz laguntzeko modurik.

Ventana al Valle egitasmoaren eraikina, erabilera anitzerako gunea izateaz gain, kulturen arteko harremanak bermatzeko toki ere bihurtu gura dute. “Euskal Herriko dantza talde bat Kubara badoa, leku horretan egin ahalko da trukea. Munduko kulturentzako zabalik egongo den espazioa sortu gura dugu”.

Kultura eta harreman sozialak bultzatzea dute helburu Astrak, Gernikan, eta Ventana al Valle egitasmoak, Kuban. Loizagarentzat, “Astra kultur erreferente bat izan da. Arma lantegi bat izan zen, eta duela hamar urte okupatu zuten. Apurka haziz joan da, eta, egun, kultur erreferente bihurtu da Euskal Herrian. Bi proiektuak behe-behetik hasitakoak dira. Lan eta elkartasun handiz gauzatu dira. Herritarrak sozializatzeko topaguneak dira. Astran Euskal Herriko kultura lantzen dute; eta Ventana al Valle proiektuak, kubatarra. Antzekotasun handiko bi kultura dira”.