“Denon konpromisoa behar du emakume kirolarien aitortzak”

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Oso nekatuta” baina pozarren dago Iraia Iturregi Athleticeko kapitaina (Bilbo, 1985) bere taldeak Ligako titulua eskuratuta; bai baliabide gehiago dituzten taldeei gailendu zaizkielako, bai herritarrek egindako harreragatik. Nabarmendu du oraindik lan handia dagoela emakume kirolarien aitortzan, baina ospatu egin nahi du orain; lortutakoaz gozatu.

Nola deskribatuko zenuke eskuratu duzuena?

Bi arlotan banatuko nuke: kirol arloa eta arlo soziala. Kirol arloan, uste dut izugarrizko garaipena dela, zeren Bartzelonak oso talde indartsua baitu. Kontuan hartu jokalariak profesionalak direla. Arlo sozialean ere lorpen handia da. Asteartean uste dut kirolari emakume guztiak zeudela oso pozik ikusitakoarekin. 10.000 pertsonak baino gehiagok egin zioten harrera emakumezkoen talde bati, eta hori arrakasta handia da. Umeek futbolaren munduan erreferente neskak izan ditzaten ere oso garrantzitsua da.

Emakume kirolariak aitortzeko beharra ikusten ari da gizartea?

Berdintasuna lortzeko oraindik asko falta da, baina uste dut hauek aurrerapausoak direla jendea konturatu dadin emakumeok ere profesionaltasuna dugula; ez ekonomikoki, baizik eta dedikazio aldetik, batez ere. Euskal kirolari piloa daude elitean, baina uste dut oraindik ez daukagula merezi dugun oihartzuna eta errekonozimendua; ez ekonomikoki eta ez sozialki. Hala ere, asteartekoa, adibidez, oso aitortza pozgarria izan zen sozialki, eta ez guretzat bakarrik, baizik emakume kirolari guztientzat.

Polemika handia sortu da gabarra atera behar ote zen edo ez. Ez dirudi eroso sentitu zaretenik eztabaida horren erdian.

Guk argi dugu fokua non jarri nahi dugun: Liga irabazi dugu, eta mundu guztiak ospatu dezan nahi dugu. Komunikabide batzuetan, garrantzi handiagoa eman zaio gabarrarenari, Liga titulua irabazteari baino, eta hori ez dugu gustuko. Alde horretatik, jokalariek esan duguna da: lorpena izugarria izan da, eta nahi duguna da zaleekin gozatu.

Edonola ere, gabarra ez ateratzearen zentzu sinbolikoa…

Bai, bai, nik errespetatzen ditut bi aldeak. Egia da sinbolikoa dela, baina, berdintasunaren ikuspegitik, horretan borrokan dabilen jende pilo batek pentsatzen du atera behar dela. Besteek esaten dute agian ez dugula hainbeste jarraitzaile eta ez litzatekeela hain polita geratuko. Nik uste dut bi arrazoiak errespetagarriak direla. Ez da errespetagarria esatea ez dela atera behar neskak garelako; hori ez. Baina bai bi argudioak.

Egia da azken urteetan gero eta jende gehiago joaten dela nesken partidak ikustera?

Bai, nik aurten ikusi dut desberdintasuna. Kanpora joan garenean ere ikusi dugu jende gehiago egon dela eta alde horretatik oso pozik gaude, horrek esan nahi baitu gero eta interes handiagoa dagoela; telebista ere sartu da…

Arlo sozialean aurrerapausoak eman direla diozu. Eta arlo ekonomikoan?

Egia da klubak azken urteetan garapen bat egin duela; pixkanaka, hobekuntzak egin ditu arlo guztietan. Baina egia da oraintxe bertan guk lanaldi erdiko kontratuak ditugula, eta argi dago zaila dela horrekin bizitzea: batzuk gurasoekin bizi dira; beste batzuek ikasi egiten dute goizetan, eta gainerakoek beste lan batzuk ditugu; ezin dugu futbolaz bakarrik bizi. Egia da hiru jokalarik klubean egiten dugula lan: lanaldi osoko lana dugu, baina goizetan klubarentzat lan egiten dugulako.

Badira beste talde batzuetan futbolaz bizi diren emakumeak?

Soilik Bartzelonan. Bartzelonako jokalari guztiak dira zeharo profesionalak. Horregatik dira goizetan entrenatzen diren bakarrak. Lanaldi osoko soldata dute, eta erreferente dira horretan.

Hala ere, irabazi egin diezue.

Bai… Horregatik izan da bereziki zaila. Jokalari horiek egunero 24 orduz futbolean pentsatzen daude, horretarako bakarrik bizi dira… Horregatik, uste dut oso meritu handia dugula.

Zein da sekretua?

Josebak [Agirre] prentsaurreko batean azpimarratu zuen zelako profesionaltasunez aritzen garen jokalariak eta zelako mentalitate lehiakorra dugun. Bestalde, nik uste dut jokalariak oso kontziente garela non gauden, zer esan nahi duen Athleticen jokatzeak eta zein garrantzitsua den klubarentzat asteartekoaren moduko momentuak bizitzea. Horretan, filosofiak indarra ematen du: jokalari euskaldunak bakarrik egoteak… batetik, zailtasun handiagoak dakartza Liga irabazteko, baina, beste alde batetik, indarra ematen du, zeren, azken batean, kuadrilla baten moduan aritzen baikara. Eta, gero, argi dago futbolean ere ondo aritzen garela. Aurten guztia batu da: beteranoak ondo aritu gara, eta gazteak ere bai. Zaila izaten da belaunaldi onak biltzea, baina uste dut aurten hala gertatu dela.

Athletic desberdina dela esaten da. Zergatik?

Batetik, filosofiagatik. Jokalariak oso konprometituta gaude, eta, beste klubekin konparatuta, uste dut gure taldea errespetu handiagoz tratatzen duela gureak. Zaleek ere bai. Lezaman, hamabostero, 1.000-1.500 zale biltzen ditugu gutxienez. Beraz, alde horretatik, ez dakit zer daukagun, baina egia da bereziak garela.

Kopari begira zaudete dagoeneko. Zer espero duzu?

Athleticen emakumezkoen taldeak oraindik lortu ez duen titulua da kopa, eta, horregatik, ilusio handia egiten digu lehiaketa horrek. Beraz, azken ahalegina egin behar dugu. Liga luze egiten ari zaigu; egia da mentalki eta fisikoki oso nekatuta gaudela, zeren liga oso-oso gogorra izan baita, baina azken ahalegina egin behar dugu. Nahiko nieke zaleei beste titulu bat eskaini.

Nola begiratzen diozu etorkizunari?

Koparen ondoren, Europako Txapeldunen Liga dugu datorren urtean, eta hori ere oso polita da. Athleticen izena, Bizkaiarena eta, zergatik ez, Euskal Herriarena Europa osora eramateak ilusio handia egiten dit niri, eta gozatu egin nahi dut, lehiatu. Bestalde, sozialki, ea aurrerapauso bat ematen dugun: ea San Mamesen jokatzeko aukera dugun Txapeldunen Ligan, eta ea jendea animatzen den; guretzat garrantzitsua da hori. Ez soilik astearteko ospakizuna bizitzea. Ea egunerokoan oihartzun handiagoa dugun komunikabideetan eta gero eta zale gehiago etortzen diren partidetara.

Denen bultzadarekin lortu daitekeela berdintasuna, alegia?

Bai, argi dago. Pertsona askoren lana da hau, guztiona: politikariena, klubena, jokalariena, gizartearena… Zaila da, baina uste dut denon konpromisoa behar duela emakume kirolarien aitortzak, emakumeei merezi duten errekonozimendua emateak. Guk egin behar duguna egin dugula uste dut: zelaira irten, partidak irabazi, dena eman, eta tituluak irabazi ahal badira, hobeto, zeren horrek oihartzun handia baitu eta emakumezko erreferenteak sortzen laguntzen baitu.