Ainhoa Larrabe Arnaiz
Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?”. Galdera horri erantzuteko hitzordua dute igandean ispastertarrek. Erabakitzeko eskubideari hautetsontzia jartzeko erronka hartu dute bertan. Eta irudi bera errepikatuko da Azpeitian, Debagoienean, Goierrin (Gipuzkoa) eta Aramaion (Araba) ere. Baina igandeko galdeketak ez dira ekimen bakanak izango. Euskal Herriko hamaika herritan adierazpen egunak egingo ditu plataformak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak jasotzen aritu dira azken hilabeteetan herritarrak, eta horiek aurkezteko ekitaldiak egingo dituzte asteburuan. Bizkaiko herri batek baino gehiagok herri galdeketa ere iragarriko du datozen egunetan. Loratu egiten da Gure Esku Dago udaberrietan.
Duela bi urte egin zen etorkizunari buruzko lehen herri galdeketa Euskal Herrian, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Kasu bakan bat izatetik urrun geratu da 2014ko lehen bozketa hori. Eta zerrenda baten hasierako izen bihurtu da Etxarri-Aranatz. Hilabete gutxira, Bizkaiko Arrankudiaga Zollok hartu zuen sakandarren testigua. “Nahi duzu euskal estatu subirano bateko herritar izan?” galderari erantzun zioten bertako herritarrek 2014ko azaroan. Parte hartzea %61,5ekoa izan zuen, eta %89,6 agertu ziren euskal estatuaren alde Arratiako herri horretan.
Zerrenda horri Ispaster gehituko zaio igandean. Eta Dima izango da hautetsontziak jarriko dituen hurrengo herria. Hilaren 19an erantzungo diote dimoztarrek parte-hartze prozesu baten bidez adostu duten galderari: “Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura duzu?”. Gero eta luzeagoa da Bizkaian galdeketa egingo duten herrien zerrenda. Aulesti, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Barrika, Lemoiz, Urduliz eta Arrigorriagan datorren urteko udaberrian galdetuko dute etorkizunari buruz. Iragarpen ofizialak dira horiek. Baina ez da behin betiko zerrenda. Izan ere, Bizkaiko beste hainbat herritan ere galdeketa egiteko asmoa du plataformak. Ziurrenik, datozen asteetan emango dute asmo horien berri.
Hirugarren urtemuga
Azken urteetan egindako lanaren fruituak dira asteburu honetan jasoko direnak. Izan ere, asteazkenean hiru urte beteko dira Gure Esku Dago sortu zenetik. Hiru oinarriren baitan herritarren arteko elkarguneak sortzeko erronka hartu zuen plataformak: Euskal Herria herri bat da. Etorkizuna erabakitzeko eskubidea du. Eta erabaki hori hartzea euskal herritarrei dagokie. Ardatz horien baitan herritarrak saretzen aritu zen herri dinamika urtebetez, eta lehen urtemugan Durango eta Iruñe arteko 123 kilometroak eskuz elkartu zituen Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Aurreikuspen guztiak hautsi zituen kateak, 150.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu baitzuten. Azken hamarkadetan Euskal Herrian izandako ekitaldirik jendetsuena izan zen ordukoa, eta “historikotzat” jo zen. Mugarria izan zen giza katea, eta aldarrikapenak herritarren artean izan zuen atxikimendua are gehiago zabaltzeko lanean, eskua emanda jarraitu zuen herri ekimenak, “erabakitzeko eskubidearen aldeko borondateak batzen”.
Udaberritik udaberrira jauziak eman ditu plataformak. Eta iazko ekainean ere, hautetsontziak irudikatzeko ekitaldiak antolatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Aurrez, herri eta auzoetan oihal bidez jositako atxikimenduen oihalak elkartu zituzten hiriburuetako estadioetan. Milaka lagunek hartu zuten orduko ekimenean ere. Baina giza kateak ez bezalako irudia utzi zuen ekitaldiak: leku hutsak ere bazirelako estadioetan.
Ez zuen lanean jarraitzeko gogoa galarazi horrek. Are gehiago, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikan jarraitzeko beste arrazoi bat ikusi zuen Gure Esku Dago-k aulki huts horietan. Hala azaldu zuen Angel Oiarbide plataformako bozeramaileak ekitaldi horien balorazioa egiteko unean ere. “Aulki hutsek erakusten dute herri honetan asko dagoela oraindik josteko, erabakitzeko eskubidea oinarri bat izan dadin”.
Oihalez jositako hautetsontzi horien erabilera egunera iristeko Eskura izeneko gogoeta prozesuan murgildu zen plataforma estadioetako ekimenaren ondoren. Eta udazkenean eman zuen hausnarketaren berri. 2018. urtean jarri zuen plataformak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko data, eta horra iritsi bitarteko bide orria ere zehaztu zuten bertan. Hor kokatzen dira asteburuan Bizkaiko eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako herrietan egingo diren erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak, Alex Zenarruzabeitia Gure Esku Dago-ren Bizkaiko arduradunaren arabera. “Hiru geltokiko bidea marraztu zen Eskura hausnarketan. Lehena, herriz herri eta auzoz auzo erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak adostea. Bigarrena, Euskal Herri mailan, eskubide beraren aldeko ituna osatzea. Eta azken urratsa, erabakia bera hartzea”. Lehen urrats horretan buru-belarri ari dira lanean herri ekimeneko kideak urtarriletik.
Bidearen garrantzia
Isilpekoa izan da azken hilabeteetan Gure Esku Dago-ko kideek egin duten lana. Herritarrekin elkartu, hausnartu eta erabakitzeko eskubidearen inguruko adostasunak biltzen aritu dira tokian toki. “Lan handia egin dugu barnera begira, eta akaso azken boladan gutxiago ikusi da gure lana kalean. Baina aurrera begirako urratsak adostu ditugu, eta adierazpenaren aldeko lanean gogotsu aritu dira lanean herrietan”. Oinarri sendoa jarri dute tokian toki egin dituzten harremanetan. “Metro bat ala oihal zati bat saltzea errazagoa da herritarrak mahai beraren bueltan esertzea baino. Harremanak eta konplizitateak sortu dira, eta sukaldeko lan horrek garrantzi handia du. Sorpresa asko hartu ditugu harreman dinamika horretan jasotako erantzunekin”.
Galdeketa egunean baino, horra iristeko bidean jarri du arreta plataformako kideak. Azaldu du etorkizunari buruzko galdeketa egiteko baldintzak sortzen aritu direla herri eta auzoetan. Erabakien adierazpenetan islatu dituzte atxikimendu horiek guztiak. Eta asteburuan aurkeztuko dituzte horietako asko. “Lekuan lekuko errealitatera egokitutako adierazpenak egunotan aurkeztuko dituzte”.
Behetik gorako mugimendua da Gure Esku Dago. Eta herri eta auzo bakoitzak bere ezaugarrien arabera egiten du lan. Edonola ere, adierazpen guztiek bizkarrezur bera dutela azaldu du Zenarruzabeitiak: “Etorkizunaz erabakitzeko nahi bat adierazten dute denek”. Prozesu horren mugarria izango da asteburua. Orain arte egindako lan horren guztiaren “loratzea”, alegia.
Herri galdeketa ugari espero dira 2017. urterako Bizkaian. Oraingoz, 11 herritan iragarri dituzte bozketak. Baina baliteke asteburuan zerrenda horretan herri gehiago sartzea. Zenarruzabeitiak azaldu du aurrez baldintzarik izan ez den tokietan ere aurrerapausoak nabaritu dituztela plataformako kideek. “Herritarren eta Gure Esku Dago-ko herrietako kideen aldetik aldaketa nabaritu da galdeketei dagokienez. Aurretik planteatu ere egiten ez zen agertokia posible dela ikusi dute adierazpen prozesuan sortu diren harremanekin”. Horra bideak duen garrantziaren beste adibide bat.
Lehen olatua
Mugarria izango da aurtengo udaberria Gure Esku Dago-rentzat. Indar handiagoarekin ala txikiagoarekin, baina udaberriz udaberri loratu den herri ekimena dela erakutsi du plataformak orain arte. Igandean, Euskal Herriko 34 udalerritan egingo dute galdeketa. Ia 148.000 biztanlek egingo dute botopapera hautetsontzian sartzeko ariketa. Gainontzeko herrietan, erabakitzeko eskubidearen aldeko sinergiak batzen jarraituko dute asteburuan. Antzerki, bazkari ala egun osoko jaien bitartez, beste bultzada bat emango diote etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenari. Mugimenduari adjektiborik jarri baldin bazaio, “alaitsu” eta “koloretsu” gisakoak jarri zaizkio. Eta halakoak espero dituzte datozen egunetako adierazpen egunak ere.
“Erabakiaren aroan” murgilduta dagoela adierazi zuen plataformak Eskura gogoeta aurkeztu zuenean. Eta erabakiaren lehen olatua izango da igandekoa. Ez azkena, ordea. Halakoa espero dute datorren urteko udaberria ere. Eta begirada 2018koan dute jarria, Hego Euskal Herriko hiru milioi biztanleak hautetsontzietara deitzeko erronka jarria baitu herri ekimenak. Lanerako erreferentzia gisa jarri dute data, faktore bik baldintzatuko baitute marraztu duten bide orriaren epeak betetzea. Bat: tokian tokiko adierazpenek duten adostasunerako gaitasuna. Eta bi: erabakitzeko itunaren aldeko adostasun mailak.