Otxandion gertatu zen

Igor Elordui Etxebarria

Otxandioko denda batera sartu ziren bi euskara-irakasle erosketa batzuk egitera. Dendariari euskaraz eskatu zion, nola bestela, haietako batek. Dendariak, baina, erdaraz erantzun zion: bera kolonbiarra zela eta bere hizkuntzan egiteko, hau da, gazteleraz. Bota zion, gainera, gazteleraz ez badaki, bada, ikasteko. Irakasleak, dendariaren jarreragatik asaldatuta erantzun zion: “Ikasi zuk ere nirea, nirekin datorren hau kubatarra da, eta ikasi du”. Dendaria, harroxko, ingelesez hasi zen orduan, ingelesa ikasteko aholkatuz. Baina, gauzak zer diren, gure kubatar euskalduna, euskara-irakaslea izateaz gain, ingeles-irakaslea ere bada. Bigarrenez entzun behar izan zuen dendari harroputzak, suabe-suabe eta ingeles perfektuan, euskara bertako hizkuntza dela eta ikastea komeni zaiola.

Arratiako AEKren asteburuko barnetegian gertatu zen. Ikaslez eta irakaslez osatutako lagun-kuadrilla ederra elkartu ginen Otxandion. Ederto pasatu genuen, eta, hiru egunez, euskara gozatu eta euskaraz disfrutatu genuen: jolasak, dantzak, txitxi-burruntzia, Oka-joko erraldoia, kantu-poteoa… Eta gehiago: herrian egin genuen ginkana baten bidez jakin genuen Otxandio XIII. mendean sortu zela; bertatik pasatzen den erreka Urkiola dela; Otxandion, garai batean, burdinola pilo bat zeudela, eta horregatik dagoela plaza nagusian Vulkanoren omenez iturria, estatua eta guzti, sua eta metalaren jainkoa delako; jakin genuen, halaber, 1936ko uztailaren 22an Otxandio bonbardatu zutela frankistek eta 57 hildako egon zirela; ikasi genuen, hori ere bai, Bittor Kapanaga otxandiarrak idatzi zuela Araban bagare kanta ezagunaren letra; hori, eta beste gauza asko. Horra hor, bere neurrian, herri txiki euskaldunentzako —euskararen erabileran beherakada kezkaz bizi den honetan—, euskararen erabilera eta turismoa sustatzeko ekintzabide polita. Baina hau idaztearen arrazoia ez da hori.

Zaila da esatea zer den kasualitatea, eta zer ez. Baina kontua da Otxandioko dendari kolonbiarrari euskara-irakasle kubatarrak erantzun ziola ingelesez. Eta Leo, gure kubatar maitagarria ez ezik, asteburuko barnetegian parte hartu zuten ikasle gehienak Euskal Herritik kanpo jaio zirela: kolonbiar bat, boliviar bi, alemaniar bat, kataluniar bat, burgostar bat… lanagatik, familiagatik, ikasketengatik, maitasunagatik edo dena delakoagatik hona etorri direnak. Eta horiekin batera gerra ostean euskara galdu zuten familietako ondorengoak.

Amparo, Txutxi, Juanra, Kathrin, Susana, Jessi, Itzi, Guillem, Nuria, Beti, Mertxe, Arantza, Yasmin… Hau zuengatik eta zuentzat idatzi dut, zuek bezala euskara ikasten ari diren guztiak gogoan; maitasunez eta, espero dut, ulertzeko moduan. Lortuko duzue euskaldun izatea, zeren ez dago euskalduntasuna neurtzeko agiri hoberik euskaldun izan nahi izatea baino. Bejondeizuela, eta eutsi goiari.