Kaiola festibala

Mursego
Bertatik bertara. Maite Arroitajauregik sortutako taldea da Mursego. Txeloa musika tresna oinarri hartuta egindako ikuskizuna da Mursego bakarlariak egiten duena. Hiru disko argitaratuak ditu  Arroitajauregik, eta gero eta sona handiagoa du haren lanak.
Europako musika jaialdietan ere parte hartu du.

Ora Cogan
Kanadatik zuzenean. Folk amerikarra egiten du Ora Cogan bakarlariak. Hainbat disko kaleratu ditu artistak, baina Shadowland azken lana aurkeztuko du bihar Galdakaon emango duen kontzertuan. Gitarra eta ahotsarekin soinu hipnotikoak ateratzen ditu abeslariak, eta giro psikodelikoa sortzen du emanaldietan.

Asuna
100 keyboards/100 toys. Emanaldirik berezienetakoa izango da Asuna Arashi japoniarrarena. 100 jostailu izeneko egitasmoa da Galdakaon aurkeztuko duena, eta Casiotone pianoak dira emanaldiaren oinarria. Gitarra, jostailuak eta gailu elektronikoak erabiliz musika elektronikoa, hip hopa eta hardcore punk soinuak aterako ditu.

Dual-Splitt
Estreinaldia. Bi kide berri gehitu zaizkio Maia eta Baptiste Ibar musikariek osatutako musika taldeari. Willis Drummond-eko Felix Buff bateria eta Napoka Iria-ko Miren Narbaiza abeslari eta gitarra jolea. Oraindik ere ez da laukotearen lana argitaratu. Eta horregatik da berezia biharko emanaldia: lehen aldiz aurkeztuko dute zuzenean.

Oddateee
Bronxeko doinuak. Hip hop doinuak eramango ditu oholtzara Ricky Galindez Oddateee puertorricarrak. Gaztetatik New Yorken bizi izan da artista eta hango eragina nabaria du bere lanean. Hip-hop ilun gisa ere izendatu dute bere estiloa. Bakarrik izaten da oholtza gainean, eta berak sortzen ditu soinu guztiak, zuzenean.