Natalia Salazar Orbe
Ezinegona eta urduritasuna nagusi. Orduak ez doaz aurrera ziegako lau hormen barruan. Patioan ere artegatasun horretatik ihes egin nahi, baina ezin. Mingaineko minbizia izan du Gorka Fraile preso durangarrak. Azken proben emaitzak jakinarazi dizkiote oraintsu: onak izan dira. Hala jakinarazi dio kartzelako familia medikuak. Baina ez du izan aukerarik mediku maxilofazialarekin hitz egiteko. Azken hileetako garraztasuna pixka bat gozotu duen albistea izan da. “Dena den, bera ez da asko fido”. Hala azaldu du Ainhoa Sergio lehengusinak. Ez da harritzekoa. Prozesu osoan pairatu dituen tratu bidegabea eta utzikeria salatu ditu sendiak.
Emaitza horiek aldi baterako lasaitasun izpi bat zabaldu dute familiarentzako ere. Hala ere, hileetako eskaerari eutsi diote: etxera eraman dezaten nahi dute. “Minbizi bat pasatu ostean, kontrol handia beharrezkoa da. Kasu batzuetan, bost urtera ematen dizute alta; beste batzuetan, hamarrera”.
Kartzelak kontrol hori ez duela bermatzen sinetsita daude. “Orain artean, jakin gabe emaitza onak edo txarrak izango ziren, inolako kontrolik gabe izan dute. Orain, beldur gara ez ote dioten esango emaitzak onak izan direnez, besterik egin beharrik ez dagoela”.
Minbizia bezalako edozein gaixotasun larriren berri izatea kolpe gogorra da edonorentzako. Gorka Frailek Badajozeko (Espainia) espetxean izan zuen haren berri. Etxetik 750 kilometrora giltzatuta, eta bakarrik. Diagnostikoa egin aurreko zein osteko prozesua oztopo eta eskubide urraketez josia egon da.
Fraile bera konturatu zen mingainean atera zitzaion puntu zuri bat ez zela edozein zauri bezalakoa. Etxean ere ezaguna zuen minbizi mota hura. Aitak pairatu zuen eta. 2014ko abendua zen. Kartzelako medikuarengana jo zuen, kezkatuta. “Onddoak izango zirela esan zion”. Berak ezetz , eta mesedez ondo begiratzeko. “Onddoen kontrako tratamendua hartu zuen bi astez. Baina ez zitzaion kendu, noski”. Berriz ere joan zen sendagilearengana. “Sexu bidez transmititzen den gaixotasuna zuela esan zion orduan”. Frailek bazekien hura ere ezinezkoa zela. “Beste diagnostiko txar bat, beraz”.
Azkenean, luze tematu ostean, ospitalera atera zuten. “Biopsia bat egin zioten eta positibo eman zuen”. Ekainaren 9an egin zioten ebakuntza.
Amesgaiztoa hasi besterik ez zen egin. Ebakuntza bezperan hasi ziren irainak eta mehatxuak. Zaintza lanetan ari ziren poliziek eskuburdinak jarrita izan zuten une oro. Gauean ez zioten utzi lorik egiten. Ebakuntza-gelara ere sartu ziren. “Egoera haren aurrean, ebakuntza bertan behera uztea ere pentsatu zuen. Oso gogorra izan zen. Psikologikoki min handia egin zioten”.
Herritarren zein instituzioen babesa jaso zuen Frailek gertakari haien ostean. “Herritarrak asko mobilizatu ziren. Insitutzioek ere azalpen eske deitu zuten”. Tratua zuzena izatea lortu zuen uholde hark. Hala ere, erizain baten aurkako salaketa ere jarri behar izan zuten. “Sendaketa lanak egiten ari zitzaiola barre egiten zion, poliziekin batera”.
Uztailean ikusi zuen berriz ere medikuak. “Bi minutuz besterik ez zion begiratu. Zauria ondo zegoen soilik aztertu zuen”. Aurrerago beste proba bat egingo ziotela jakinarazi zion.
Baina hileak aurrera zihoazen, eta agindutako probaren berririk ez zegoen. “Azaro aldera egingo ziotela esan zioten gero. Hilabete hura hurbildu ahala, urduritasuna areagotuz zihoan. Pasatu zen azaroa, eta ezer ez. Urtebete pasatu arte ez ziotela egingo jakinarazi zioten orduan”.
Joan den apirilaren 29an eraman zuten Badajozeko ospitalera. Ordenagailu Bidezko Tomografia Axiala egin behar zioten. Eskuburdinak jarrita egin zuen espetxetik ospitalera arteko bidaia. Baina proba egiteko makinan sartu aurretik kendu egin zizkioten. OBTA egiteko arduradunak berriro eskuburdinak jar ziezazkioten esan zien poliziei. “Gorka oso urduri jarri zen. Hori ez zela modua proba egiteko esan zion. ‘Horrela etorri zara eta horrela egin behar dizut’, esan zion medikuak. Ez zuen ezer ulertzen, belarritakoak eta antzekoak kentzeko eskatu zion berberak agindu zuen eskuburdinak jar ziezazkioten”.
Egoera haren aurrean oso urduri jarri zen. “Erizainak kontrastea sartzeko orratza jartzen ez zuen asmatzen, Gorkak eskumuturrari ezin ziolako buelta eman. Lasaitu egin behar zuela esaten zion, baina oso zaila zen”.
Psikologikoki kalte handia egin dio egoera horrek guztiak. “Ebakuntzan gertatutakoa berriz ere bizi zuen. Gauetan amets gaiztoak izan ditu. Presio handia pairatu du”.
Udalaren mozioa
Etxeratek, familiak zein Argentinako Maiatzeko Plazako Amek ere salaketak jarri dituzte. Familia pozik dago gertatutako guztia oihartzuna izaten ari delako. Durangoko Udalak presoa askatzeko mozioa onartu zuen joan den hilean. Indarra ematen dio horrek guzti horrek Fraileri.
18 urte bete ditu espetxean durangarrak. 44 dauzka. Carabanchel, Aranjuez, Caceseres eta Badajozeko espetxeak ezagutu ditu. Bizi izan duen arduragabekeria kontuan hartuta, etxera itzultzea beste irtenbiderik ez du ikusten familiak.