Natalia Salazar Orbe
Hunkituta iragarri zuen Pablo Berasaluzek pilota profesionala utziko zuela, joan den otsailean. Emozio hori berriz etorriko zaio gogora gaur gauean. Omenaldia egingo diote Berrizen, bere jaioterrian. Hainbat herri eta ekitalditan goraipatuko dute Berasaluzeren ibilbidea, frontoietan modu profesionalean jokatzeari behin betiko agur esan baino lehen. Uda bukaeran izango da hori. Gaurkoa berezia izango da. Hala uste du protagonistak berak ere: “Urte asko daramatzat hemen jokatu gabe. Pilotari gisa herri honetan hazi nintzen. Egingo dizkidaten omenaldi guztien artean egunik politena izango da”.
21:00etan emango diete hasiera ekitaldiei. Berasaluzek 1998an debuta egin zuenez geroztik, Berrizen izena goraipatu izana eskertuko diote bertaratzen diren herritarrek. Eta aitorpena egingo diote urte luzez pilotaren elitean egin duen ibilbideagatik. Pilotari profesionalen arteko partida bat antolatu dute gaueko ekitaldi nagusi gisa. Hala ere, ezustez betetako ikuskizuna iragarri dute.
Herrian profesionaletan lehiatzen diren bi pilotarietako bat da Berasaluze II.a. Ibai Zabala da bestea. Elkarrekin ariko dira Elezkano II.a eta Untoriaren aurka, omenaldirako partidan.
Dena den, Berrizko pilota eskolako kideek prestatutako partidak emango die hasiera omenaldiko ekitaldiei. Pilotariari eskerrak emateko lehen ekitaldia hasiko da ostean. Ondoren lehiatuko dira Agirre eta Ladis Galartza, Arteaga eta Apraizen kontra. Profesionalen lehia abiatu baino lehen, beste une hunkigarri bat prestatu dute omenduarentzat.
Urteak Berrizen jokatu gabe
Hamalau urte inguru pasatu dira Pablo Berasaluzek Berrizko pilotalekuan partidarik jokatu ez duenetik. Frontoia berritu gabe zegoen artean. Hala, aspaldiko oroitzapenek eta ezustekoek zein esperientzia berriek topo egingo dute gaurko omenaldian. Partiden garaileen gorabehera, emozioak izango dira gaurko protagonistak.