Igor Elordui Etxebarria
—Egun on.
—Egun on, Koldo. ¿Solo, no?
—Bai, sakarinarekin.
—Hoy viene cambio. Ya sabes, el fin de semana.
—Sí….
Kafeari sakarina bota, koilaratxoarekin eragin, eta lehenengo zurrupadarekin zabaldu du BERRIA. Bigarren orrialdean gelditu da. ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua osatu du Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 taldeak:
Euskara gaztelaniaren parean egotea jarri dute hizkuntz politikaren oinarri… Nahi duenak nahi duen hizkuntza hautatu ahal izatea… Euskaraz ikasteko hasierako mailak doakoak izatea… Aurrerapen nabarmena egin du euskarak azken hamarkadetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nola segituko duen, proiekzio bat egin dute 2036ra begira…
Bigarren zurrupada eman dio kafe beltzari. Artean kikarari atzamarrekin eutsiz segitu du irakurraldia:
Hiru herrialdeetako biztanleen ia erdiak euskaldunak izango dira. Gazteen artean, %80 baino gehiago… Euskararena auzi politikoa da, zentzurik zabalenean. Euskarak politika behar du, baina etsairik handienetako bat politikakeria du … Jomuga da herritar guztiek eduki dezatela modua zein hizkuntzatan aritu nahi duten hautatzeko… 2036rako iragarpenak gogoan hartuta, baldintza soziolinguistikoak hobetu egingo direla nabarmendu dute… Erabilerara jauzi egitea da erronka…
Hirugarren zurrupadarekin utzi du kikara platertxoan. Bildu du egunkaria besapean, eta irten da tabernatik.
—Agur.
—Agur, Koldo, hasta el lunes.
—Astelehenera arte, bai.
Bulegora bidean, hogei urte barruko egoera irudikatu du:
Hogei urte barru, tabernako zerbitzaria euskalduna izango da, edo, behintzat, orain baino euskara gehiago egingo du.
Hogei urte barru, tabernetan egoten diren egunkarien artean BERRIA egongo da. Gainera, agian, beste egunkarietako edukien heren bat edo euskaraz izango da.
Hogei urte barru, euskaltegiak euskara ikasteagatik ezer ordaindu behar izango ez duten etorkinez beteta egongo dira.
Hogei urte barru, Eusko Legebiltzarrean euskararen erabilera sustatzeko neurriak onartuko dituzte, aldibereko itzulpenaren beharrik gabe.
Hogei urte barru, ikasketa guztiak euskaraz egin ahal izango dituzte gazteek, berdin lanbide-heziketan zein unibertsitatean.
Hogei urte barru, ez du derrigorrean gehiena erdaraz egin behar izango kuadrillako guztiak elkartzen direnean.
Hogei urte barru, euskaraz egin ahal izango du medikuarenean, epaitegian…
Hogei urte barru, hogei urte barruko Afrika Baeta euskaraz arituko da (oxala baita Nafarroarako).
Semantika kontuak aparte, hogei urte barrurako helburuak hogei urte lehenago ere ezar zitezkeela iruditu zaio. Baina, halere, esan ohi den bezala: “Non sinatu behar da?”. Irribarrea atera zaio. Erretiroa, behintzat, euskaraz gozatu ahal izango du.
Gardelen tango batekin akordatu da, hogei urte ez dela ezer dioen harekin, eta horixe txistukatzen sartu da lanera.