Nerea Ibarzabal
Otsailean, Turkiako Parlamentuan, telefono bat gerturatu zuen mikrofonora HDP alderdi kurduko kide batek. Ahots beldurtu bat entzun zitekeen, Cizretik deika —Turkia hego-ekialdeko hiri kurdua— , soldadu turkiarrek suntsitutako eraikin batean ezkutatuta zeudela esanez. Laguntza eskatzen zuten, militarrek eraikina inguratuta zeukatenez ezin zutelako handik ihes egin. Egun gutxira bizirik erre zituztela zabaldu zen hedabide txiki eta alternatiboetan. HDPk lortutako datuen arabera, 2015eko uztailetik 282 zibil kurdu hil ditu Turkiak Cizren, horietako 177 bizirik erreta. Hamar bat gorpu identifikatzea lortu dute momentuz.
Hala kontatu digu etxean astebetez izan dugun lagun kurduak. Berez egun lasai batzuk pasatzera etorri arren, mugikorrari heldu eta wifira konektatuta egon da ahal izan duen guztietan, tankera horretako albiste gehiago etorriko diren ziurtasunarekin. Lekeitioko faroan kafe bat hartu bitartean esaten zuen, “bi mutil kurdu ospitalean daude larri, parke batean kurdueraz hitz egitearren eraso egin dietelako”. Edo Zarautzen pintxo batzuk jan ahala erakuts zitzakeen Turkiaren menpe dauden hiri kurdu nagusietako bideoak, non bandera zuriekin kaleko gorpuak jasotzera ateratzen ziren zibilak tiroz hiltzen dituzten soldadu turkiarrek.
Euskal Herriko hiriak ezagutu ahala zerrendatu dizkigu dagoeneko guztiz suntsituta eta hutsik dauden Kurdistango hirien izenak. Guk hormetako pintaden itzulpena egin bitartean, bonba batek eztanda egin du Diyarbakirren. Maiatzaren 1a poliziaren eta herritarren arteko gerra izaten da Turkiako hirietan, eta guk, manifestazioaren zain, Sestaoko herrikoan kafe bat eskatu dugunerako, lau hildako daude han. Astebete igaro eta itzuli da laguna Istanbulera, eta berarekin batera joan da Turkiak eta Europak ezkutatu nahi duten informazioa, aurrerantzean hona distortsionatuta edo beranduegi iritsiko dena.
Aitortzen dut egunotan konplexu moduko bat sentitu dudala euskaldunok pairatzen ditugun injustiziez hitz egin diodanean. Badakit konparatze hutsa absurdoa dela, bai, baina espero baino zuriago eta mendebaldekoago sentitu naiz, zapaltzaileago, adiskide zapaldu baino. Turkiaren menpe dagoen Kurdistango zatiaz ari gara, errefuxiatuak mantentzeko Europaren dirua jaso duen Turkia horretaz, giza eskubideak sistematikoki urratzen dituenaz, gure baimenarekin.
Kurdueraz txorien hegalei bask esaten zaiela kontatu digu, eta milaka esaldi sentimental bururatu zaizkit ordutik bi herrien askatasunaren inguruan. Baina ez dakit legitimitaterik dudan honi buruz poesia egiteko, aste honetan behintzat.