Maiatzaren lehena domeka da

Igor Elordui Etxebarria

Egoera ekonomikoa hobetzen doala diote, bagoazela burua ateratzen, apurka-apurka. Baina ez da hori dendetan, fabriketan, tabernetan, finean, etxeetan sumatzen dena. Badaukat lagun bat: 46 urte, bi seme eta hipoteka bat. Bere lantegia itxiko dute (BERRIAko ekonomia orrialdeei erreparatu badiozue jakingo duzue zein den ere). Gurean ere, anaiak bost urte egin ditu langabezian, curriculumak bidali eta bidali, ikastaroak egin eta egin. Berak ere seme-alaba bi eta hipoteka; egunero bazka eman behar zaion etxeko apopilo madarikatua. Topatu du, azkenean lana, bai, baina nolakoa? Soldata eskasa, ordutegi eskasagoa, oporrik apenas ez. Aita, jada jubilatuta, autonomo izandakoa, pentsio miserable batekin bizirauten. Neuri buruz ere, zer esango dizuet, bada? Soldata urri baten truke euskalduntze lanean —gustuko lanean eta gustuko lekuan, eskerrak horri—; heltzekotan, 67 urterekin helduko den erretiro prekario batera bidean. Eta gaitz erdi! Zeren eta, zer esango dute gurasoen etxean bizitzera kondenatuta dauden ikasle-langabetu beti gazteek? Senarraren soldataren edota pentsioaren pentzuan bizi diren emakumeek? Beste diru-sarrerarik ez eta gizarte-laguntzen baitan dauden familiak? Esango digute gura dutena, baina, gaur-gaurkoz, inguruan dakusagun errealitatea hori da, nahiz eta, hauteskundeak hurbildu ahala, langabezia arean jaitsi dela gogoraraziko diguten etengabe zenbaitzuek.

Eta horrela gauzak, heldu da, beste behin, maiatzaren lehena. Etzi izango da, domekaz. Ohiko liturgia izaten da askorentzat —niretzat ere bai-, maiatzaren lehenean manifestaziora joatea, poteoa egitea eta lagunekin bazkaltzea. Aurten, baina, maiatzaren lehena domeka da, eta, noski, igandea izanik, gerta zitekeen hori gertatu da: Athleticen partida garrantzitsu bat dago eguerdiko hamabietan Bilbon. Sindikatuek mobilizazioetara deitzen duten ordu eta leku bertsuan, gainera. Aitortuko dizuet: litekeena da San Mamesera joatea, futbola herriaren opio berria bada, ni yonki totala bainaiz. Seguru asko ezingo dut ekidin halako ondoez bat, halako damu bat; batez ere, zelaira bidean banderola, pegatina eta megafoniadun sindikalisten artean sigi-saga joatean, eta, behin barruan, zelai berriko VIP palko dotoreei begiratua egiten diedanean. Baina, aitorpena bezain gordin: liturgia bat beste liturgia batengatik aldatu baino ez dut egin.

Ez dut nire burua zuritu nahi, baina gizartearen gehiengoarentzat domeka izango da, ez besterik, etziko eguna. Horrez gain, maiatzaren lehena ospatzeko motibo gutxi dago. Apropos darabilt ospatu aditza, euskaraz ez baita gauza bera ospatzea eta egitea. Xeheago esanda: bizi dugun egoerak egiten duguna baino askoz gehiago egitea eskatzen du. Denok. Baina horretarako, nork bere poltsikoari, bere lanpostuari, bere enpresari, bere sektoreari, eta bere sindikatuari soilik begiratzeari utzi beharko lioke. Hori egin ezean, maiatzaren lehenak domeka izaten jarraituko du eta in sæcula sæculorum.