“Hiritarren beharrekin bat datozen aukerak eman behar dira”

“Hiritarren beharrekin bat datozen aukerak eman behar dira”

Natalia Salazar Orbe

Bilbon izan zen martxoan Andres Navarrete Riaño (Bogota, Kolonbia, 1980), Bogotako populazioaren hainbat sektoretan bizikletaren erabilera sustatzeko gauzatutako planak hirian izan dituen onurak ezagutarazteko. Pedalea por Bogotá programa (Eragin pedalei Bogota aldean eta haren alde) sortu zuen taldeko kideetako bat da bera. Zortzi milioi biztanle dituen hiri bat bada ere, Hego Amerikako hiriburu hori bizikletan ibiltzeko hiririk egokienetariko bat bilakatu da.

Zein ezaugarrik bihurrarazi dute Bogota bizikletan ibiltzeko hiririk hoberenetariko bat?

Lau elementuk bultzatu dituzte hiritarrak bizikleta garraiobide gisa erabiltzera. Batetik, bizikletentzako ibilbide eta bide azpiegitura handia daukagu. Bestetik, beste garraiobide batzuen abiadura muga murriztu egin da, eta auto ilara handiak sortzen ziren. Gasen isurketak eragindako kutsadurak ere zeresana izan du. Azkenik, elementurik garrantzitsuena izan da eskolako haur eta gazteak trebatzera bideratutako sustapen estrategiak garatu direla. Bizikletaren erabilera sustatzen duten taldeei ere bultzada eman zaie.

Garrantzitsua da administrazioak estrategia eta talde horiei ematen dien babesa?

Bai. Bultzada horri esker, eragileak indartu dira, bizikleta gero eta herritar gehiagok erabiltzea sustatu da, eta erabilera horren garrantziaren jakitun diren herritar gehiago sortzea bermatu da.

Laurehundik gora kilometroko bizikleta bideen sarea duzue Bogotan. Bide horiek guztiak lotuta daude?

%30 besterik ez dago konektatuta. Eremu batzuetan zaila da horretara bideratutako azpiegiturak egitea, espazioa mugatua delako, ondare eremuak direlako edo eraikuntza pribatuak daudelako, besteak beste.

Igandeko eta gaueko bizikleta bideak ere badituzue. Zer dira?

Lehenengoa, igandeetan eta jai egunetan egiten da. Aisiara bideratutako estrategia bat da. Ibilgailu motordunentzako zenbait errepidetan, 120 kilometro bide itxi egiten dira, eta txirrindularientzat egokitzen dira. 1.200.000 lagun baino gehiago elkartzen dira jarduera horretan igande oro.

Gaueko bizikleta bideari dagokionez, gauza bera egiten da, urtean bi gauez. 2.500.000 lagunek hartu ohi dute parte. Bi jarduera horiek garrantzitsuak dira. Izan ere, bogotar guztiak lasaitasun eta aisialdi giroan elkartzea ahalbidetzen dute; betiere, bizikletaren erabilerari lotuta.

Eskolara bizikletaz izeneko proiektua ere koordinatzen duzu. Zer da eta zer-nolako ekarpena egiten du?

Ikasleak bizikletarekin eta haren inguruarekin lotutako gaietan trebatzeko diseinatutako proiektu pedagogiko bat da. Behar denean, bizikletan ibiltzen irakasten diegu; baita oinarrizko mekanika printzipioak, zirkulazio seinaleen esanahia, segurtasun arauak, elkarbizitza arauak eta bideko gainerako aktoreekiko errespetua ere. Sormena eta lidergoa estimulatzen ditugu, autogestioaren eta klub eta taldeen sorreren bitartez. Ikasleak energia alternatiboen erabileraren garrantziaz kontzientziatzen ditugu. Egunero eskolara bizikletan doazen haurrekin batera joaten gara.

Jarduera horiek guztiak gauzatzeko, lantalde handia daukagu: hezkuntzan lizentziatutako 50 lagun; 150 profesionalek osatutako taldea, bizikleta gidariak, bidean laguntzeko adituak eta gerta daitezkeen istripuetan lehen uneko arreta eskaintzeko profesionalak, tartean; zazpi koordinatzaile; bi administrazio laguntzaile; hamar mekanikari eta proiektuaren kudeatzaile bat. Talde honek 15.000 umerekin eta neraberekin baino gehiagorekin egin du lan hiru urtean.

Erabilera partekaturako bizikleten sistema bat ere baduzue. Zenbat lagunek erabiltzen dute, eta nola?

Langileen artean bizikletaren erabilera sustatzeko helburua du estrategia horrek. Horretarako, bizikleten mailegura bideratutako eremu batzuk jarri dira hiritarren joan-etorri handia dagoen lekuetan. Oinezkoek bizikletaren erabileraren onurak ikustea da helburua. Gaur egun, 80.000 pertsonatik gora daude erregistratuta sistema horretan. Programa 2012an abiatu zenez geroztik, 850.000 bidaiatik gora egin dira.

Zergatik da garrantzitsua bizikletaren erabilera aregotzea?

Hainbat arrazoi daude bizikleta egunerokoan garraiobide gisa erabiltzearen aldeko hautua egiteko. Besteak beste, osasuna zaintzeko, bidaiak egiteko behar den denbora murrizteko, espazio publikoaren demokratizazioa gauzatzeko edo garraio gastuak murrizteko. Argudiorik sendoena, hala ere, ingurumenarekiko inpaktua murrizteko eskaintzen duen aukera da. Argudio unibertsala da, eta mundu osoaren erantzukizuna da. Etorkizunari begira, gizateriaren oinarrizko betebeharretako bat da.

Zortzi milioi biztanleko hiri bat izanik, Bogotan egunero 950.000 bidaia egiten dira bizikletan. Bilbon garraiobide horren bidaia kopurua handitzea posible izan beharko litzateke?

Faktore asko daude herritarrek bizikleta garraiobide gisa aukeratzeko. Gustuak, baliabideak, jarrera, motibazioa eta norbere ustea izan daitezke horietako batzuk. Eta azpiegiturak, segurtasuna eta klima, beste batzuk. Bilbok eta Bilboaldeak azpiegitura egokia daukate. Bizikleta bideen lotura bermatu gabe badago ere, bizikletaren erabilera sustatzea ahalbidetzen du; bereziki, oraindik erabiltzen ez duten pertsonengan. Ikasleentzako sustapen estrategia bat behar dela iruditzen zait, mugikortasuna bizikletaren bidez garatuko den etorkizuna bermatu aldera.

Martxoan izan zinen Bilbon. Zer deritzozu bizikletaren erabilera bermatzeko egituraketari?

Joan-etorriak bizikletaz egiteko azpiegitura egokia dauka. Hala ere, badago zer hobetu hainbat arlotan: seinaleak, konexioak, eta Zazpikale, Plaza Biribila, Abando eta Indautxu hiriguneko eremuetan bizikletei lehentasuna emateko estrategiak.

Zein gomendio emango zenieke bilbotarrei, Bogotako zure esperientzia oinarritzat hartuta?

Bizikletaren erabilera sustatzea garrantzitsua da. Horretarako, bide egokiak baliatu behar dira, populazioaren hainbat segmentutara iristeko. Hiritarren beharrizanekin bat datozen aukerak ere eman behar dira; langileen eta ikasleen beharrizanak kontuan hartuta, kasurako. Txirrindulari taldeen osaera sustatu eta babestu behar da. Udalak bizikleta arloa kudeatzeko atal bat izatea ondo legoke. Garrantzitsua da, era berean, txirrindularien taldeek eta udalak komunikazio kanal bat ezartzea, etorkizunean azpiegitura eta sustapen proiektuak landu ahal izateko.