Nerea Ibarzabal
Goizaldeko ordu bata eta errepidean, kamioiak, eta bide ertzeko atseden-guneetan, kamioiak, kabinetako argiak piztuta. Ilargia lainoen atzean, kotxeko argiak, gasolindegiak, txokolatinak eta kafea. Irratian, esatariak frantsesez, eta autobideko ordainlekuetan, langilerik ez; euroak saskira bota ditugu hirunaka, eta pentsatu dut Frantziako ordaintokiak diseinatu zituenak kontzienteki eman ote zien zakarrontzi itxura, gidariek dirua harrokeriaz zakarretara botatzen dutela senti dezaten etengabe, eta gero umiliatu daitezen bueltako 10 zentimoak hartzera kotxetik aterata, leihotik ez direlako iristen. GPSaren ahotsa gazteleraz, 190 kilometro Bordelera iristeko, eta, bat-batean, Mikel Urdangarinen kantu bat irratian, eta irribarre absurdo bat, oraindik Xorroxin harrapatzen duelako.
Parkinga hutsik eta tren geltokia hotz, goizegi edozertarako. Jendea parrandatik bueltan, eta eskale bi. Bonjour, Bordeaux. Inguratzen gaituen guztiak diost guri ez dagokigula hemen egotea, gure kabuz etorri garen arren. Trenean argitu du egunak, zelai berdeak, soro horiak eta aire girotua. Hiru ordura, Paris-Montparnasse geltokia ageri da gure begi gorrituen aurrean. Trenak Disneyra, trenak Versaillesera, zenbat Paris ezberdin. Eiffel dorrearen zatitxo bat ikusten da leihotik, Bois-d’Arcyko kartzelara bidean.
Dentista koloreko itxarongela bat eta emakume asko, amak, alabak, emazteak. Umeak garrasika, azal ilunkarak, buruko zapiak, ile kizkur luzeak, kafe urtsua plastikozko basotan. Apaletan, Kate Moss ageri den aldizkari zaharrak daude, horoskopoa zaharkituegi dutenak. Izen-abizenak plastikozko poltsentzat eta erloju zatar bat horman, denbora hemen zein bizkor eta zein astiro joan daitekeen gogoraraziz. Kartelak eta oharrak ulertzen ez dudan baina ikasi ez izanagatik errudun sentiarazten nauen hizkuntzan idatzita, hain gertu izanik Frantzia… Alanbre kiribilduak eta bandera bat dantzan.
Bisita aurreko urduritasuna eta bisita osteko isiltasuna, eta beste behin bide berbera egin beharra, baina oraingoan kamera geldoan, nekearen besarkada sumatuz atzealdetik, pixkanaka. “Nola ikusi duzu?” galderarentzako erantzuna ondo aukeratu, eta trenak eragindako lepoko minez autoa gidatu, leihoa erdi irekita, loak ez hartzeko.
Zorionez, ez dut gertuko lagun edo seniderik barruan, eta askorentzat ezagunegia den irudi hau lehengo astean bizi izan nuen estreinakoz, lagun bati bidaian konpainia egitea erabaki nuenean. Ziurrenik, sakabanaketak kondenatu dituen senideentzat ez dago poesia zantzurik kartzeletan, ohituta daude gastu ekonomiko eta fisiko izugarriari aurre egiten, eta Cadiz, Madril, Huelva, Valentzia, Paris eta halako hirien bertsio ezberdin hori ikusten. Maitasunaren beste hiri horiek.