Igor Elordui Etxebarria
Nire aitaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea. Galduko ditut aziendak, soloak, pinudiak; galduko ditut korrituak, errentak, interesak, baina nire aitaren etxea defendituko dut. Harmak kenduko dizkidate, eta eskuarekin defendituko dut nire aitaren etxea; eskuak ebakiko dizkidate, eta besoarekin defendituko dut nire aitaren etxea; besorik gabe, sorbaldik gabe, bularrik gabe utziko naute, eta arimarekin defendituko dut nire aitaren etxea. Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik.
Harri eta Herri poema liburuko olerkirik ospetsuena da hori (Nire aitaren etxea), eta baita urtarrilean emititzeari utzi zioten ETB1eko telesailaren izena ere. Aitaren etxea telesailak 1950eko hamarkadako Euskal Herriko historia kontatzen zuen, herri batean gertatzen ziren istorioen bidez. Bada, bata zein bestea etorri zitzaizkidan burura BERRIAn albiste hau irakurri nuenean: Aitaren etxea euskaraz emango du Greziako kate publikoak. Aurreneko aldia ei da euskarazko telesail bat Euskal Herritik kanpoko telebista batek erosi eta emango duena. Greziako telebista publikoak Cannesko (Okzitania) azokan erosi ditu telesailaren hamabost atalak, eta hemendik hilabete batzuetara emango ditu euskaraz, grezierazko azpidatziekin.
Gauza da irailean hasi eta, hamabost kapituluren ondoren, urtarrilean amaitu zela telesaila, ETBko zuzendaritzak atal gehiago ez grabatzea erabaki zuenean, ikusle kopurua txikia eta ekoizpen gastuak handiak zirelako; oso lan ona zela aitortu arren. “Saioa oso ondo egina dago; faktura oso ona da. Telesailak ikusle kopuru hobeak merezi zituen”. ETBko zuzendari Edu Barinagaren berbak dira. Orduan, galdera berez dator: ona izanik eta ikusle kopuru hobeak merezita, zergatik ez eman ETB2n gaztelerazko azpidatziekin? Grezian bai eta hemen ez?
Bada, EITBren webgunean horrela dago idatzita: “hainbat ikerketa eta txosten kualitatibok agerian utzi dute euskal audientziak begi onez ikusten duela euskarari leihoa zabaltzea gaztelaniazko hedabideetan (…). EiTBren 2013-2016 Plan Estrategikoan euskarari dagokion lerroaren helburua, gure gizarte eleaniztun honetan, hedabideetan euskara kontsumitzeko jarrera sustatzea eta normalizatzea da. Helburu horretara heltzeko, bi proiektu zehaztu dira. Gaztelaniazko kanaletan euskarari tokia egitea da bata, eta hortxe sartzen da adierazpenen hizkuntza tratamendua. Bigarren asmoa, berriz, euskarazko kanaletan erabiltzen den euskararen gaineko gogobetetasuna handitzea da”.
Baina, oraingoz, bistan da, ETB ez dago aitaren etxea defenditzeagatik —eta igarriko zenioten telesail baten izena baino gehiago dela— aziendak, soroak, pinudiak, korrituak, errentak, eta interesak galtzeko prest.