I. Astiz
Atez ate egin dute Kili-kili aldizkariaren historiaren bilketa Labayru Ikastegikoek, eta hala osatu dute Bilboko Euskal Museoan zabaldu den erakusketa. Horrez gainera, bideo bat ere egin dute sorrera garaian mugimendu haren kide izan zirenen lekukotzekin. Igone Etxebarria aritu da koordinazio lanetan.
Frankismo garaian erdi ezkutuko fotokopia batzuekin hasi, eta 18.000 harpidedun ere izan zituen Kili-kili-k. Nolako bilakaera izan zuen proiektuak?
Bilbon sortu zen Kili-Kili, San Antongo elizan, baina atoan zabaldu zen Bizkai osora. Hau elizako parrokien artean antolatu zen, eta denok joaten ginen katiximara. Hango monitore eta umeen artean berehala zabaldu zen, zeren egarria zegoen. Eta Bizkaitik beste lurraldeetara salto egin zuen. Egokitu egiten zuten aldizkaria lekuan lekura, bizkaieraz, lapurteraz, gipuzkeraz… Kontaktuak edukitzen zituzten lurralde bakoitzeko erakundeekaz, eta denetan zegoen premia berdina. Oso ondo txertatu zen, eta horrela lortu zituen 18.000 harpidedun izatea, eta antolatzen zituzten Kili-kili egunak ere gaurko Ibilaldia edo antzekoen modukoak ziren.
Milaka pertsona ikusten dira 1977an Bilbon egindakoan.
Hori izan zen lehenengoa. Aurrez egin zen Mungian Umeen Jaia 1976an, eta horren ostean egin zen lehen Kili-kili eguna Bilbon, eta gero etorri ziren Gernikakoa, Donostiakoa, Iruñekoa…
Aldizkariaren irudiak ere oso bereizgarriak dira.
Marrazki horiek kolore horiekin oso erraz identifikatzen dira, baina estetika sano polita eta landua dute beti. Lander Gallastegiren ekarpena da hori. Gainera, ez zen bakarrik aldizkaria, zeren beste ekintza asko ere egiten ziren: Kili-irratia ere egiten zuten. Bizkaian hasi zen hori ere, baina Arrate Irratian ere egiten zen saio bat, Nafarroan ere bai Euskalerria Irratian, eta Iparraldean ere bai.
Aldizkariaz gain, egin zuten bestelako argitalpenik, ezta?
Bai. Komiki formatuan egin zituzten argitalpen batzuk, eta hori ere nahiko berria izan zen. 1977an hasi ziren aldizkari formatuan kaleratzen, eta argitaratzen ziren komiki zatiak katalanegaz tratua eginda. Horrela lortu zituzten baimenak Mortadelo eta Filemon, Asterix eta Obelix eta horiek denak euskaratzeko. Gura zutena zen umeek beste hizkuntzetan normal-normal irakurtzen zituzten gauzak euskaraz ere eduki ahal izatea. Gero etorri ziren kolekzioak oporretarako, historia ikasteko eta halakoak.
Eta zein izan zen Kili-kili-ren amaiera?
Ez da zarratu. Euskal erakundeak sortu zirenean eta eskola arautuak indartuz joan zirenean, Kili-kili egokitu egin zen aisialdirako, baina zarratu ez da sekula zarratu. 2000. urte ostera arte jarraitu dute gauza berriak sortzen, eta geroztik gauza berririk ez da sortzen, baina ez dago zarratuta.
Kili-kili-ren historia biltzen duen bideo bat ere egin duzue garaiko lekukoekin hitz eginda. Zer nabarmentzen dute haiek?
Ume giroa eta jolas giroa azpimarratzen dute, jostari beti. Hori eta euskaltzaletasuna. Kili-kili-koak hasi ziren ume euskaldunek ez zeukatelako euskaraz eskolatzeko aukerarik, eta euskaraz aritzea zigortu egiten zelako gainera. Horri buelta emateko sortu zuten proiektua. Poztasun giro hori azpimarratzen dute.
Zer garrantzi izan du Kili-kili-k euskal kulturarentzat?
Nik neuk honekin ikasi dut, Kili-kili kume bat naiz ni. Eskolara erdaraz joan naiz ni, eta hau zen beste arnasaldi bat. Alfabetatzearen historian mugarri inportantea izan da hau, eta, gainera, mugimendu honek bat egin zuen euskara batasunaren prozesuagaz. Euskararen barianteak hartu zituen kontuan Kili-kili-k eta erakutsi zuen euskara guztiak zirela onak eta euskarak egiten gintuela euskaldun. Hori zen zabaltzen zuen mezua ere: hizkuntza dela gure nortasuna. Eragin handia izan zuen jende askorengan, eta hori ezin da alde batera utzi.