Eider Mugartegi
Hamar boluntarioren laguntzagaz, independente egin dira hiru gazte. Otsailetik bizi dira, domekatik barikura, Markina-Xemeingo etxe batean. Herria, familia eta lagunak atzean utzi barik, euren autonomia eta elkarbizitza garatzeko aukera dute. Tutoretzapeko etxebizitza bat irudikatu du Leikek, Lea-Artibain bertan, Markina-Xemeingo Udalak utzitako etxebizitza batean. Ainara Benedicto boluntarioarekin eta Ander Escabias erabiltzailearekin egon da Bizkaiko Hitza.
Zelan sortu da Leike proiektua?
AINARA BENEDICTO: Adimen urritasuna dutenen alde lan egiten duen Izarbidean elkarteko erabiltzaileen senideek kezka bat daukate beti: etorkizun batean, eurek falta direnean edo euren etxeko egoera zaintzerik ez dutenean, euren senideak zeinek eta nola kudeatuko dituen. Izarbideaneko erabiltzaile batek beste herri bateko zentro edo etxebizitza batean izena ematen duenean, itxaron zerrenda batean sartzen da. Ez hori bakarrik: bere eremu sozial naturaletik atera beharra dauka bizitza autonomoa izateko. Gabezia bat dago, beraz.
Zergatik ez dago aukera hori Lea-Artibain?
A.B.: Eskaintza biztanleriaren arabera neurtzen delako eta ez eremu bakoitzean dauden beharrizanen arabera. Leike proiektuagaz errealitate hori publiko egiten dugu, eta, gainera, ez dagoen eskaintza hori ematen da. Borondate politiko bat egonez gero, horrelako proiektu bat aurrera ateratzea posible dela erakutsi nahi dugu.
Boluntarioen eskutik sortzen da, beraz, proiektua.
A.B.: Izarbidean geunden boluntarioek gai honegaz sentsibilizazio apur bat izan zezaketen beste batzuengana jo genuen: gizarte lana ikasitako batzuengana, boluntario lanetan ibilitakoengana, hezkuntza mundukoengana… Lau hasi ginen proiektuagaz, eta, orain, hamar gara.
Pertsona bakarra dago independizatzeko asmoagaz. Nola batzen dira besteak proiektura?
ANDER ESCABIAS: Pausoa batek ematen du, baina jende askok dauka buruan aukerak bilatzea. Kontua da ez dagoela eskaintza egokirik.
A.B.: Ordura arte denen buruan egon den premia hori kaleratzen da. Batek pausoa eman du, baina gehiago ere badira aukera hori nahiko luketenak. Horrek argi uzten du erantzun bat emateko garaia dela. Eta, gainera, ez da guk eskaini behar dugun zerbitzua; azken batean, gu borondatez gabiltza horretan. Ikusten duguna da borondatez egin ahal dugun proiektu batek bidea eman ahal diola erakundeen ardura izan behar duen egitasmo bati. Biztanleriaren araberako planifikazio bat egin ordez, dauden beharrizanen araberako plangintza bat egin behar dela erakusten du gure proiektuak. Dirua ezin da izan aitzakia horrelako proiektuak oztopatzeko.
Zein pauso eman zenituzten proiektua abiarazteko?
A.B.: Proiektua martxan jartzea pentsatu genuenean, batzar bat egin genuen Izarbideaneko gurasoekin. Proiektuaren berri eman genien, eta gazte bat parte hartzeko asmoagaz zegoela azaldu. Baina, proiektua aurrera eramateko, gutxienez, beste gazte bi behar zirela esan genien.
A.E.: Beste bi animatu ziren azkenean. Eskaintza egonez gero, seguruenik gehiago animatuko lirateke, baina, aukerarik ez zegoenez, planteatu ere ez zuten egiten.
Proiektua Izarbidean-en eremuan sortzen da. Baina zabalagoa da?
A.B.: Izarbideaneko eremuan egiten da lanketa guztia, gure eremu naturala delako, konfiantzazkoa. Baina Izarbidean-en eremu horretan ez daude Markina-Xemeinen bestelako funtzionaltasuna duten guztiak, eta proiektuak anbizio zabalagoa du; guztiei begirako proiektua da.
Boluntario talde bat dabil gazteei laguntzen. Zein da horien jarduna?
A.B.: Domekan sartzen dira gazteak pisura, eta bariku goizean etxera joaten dira asteburua igarotzera. Txanda bi egoten dira: 22:00ak arte daudenak dutxa eta afariez arduratzen dira, eta 22:30etik 08:00etara daudenak, gaua igaro eta gosaria prestatzen laguntzeaz.
A.E.: Asteko ardurak eta etxeko beharrak banatzen eta erosketak egiten laguntzen dute.
Noiz arte egongo da martxan proiektua?
A.B.: Ekainaren 10era arte.
Hortik aurrera, zer?
A.B.: Proiektuaren bokazioa errealitate bat azaleratzea eta erakundeetan mugimendu bat lortzea da. Bide bi daramatzagu, beraz: bata, proiektuaren garapena bera izango litzatekeena; eguneroko funtzionamendua. Eta, bestea, erakundeekin egiten duguna. Udaletxeagaz egon gara, eta haiek ere ikusten dute premia bat dagoela eta erantzun bat eman behar zaiola. Aldundian ere, dependentziaren maparen zehaztapena egin dute. Alegazio fasean dago orain, eta eskari bat egin behar da errealitate bat, eskari bat dagoela adierazteko. Legea bera ez dadila muga bat izan errealitate horri erantzun bat emateko. Proiektua ekainaren 10ean amaituko da, ez dugulako sinesten horrelako lanak modu boluntario batean egin behar direla. Premia sozialei erantzun publiko bat eman behar zaiela uste dugu. Gure bokazioa ez da karitateko talde bat izatea.
Etxeari dagokionez, proiektua zer moduz doa orain arte?
A.E.: Oso ondo doa; poz-pozik gaude.
Eta erakundeen erantzuna?
A.B.: Udaletxeagaz harremana ona izan da hasieratik. Laguntzeko baino gehiago, proiektuaren parte izateko jarrera erakutsi du, pisua eskainita eta edozein gauzatan parte izateko prest dagoela erakutsita. Guk uste dugu, baina, alderdi baten kontua barik udal osoaren eskaera izan behar duela. Beraz, herriko alderdi biekin batu gara, eta oso harrera ona izan dugu. Aldarrikapena dagokien markoetara eramateko prest agertu dira, gai honen konpetentzia ez da-eta udalarena, aldundiarena baizik. Udalaren bitartez jo nahi dugu aldundira.
Konponbidea zein izango litzateke, zuen ustez?
A.B.: Premiak barik, zenbakiak hartu dira kontuan orain arte, eta, gure ustez, pertsonaren bizi proiektuak egon behar du aurretik. Bilbo partean jende gehiago bizi delako ezin da dena hara mugatuta egon. Erantzunak, gainera, soziala izan behar du.
Sare sozialen bitartez zabaltzen ari zarete proiektuaren egunerokoa.
A.B.: Egoera hau jende askorena heltzeko dagoen bide bat da; eguneroko argazkiak jartzen ditugu. Guk gure esku dagoena egin dugu: atea jo dugu, eta esan dugu zer behar den. Orain, erakundeen txanda da, eta, gutxienez, erantzun bat espero dugu.