“Nire historiaren zati txikia nuen eta jatorrien berri izan nahi nuen”

“Nire historiaren zati txikia nuen eta jatorrien berri izan nahi nuen”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Urrunetik eta jakin-minez begiratu izan dio Euskal Herriari eta batez ere 36ko gerran gertatu zenari Mauro Saraviak (Viña del Mar, Txile, 1982). Bere jaioterrian, Txilen, bizi izan da duela oso gutxira arte, bere arbasoen historiaren egia ezagutzeko premiarekin. 36ko gerran Euskal Herritik eta Kataluniatik ihesi Txilera joandakoak izan zituen aiton-amonak. Garai hura Euskal Herrian nola bizi izan zen ikertzera buru belarri sartu, eta gudari izan zirenei argazkiak eginda gerturatu nahi izan du ordukoa, memoria berreskuratzeko helburuarekin. Bilbon dago erakusketa, Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan, hilaren 29ra arte.

Zer da Azken batailoia?

Argazki analogiko-digitalekin egindako erakusketa da, 36ko gerran borrokatu zuten eta euskal jatorria duten gudari eta milizianoei buruz ari dena. Egia da lanak gerra eta politika gaiak dituela oinarrian, baina duen helburua da ikuslea erretratatutako pertsonaren lekuan jar dadila eta horiekin elkarrizketatu dadila.

Nola lortzen da hori?

Elkarrizketaren eta enpatiaren bidez.

Gudari izan zirenen gaur egungo erretratuak dira erakusketan daudenak, ezta?

Bai. Erakusketaren corpusa 27 erretratatuk osatzen dute. Bakoitzaren argazki digital bat dago, eta beste bat analogikoa. Zuri beltzean da analogikoa, egungo argazkia izan arren iraganari erreferentzia egiten diona. Eta argazki digitalak, koloretakoak, orainari egiten dio erreferentzia. Bideoklipak ere baditu proiektuak: hitz egiteko gai direnek bere gerra aurreko, gerra garaiko eta ondorengo esperientziak kontatzen dituzte. Hala ere, Batzar Nagusien aretoan ez dago hori ikusarazteko azpiegiturarik.

Beraz, Bilboko erakusketan ezingo dira ikus-entzuteko horiek ikusi?

Ezingo dira ikusi, aretoak ez du horretarako baliabiderik. Baina gainontzeko herrietan ikusi ahalko da eta jendeak erretratatuak ikusi eta entzuteko aukera izango du. Bilbon, argazkiekin eta horien argiztapen desberdinekin interaktuatu behar da. 54 argazki daude. Horiek plano eta argi-eskema asko dituzte, eta blokeka bereizita daude. Gudariek beraiek utzitako argazkiak ere badaude. Ordukoak, eta asko sekula argitaratu gabeak direnak. Fronteko argazkiak badaude, adibidez…

Bestalde, 54 argazkiei buruz hitz egiten badut ere, benetan 55 dira. Badago emakume batena den argazki bat, proiektuak izango duen bigarren zatiari erreferentzia egiten diona. Izan ere, historia hankamotz geratzen ari zitzaigula konturatu ginen, zerbait falta zela. Eta erresistentziako emakume errepresaliatuekin beste lan bat egitea erabaki genuen. Josefina Lamberto da argazkian agertzen dena; Maravilla Lambertoren ahizpa. Ondoren etorriko denaren lagin txiki bat izan nahi du argazki horrek. Emakumeen alorra lantzen ari naiz orain, eta erresistentziako emakume errepresaliaturik ezagutzen dutenak nirekin kontaktuan jartzea nahiko nuke, gaia aztertu eta grabatu ahal izateko. Emakumeak ere oso garrantzitsuak izan ziren gerran; aurretik, gerran bertan, eta ondoren.

Lanaren prozesua luzea izan da; argazkiak egitetik haragokoa.

Bai. Ni urriaren 8an iritsi nintzen Euskal Herrira eta lehenengo erretratua Felix Pallin anarkistari egiteko asmoa nuen. Ba, juxtu, ni Euskal Herrira heldu nintzen egunean hil zen. Horrela hasi zen proiektua. Beste batzuekin jarri nintzen gero kontaktuan, eta horri tiraka egin dut lana. Baina proiektuak urtebete baino gehiagoko ikerketa du. Amaitutzat jo genuenean ere, muntatze lanetan geundenean, beste gudari bat aurkitu genuen Lekeition. Hori ere sartu behar izan dugu, ez bainuen inor kanpoan utzi nahi. Are gehiago; besteren bat agertuko balitz, uste dut hori ere sartuko nukeela oraindik.

Oso pertsona nagusiei buruz ari gara; pentsatzen dut kostako zela batzuek kameraren aurrean jartzea…

Gazteenak 94 urte ditu: Juan Azkaratek. Horrek ez du gainontzekoen adina, 14 urte zituela igo baitzen barku batera. Seguru aski, itsas armadako laguntzaileetatik geratzen den azkena izango da; Eusko Gudarostean izan zenetik azkena. Sekula ezin da ziurtatu inor azkena denik, bat-batean gehiago agertzen baitira. Baina ez da urruti ibiliko. Bizirik dagoen nagusiena Antonio Izagirre da: 103 urte ditu.

Nolatan txiletar bat Euskal Herriko historiaren memoria jasotzen?

Euskaldunen eta katalanen biloba naiz; exiliatuta joan zirenena. Betidanik entzun ditut gerra kontuak etxean. Txilen, exiliatu asko zeuden baina ez zuten gaiari buruz apenas hitz egiten, han bizitza berri bat hasi nahi zutelako edo. Beraz, nik nituen errelatoak oso osatugabeak ziren; nire historiaren zati oso txikia nuen, eta nire jatorrien berri izan nahi nuen; nondik natorren. Aztertzen hasi nintzen, bibliografia lanetan; asko prestatu nintzen. Nire emaztea bizkaitarra da; haurdun geratu zen eta Bilbora etorri ginen Txiletik, berak konbentzituta. Hona iritsi bezain laster, bilduta nuen informazio guzti hori hartu, eta proiektuarekin hasi nintzen buru belarri. Hainbat kazetarirekin jarri nintzen harremanetan, eta hainbat elkarterekin. Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin elkarlanean hasi nintzen. Eta, egun, bera da proiektuaren babeslea.

Gogobete duzu zure arbasoei buruz zenuen jakiteko premia hori?

Bai. Beti daude ihes egiten duten gauzak, baina lehen nekiena baino askoz gehiago dakit orain.

Zein ondorio atera duzu?

Asko. Baziren ulertzen ez nituen gauzak: adibidez, nola borrokatu zitezkeen bi anaia elkarren aurka, kontrako bandoetan. Ulertu ezin nuen galdera bat zen. Gerora ulertu dut askotan anaia bakoitza indarrez errekrutatu zutela bando batean, ez zutela zertan desberdin pentsatu bi anaiek, batzuetan familia zaintzeko joan zirela bando batera edo bestera… Halako gauzak. Hori zuzenean kontatu zidaten arte, oso zaila egiten zitzaidan gauza asko ulertzea.

Nire familiaren historian, seguru aski sekula jakingo ez ditudan detaile asko daude, baina nik nuen zor pertsonala zen, premia bihurtu zitzaidana. Esperientzia honekin asko ikasi dut gatazkari buruz, eta pertsonak hobeto ulertu ahal izan ditut.

Zer aurkitu duzu Euskal Herrian? Espero ez zenuen zerbaitek harritu zaitu?

Euskal Herrian, gaur egun Eusko Jaurlaritzak jarri du intentzioa eta inbertitu du memoria historikoan, Aranzadiren laguntzarekin deshobiraketak egiten etabar. Baina uste dut egin den guztia memoriaren aldeko elkarteek eta ikertu duten kazetariek egindako lanari esker dela, hein handi batean. Baliabiderik gabe aritu dira lanean, egin nahi izan dutelako. Hori da Euskal Herrian memoria historikoa gorde izanaren eta gehiago jakitearen arrazoia: elkarteak hor egon direla musutruk lanean. Beste erkidego batzuetan ez da ezer ezagutzen; ez dakite ezer.

Beste proiektu bat duzu esku artean, emakumeekin lotutakoa. Zer izango da zehazki?

Antzeko egitura izango du: bideoklipa, eta erretratuak. Datorren urtean egingo da erakusketa eta erresistentziako emakume errepresaliatuei buruzkoa izango da. Oraingoak bezala, horrek ere euskaraz izango du izenburua. Emakumeen alorrean, ez dugu biktimizazioan erori nahi; emakume borrokalarien atala landu nahi dugu. Zergatik? Emakumeak denetarik egiten zuelako: gizona frontera borrokara zihoanean, emakumeak babesa ematen jarraitzen zuen, hornitze lanean aritzen zen gizona borrokara joan zedin; etxean, ama eta aitaren lanak egiten zituen; eta gainera, lanera joaten zen. Hiru lan ziren egin behar zituenak. Gero, gerra amaitu eta frankistak Euskal Herrian sartu zirenean, oso bortizki errepresaliatua izan zen. Eta, hala ere, emakumeak aurrera egin zuen, borrokan jarraitu zuen. Beraz, gudarien lan honekin bakarrik proiektua hankamotz geratuko litzateke. Uste dut ez dela sekula horrelako ikerketa sakonik egin gaiaren inguruan. Horregatik gehituko zaio frankismo osoan errepresaliatuta izan ziren erresistentzia emakumeen gaia. Dagoeneko bildu ditugu testigantzak: erizainen batena, gerra umeena, grebengatik errepresioa jaso zutenena…

Lan horrekin amaituko da proiektua?

Gudari eta milizianoei buruzko erakusketa da lehenengo; gero erresistentziako emakume errepresialiatuena izango da; eta gero, bi erakusketei amaiera emateko, argazki-liburu bat egingo dugu. Ondoren, emakumeen gaiari amaiera emateko, dokumentala ere egingo dugu. Apirilaren 24ean Elgetan omenaldia egingo diete erresistentziako emakume errepresaliatuei. Erretratatuta dauden emakume horietako askori omenaldia egingo die nire lanaren babesle den Intxorta 1937 Kultur Elkarteak. Nahiko aurreratua dugu lana dagoeneko, 30 baino gehiago erretratatu ditugu. Eta elkarteak uste du omenaldi egunean beste askorekin egon ahalko dugula.

Noiz arte egongo da erakusketa Bilbon?

Martxoaren 29ra arte. Gero Elgetara eramango dugu, omenaldia han izango baita. Eta gero, Ugaora eta beste herri askotara joango da. Euskal Herri osoan ibiliko da.

Proiektuan parte hartu dezakeen norbaiten berri izatekotan, web orri honetan izen emateko aukera dago:

www.maurosaravia.com