Nerea Ibarzabal
Deseroso egiten zait martxoa. Batxilergoko ikaslearentzat selektibitate astearen parekoa iruditzen zait; plaza gehiago lortu nahi dituen bertsolari gaztearen presioz jositako txapelketa da, astronomoarentzat 76 urtean behin pasatzen den Halley kometa erretratatzeko momentua bezalakoa. Orain edo inoiz ez. Ikaskideek bullying egiten dioten haurraren urtebetetze eguna da martxoaren 8a, denek abestu eta zorionduko dutena. Urte osoan kale bazterrean manifestatzen egon diren langileei entzungor egin eta egun batez hamar mikrofono eta kamera gerturatzea da. Eta langile horiek bezala, bat-batean, neuk ere ez dut jakiten zer esan, zein aldarri den azpimarratu nahi dudana, zer errepikatu behar dudan hamaikagarrenez. Tira, esan bizkor, esan orain, fokua urrundu aurretik… kito, amaitu da zure hilabete morea. Deseroso egiten zait martxoa, susmagarriki erosoegia delako emakumeontzat.
Badakit askotan esaten dela eta errazena dela horrelako datetan jendartearen hipokrisia kritikatzea, are gehiago emakume feminista erretxinduok, non soilik guretzat diren lasterketa, tailer eta ekitaldi baztertzailez betetako ia hilabete oparitu diguten eta halere kexu garen. “Egunero da martxoaren 8a” esan dezakegu, baina, arren, argi izan ez dela egunero. Martxoaren 8a bera ere ez delako martxoaren 8a.
Ikusten ditut martxoan saioz betetzen diren emakume bertsolarien agendak, ikusten dut askorekin martxoko saioetan baino ez dudala kantatu —gainerako saioetan emakumearen papererako bakarra aski delako-. Ikusten dut ETBko albistegia, martxoan gogoraraziz EAEn emakumeek urtean 10.000 euro gutxiago irabazten dutela oraindik. Hori ekiditeko neurririk ez dator martxoan. Ikusten ditut sagardotegi garaian piztientzat zabaldu beharreko ligoteo sanoaren aldeko mezuak —eta aitortzen dut parranda lasaiago bota nuela-.
Baina aste moreenean Irunen neska bat bortxatu dutela ere jakin dut, eta beste neska bati epaileak ea “hankak ondo itxi zituen” galdetu diola ere bai. Matxoan ikusten ditut (matxoan esan al dut? Ui…) ertzetatik bat-batean bortizki lehen orrietara ekarritako super emakumeak, suhiltzaileak, haurrik ez izatea erabaki dutenak, kirolariak, esateko zerbait duten espezimen arraro horiek, titular bilakatu eta apirilean desagertzen direnak. Ba, astuna izango naiz agian, baina ez da aski.
Dudatan egon naiz aste honetan gaiari buruz idatzi edo ez, beharbada ausartagoa litzatekeelako neska izan eta martxoko iritzi zutabea beste edozein gairi eskaintzea, horrela, apirilean eta maiatzean feminismoa aipatu eta “berriro gai berari bueltaka ari al da?” esan dezaten. Baina fokuaren azpian zerbait esan beharra sentitu dut, ardura heredatu bat, urte osoan zehar esandakoa laburbildu behar bat, eta… eh, itxaron, ez dut amaitu, ez zaitez joan!