Onena zer den

Igor Elordui Etxebarria

Nire lagun min batek esaten duen bezala, batzuetan, onena, isilik geratzea da. Ezinezkoa da guztiaren gainean iritzia edukitzea, eta zaila edozeren gainean berau ematea. Beraz, hori horrela izanik, eta sinistuta nire iritziak munduari ekarpen oso mugatua egiten diola, beste era bateko ekarpena egitea ebatzi dut oraingoan.

Duela egun batzuk asko zabaldu zen sare sozialen bidez pediatra batek bere kontsultako ohar-taulan ipinitako manifestuaren testua. Lo mejor eres tú (Onena zeu zara) da bere izenburua, eta honela dio gutxi gorabehera (badakizue, traduttore traditore):

“Onena ez da bularra ematea, ezta biberoia ematea ere. Onena ez da besoetan hartzea, eta besoetan hartzeari uztea ere ez. Onena ez da horrela etzatea, ezta beste modu horretan egitea ere. Onena ez da era honetan tapatzea, eta ez beste erara egitea ere. Onena ez da honekin janztea, baina beste horrekin janztea ere ez. Onena ez da pureak ematea, eta onena ez da, ezta ere, zatitxoak ematea. Onena ez da zure amak dioena, eta zure lagunak dioena ere ez. Onena ez da umezain batekin egotea, ez haurtzaindegira joatea, ez aitona-amonekin egotea. Onena ez da hazkuntza eredu hau segitzea, ezta beste hura segitzea ere. Badakizu zer den, benetan, onena? Onena zeu zara. Onena da zeuri ondoen sentiarazten dizuna. Onena da senak agintzen dizuna egitea. Onena da zeuri ere ondo egoten laguntzen dizun hori. Onena da zeure familiarekin zoriontsu izatea ahalbidetzen dizuna. Zeren, zu ondo bazaude, beraiek zeure onena hartzen dute. Zeren, onena zeu zara. Zu seguru sentitzen bazara haiek ere seguru sentituko direlako. Zeren, ondo egiten ari zarela uste baduzu, zeure lasaitasuna eta zoriontasuna beraiei heltzen zaie. Onena zeu zarelako, utz diezaiogun esateari gurasoei zer den onena. Onena, bene-benetan, zeure seme-alabentzako zeu zarelako”.

Manifestua Jaione Yabar bilbotarrarena da. Urrian idatzi omen zuen bere blogean, biberoiaren erabileraren gaineko polemika baten ingurumarian, eta, orduan ere zabalkunde apur bat izan bazuen ere, biral bihurtu da pediatrak taulan ipini eta gero. Tira, argi dago Jaioneren testuak ez duela saririk irabaziko, ezta nire itzulpena birala bihurtuko. Beharrik ere ez, egia esan. Gustatu egin zait manifestua, erdaraz egon arren, ezin uka (papaokeria galanta bestela itzultzea), eta hortik dator euskaratzeko eta partekatzeko nahia. Besteak beste, guraso estreinatu berri nintzeneko sasoia dakarkit gogora: orduko zalantzak eta galderak, orduko beldurrak eta kezkak. Eta oraintsu guraso izan diren, zein laster izango diren hainbat lagunekin akordatu naiz: Enararekin eta Juankarrekin, Iratirekin, Maiderrekin eta Aitorrekin… Baliagarria izango zaien esperantza eta, agian, pediatraren batek bere iragarki-taulan euskarazko bertsioa jarriko duen ilusioa badaukat. Halako inozoa naiz ni, bai, baina batek daki. Azken batean, askotan, sinpletasuna da onena.