Natalia Salazar Orbe
Gero eta jarraitzaile gehiago ditu Errigorak, euskara, elikadura burujabetza, Nafarroa hegoaldea eta auzolana ardatz dituen proiektuak. Bertako produktuak, nekazari txikiek ekoitziak, etxean prezio duinean jasotzeko aukera eskaintzen du Errigorak. Batetik, Nafarroako Erriberan zailtasun ekonomikoak zituzten baserritarrei euren produktuak saltzeko Euskal Herriko plaza osoa zabaldu die proiektuak. Bestetik, Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuetan euskalgintzari laguntza ekonomikoa ahalbidetzeko helburua ere badu. Hori guzti hori, Euskal Herriko hainbat txokotako herritarren auzolanari esker egiten du. Ean eta Bilbon, prest dira datozen egunetan iritsiko den olioaren kanpainari ekiteko.
Era horretako hirugarrena dute Ean. Ingurune anitzetako jendea elkartu dute han proiektua zabaldu eta Erriberako produktuak bertako bizilagunen artean banatzeko. Hori dute sekretua. Hala aitortu du, Nafarroa hegoaldeko arazo bikoitzari irtenbidea eman beharraz jabetuta, hastapenetatik lanean aritu den Natxi Aranburuk. “Gutariko bakoitzak, mugitzen den esparruan sortu du ingurune naturala”. Batak ikastolan eman du haren berri; besteak, dantza taldean; kontsumo talde batean otzarak egiten dituena da euretako beste bat,… Bospasei lagunek zabaldutako zurrunbiloa inguruetako 120 pertsonaren etxera iritsi da. Izan ere, eremu administratiboaz harago, norberaren harreman taldeak eta ahoz aho zabaldutako mezuak iristen diren lekuraino helarazi dute Errigora; herriaz harago, alegia. Eta kopurua goraka doa.
Martxoa erdialdean dei egingo diete Errigorako olioa eskatu duten kontsumitzaileei, eta, sustatzaileetako baten garajean jaso beharko dute bakoitzari dagokion kutxa. “Egun oso batez izango dugu zabalik, 10:00etatik 20:00etara”.
Aspaldi hasi zen Errigoraren proiektua ernatzen. 2013an laguntza dei bat iritsi zen Nafarroan euskara ofiziala ez den eremutik. “Arazo ekonomikoak zituzten eta horren inguruan zer egin genezakeen hausnartzeari ekin genion”. Egitura goitik behera aldatzen ez zen bitartean egoerak bere horretan iraungo zuela jakinda, zozketek eta antzeko betiko formulek ibilbide mugatua zutela jabetu ziren. Hala, “euskalgintza eta euskararen premiak eta Nafarroako nekazari txikien egoera uztartzea erabaki genuen. Kate maila bat sortu genuen nekazaritza eta euskalgintza lotzeko”. Auzolana erabiliko zuten zalantzarik ere ez zuten izan.
Otzara batzuk egin zituzten orduan. Tuterako ikastolarentzako 34.000 euro atera zituzten hasierako esperientzia hartan.
Kanpaina hark zerbait erein zuen euskaltzaleen eta bertako kontsumoaren aldekoen artean. Eta gaur egun fruituak ematen jarraitzen du. Urtean bi kanpaina egiten dituzte: udazkenekoa, eta oraingoa, udaberrira begirakoa. Udazkeneko irabaziak euskara ofiziala ez den eremuetako euskalgintzako eragileei bideratzen zaizkie. Bestalde, udaberrikoa kontsumo ohiturak aldatzera begira egiten dena da. Bertako ekoizleentzako lagungarria da, eta euskararekiko enpatia sortzea ere badu helburu. Hala ekarri du gogora Haizea Belza Bilboko lan taldeko kideak.
Bestelakoa da hiri batean Errigora martxan jartzeko prozesua. Sare sozialek eta internetek asko errazten diete prozesua. Izan ere, proiektua, funtsean, Ean bezalako harreman naturalen bitartez zabaldu badute ere, deialdiak egiteko teknologia berriak erabiltzen dituzte. “Gero eta jende gehiagok egiten ditu eskaerak on-line“.
Bilboko lantaldeak eta horien barnean osatzen diren azpitaldeak dituzte hiriburuan: “Santutxun, Alde Zaharrean eta Deustuan taldeak ditugu. Hala ere, horietatik abiatuta, beste batzuk ere sortzen dira: lantegietan, euskaltegietan zein ikastola eta ikastetxeetan”. Besteak beste, udaletxeko, metroko zein aldundiko behargin batzuk elkartu egin dira eta taldetxo bana sortu dute.
Udazkenean izaten du arrakasta gehien kanpainak, euskara sustatzea helburu duen proiektuarekin. “Ia 500 saskira iritsi ginen azkenengoan. Udaberrian eskaera txikiagoa izaten da”. Hala ere, oraingoan AEK-ko zenbait euskaltegik eta ikastola batzuek ere parte hartu dute.
Martxoaren 14ean eta 15ean egin dituzte saskiak jasotzeko hitzorduak: Santutxun, Alde Zaharrean eta San Frantziskon jaso daitezke.
Errigorak ekoizleen zein kontsumitzaileen artean dauka arrakasta. “Orain arte olio ekoizle bakarrak hartzen zuen parte. Orain, bost daude. Aukera berriak zabaltzen dizkie proiektu honek. Gero eta ekoizle gehiagok batu gura dute dinamikara. Sentsibilizazio bat sortu da batzuen eta besteen artean”.
Euskarari bultzada eman bai, baina elikadura burujabetza ere badu ardatz, beraz, proiektuak, Aranburuk gogorarazi duenez: “Bertakoaren kontsumoan oinarritzen da gure proiektua, baserri ustiapen txikietan”. Martxan dagoen kanpainaren bitartez, “olio osasungarria hartuko dute kontsumitzaileek, jatorrizko prezioan, eta baserritar txikiei babesa emateko eremuan murgilduko gara. Arrazoi nahikoa dira herritarren atxekimendua lortzeko”.