Igor Elordui Etxebarria
Txori ezin zen eta izan ginen sator, ezkutua uzteko garaia badator”. Horrelaxe zioen Andoni Egañak idatzi zuen Korrikako 10. edizioko abestiaren letrak, Gozategik musika jarri zion kanta hark, alegia.
Bada, tamalez, eta pasatu dira kasik hogei urte, erdibidean gabiltza oraindik, ez txori ez sator: txantxangorria —horixe da Eusko Jaurlaritzak eta EAEko diputazioek eta Eudel udalen elkarteak aukeratu duten sinboloa euskararen erabilera sustatzeko kanpaina berrian— zerura hegaz egitera bidaltzen dugun bitartean, “euskararen gaineko diskurtso partekatutako zoru komunari” begira gaude. Horrela izan beharko du, agian, atsotitzak dioen legez ondo eta arin usoak egiten duelako hegaz.
Baina, ez al da, txoriez eta hegaldiez ari garela, zoru komunak ez ezik, zeru komunak partekatzeko garaia? Duela aste bi azaldu ziren Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren (EGOD) azken txostenaren emaitzak aintzat hartuta, EAEn, behintzat, nahiko zoru dago abiada hartu eta hegoak astintzeko. Noski, horretarako papargorri “ahul eta hauskor” baten hegaldia baino zerbait gehiago beharko da; euskaldunoi euskaraz egiteko eskatzen digun kanpaina bat baino zerbait gehiago, alegia.
Hilabete pasatxo izango da kanpainaren aurkezpena egin zenetik. Hau da, txantxangorriaren irudia zabaltzen hasi zirenetik. Dakienak euskara erabiltzera dei egiten du ekimen berriak. Euskaldunon sorbaldan, txioka, paratzeko agindu diote papargorriari, beraz. Beste behin. Bada, beharrezkoa izanda ere, errazena egin dute. Hori sarri-sarri egiten dugu euskalgintzan jarduten dugunok. Bale. Egia da. Hizkuntza bat galtzen da dakitenek erabiltzen ez dutelako. Baina ez da egia osoa. Artzeri kontra egitera ausartuko naiz: hizkuntza bat galtzen da, baita ere, ez dakitenek —eta ikasi behar dutenek— ikasten ez dutelako. Eta hor dago koxka, zeren, konplikatuagoa eta garestiagoa da, zentzu guztietan, erdaldunei euskara ikasteko eskatuko dien kanpaina iraunkorra egitea, doakotasuna bilatuko duen eta euskara ikastea sarituko duen politika bat garatzea, euskaltegiei dagokien estatusa onartzea, euskal hedabideak sustatzea, eta abar.
Hala eta guztiz ere, lagunduko diogu txantxangorriari, nahiz eta inozo xamarra izan, kukuak bere habian jartzen dituen arrautzak txitatzen baititu, eta, kuku parasitoaren erruz, bere arrautzak galtzen. Maiteko dugu bera, askoz maiteago izanik ere Laboaren txoria, edo Bai Euskarari kanpainarekin jaio eta harrezkero suaren gainean dantzan dabiltzan uso zuria eta uso gorria. Hauspotuko dugu bere hegaldia, jakin badakigun arren hego laburrak dauzkala, eta bere e birbilduaren arrastoa Euskal Herriko hiru herrialdetara mugatzen dela. Eta akordatuko gara Itoizekin. “O txantxangorriak gelako sapaian…”.