“Autoritateek aitortu beharko dute torturatu dela sistematikoki”

Aitziber Laskibar Lizarribar / Bilbo
Jasan zituen tortura gogorren ondorioz, biharko egun batez hil zen Joxe Arregi. 35 urte geroago, gainditu gabeko arazoa dela gogoratuko dute bihar ere, Torturaren Aurkako Egunean. «Isilpean» eduki den gaiari heltzeko premiaz ohartarazi du Torturaren Aurkako Taldeko kide Lorea Bilbaok (Bilbo, 1977).
Bihar da Torturaren Aurkako Eguna. Amaitu da tortura?
Ez da bukatu. Tortura aitortu arte, gertatu diren guztiak aitortu arte, ez da bukatuko tortura Euskal Herrian.
Beharrezkoa da oraindik torturaren aurkako egunak egitea?
Egia da azken urteetan ez dugula apenas tortura kasu berririk izan; 2011tik gutxituz joan dira pixkanaka, eta 2015ean ez dugu kasu berririk izan. Baina aurrez izandakoak asko dira. Urteetan isilduak izan dira horiek; ez dira jakin, ez dira ikertu, eta ez dira aitortu. Eta, nire ustez, hori egin arte aldarrikapena egin behar dugu, gertatu ez balitz bezala ahaztuko baita bestela. Orain da garaia. Etorkizunerako geratuko den memorian jasota geratu behar du torturaren errealitateak, eta orain egin behar da. Alde horretatik, Paco Etxeberria auzi medikua egiten ari den ikerketarekin, torturaren gaia agerian geratuko da. Dagoeneko 1960 eta 2010 bitartean izan diren 4.200 tortura kasu dokumentatu ditu. Jaurlaritzak agindutako ikerketa da egiten ari dena, eta, beraz, Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoak bakarrik dira.
Zenbat izan dira Bizkaian?
Ez dugu datu hori. Gainera, oraindik ikerketa ez da amaitu, eta kasu gehiago agertzen ari dira. Eta kontuan hartu behar da dokumenta daitezkeenak soilik direla horiek. Gehiago daude. Ostiralean, adibidez, beste kasu baten berri izan nuen. 1981ean torturatu zutela esan zidan emakume batek, eta ez duela horren berri eman.
Noiz amaituko du ikerketa Paco Etxeberriak?
Udaren bueltan. Bi urteko ikerketaren emaitza txosten batean jasota aurkeztuko du. Hala ere, hor ez da amaitzen dena. Lanean jarraitu behar dugu, oraindik jende asko dagoelako ez duena inoiz kontatu bere bizipena. 50 urtean 22.000 atxiloketa izan dira, eta uste dugu 5.000 tortura kasu dokumentatu ahal izango ditugula hiru herrialdetan.
Zer egin behar da orain?
Herriz herri ikusi behar da zein izan den torturaren errealitatea. Horretarako, tortura pairatu dutenentzat testigantzak emateko bulego bat jarri beharko litzateke herri bakoitzean; ahal bada, udalekin elkarlanean.
Eta, behin datuak jasota?
Autoritate publikoek esan beharko dute hemen gertatu dena. Aitortu beharko dute tortura erabili izan dela politikoki eta sistematikoki. Eta torturatuei aitortza publikoa eman beharko zaie. Haiek ez dute kalte-ordainik nahi. Baina torturatzaileak identifikatu beharko dira, eta baita guardia zibil, polizia eta ertzain horien gainetik egon diren politikariak ere, erantzukizunak eskatzeko. Ez agian epaitegi batean, baina bai erantzukizun politikoa.
Aitortza publikoa egitea?
Torturatu dutenak karguetatik kendu beharko dira; eta horien agintari politiko izan direnek aitortu beharko dute beraiek ere erantzule izan direla. Bestalde, torturak eragin dituen ondorioen artean, presoak daude. Torturaren eraginez jende asko sartu dute preso, eta hori berrikusi beharko litzateke, preso jarraitzen dutenen kasuetan gutxienez.
Zer egin beharko litzateke presoei dagokien alor horretan?
Komisarietako deklarazioetan oinarrituta zigortu dituztenen kasuak berrikusi eta zigorrak baliogabetu beharko lirateke.
Posible da hori?
Saiatu beharko da. Eta balizko egiaren batzorde batean, behintzat hori egin beharko da. Beste ondorioetako bat da atxilotu batek polizia etxean lagun baten izena emateagatik lagun horrek ihes egin behar izan duela torturatua ez izateko. Jende asko bizi da oraindik ihesean, torturaren mehatxuagatik alde egin zuelako. Pertsona horien egoera ere normalizatu beharko da. Eta hor daude torturak eragin dituen zauri pertsonal guztiak ere.
Zein ondorio, adibidez?
Ondorio psikologikoak. Tortura pairatu duenak beti esango du ez dela pertsona bera torturatu aurretik eta ondoren. Askok ez dute atzera begiratu nahi izaten, baina konturatzen dira haien harremanetan eta jokabideetan tortura beti dagoela presente. Konfiantza falta izaten dute, beldurrak… adibidez guardia zibila ikustearen ikara, etxean bakarrik egoteko beldurra, blokeo erreakzioa oihuak entzundakoan… Ondorio horiek ez dira kontuan izan. Ez dira inoiz landu, torturatuak ez dira lagundu, eta, urte mordoa pasatu ondoren, jende asko orain hasi da barneko arazoengatik psikologoarengana joaten.
Norberaren gain geratu da hori?
Bai. Ez da elkartasunik egon; ez da enpatiarik egon. Bakoitzak eraman du barruan, eta baztertuta utzi dira. Bakoitzaren bizipen gisa ikusten da, eta ez gizartearen behar moduan.
Historian gutxi izan dira torturak egotzita epaitu dituztenak, baina laster guardia zibil batzuk epaituko dituzte akusazio horrekin. Zein da kasua?
Sandra Barrenetxea bilbotarraren kasua da. 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, beste zortzi lagunekin, Ekinen kontra egindako sarekada batean. Guztiak torturatu zituzten. Bost egunean eduki zituzten inkomunikatuak, eta oso testigantza beldurgarriak utzi zituzten; oso bortitzak. Batez ere, emakumeen kasuan. Sexualki eraso egin  zieten, psikologikoki zein fisikoki: biluztu zituzten, ukitu… Horrelako torturak jasan izan dituzte emakumeek urteetan. Oraingoan, lau guardia zibil joango dira epaiketara: auzi horretako atxiloketa guztien instruktorea eta idazkaria izan zirenak, eta eginbideen instruktorea eta idazkaria; alegia, agindu zutenak.
Noiz eta non da epaiketa?
Bilbon izango da, baina oraindik ez dute egunik jarri. Akusazio idazkia egina dago, baina epaituko duen epaitegia izendatzeko  zain gaude. Gero jarriko dute eguna.
Zer espero duzue epaiketatik?
Oso zaila da guardia zibilak kondenatzea; baina akusatuen aulkian esertzea bera lorpen handia da. Gutxitan gertatzen da. Kasu honetan, gainera, atxilotu zituztenak ez daude oraindik epaituta. Maiatzean epaituko dituzte.
Badaude torturak oinarrian dituzten auzi gehiago epaitzear?
Apirilean, Nafarroan 2011n Ekinekin lotuta egindako beste sarekada batean atxilotutakoak epaituko dituzte. Horiek ere oso tortura gogorrak salatu zituzten; gainera, horietako baten kasuan, Estrasburgok Espainia zigortu du tortura salaketa ez ikertzeagatik. 2010ean abokatuen kontra izandako sarekadarena ere falta da. Hori ere torturan oinarrituta dago. Gainera, sarekada horretan Guardia Zibilak galdu zuen dokumentu bat, non esaten zen abokatuei «tratu bikaina» eman behar zitzaiela. Hala izan zen: abokatuak ez zituzten torturatu, baina gainontzekoak bai. Galdeketak egiteko taldeak daudela ere azaltzen du Guardia Zibilaren beraren txosten horrek.