Irtenbiderako zirrikiturik ezin aurkituta

Irtenbiderako zirrikiturik ezin aurkituta

A. L. L.

Senar-emazteak eta 5, 8, 11 eta 13 urteko lau-seme-alaba bizi dira Barakaldoko Murrieta kalean udalak duen etxe batean. Horiekin batera, beste bi pertsona: Asier Azkarraga eta Sandra. Lau nagusiak daude langabezian. Haurren aita da noizean behin lan txikiren bat duen bakarra: Ricardo Navia. Athleticek partida Bilbon duenean deitzen diote, metroko zerbitzua indartzeko; pare bat orduko lana izaten du egun horietan. Beste lanposturik ez dago zortzi aho dauden etxean. Udalarena den eta bi urtean hutsik egon den etxe batean bizi dira irailaren amaiera aldetik, baina ez udalak eskaini dielako. Etxe premia zuten, eta erabat prestatuta baina hutsik zegoen etxera sartu ziren. Okupatu, eta bertan jarri ziren bizitzen. Kaleratze agindua dute urtarrilaren 1etik. Epaitegiak baimena emana dio udalari, eta horrek edozein momentutan kaleratu ditzake.

Bizimodua iraulita

Oso bestelako bizimodua zuen horietako bakoitzak lehen, adin nagusikoak lanik gabe geratu aurretik. Bi gizonezkoek eraikuntzan egiten zuten lana, eta elkar ezagutzen zuten. Azkarraga kofratzailea zen; Naviak sabai eta hormak eraiki, manparak jarri eta antzekoak egiten zituen. Alokairuzko etxean bizi zen familiarekin. Emaztea garbiketa lanetan aritzen zen.

Eraikuntzaren gainbeherarekin, denak geratu ziren lanik gabe. Langabezia sariak amaituta eta lanik ezin aurkiturik, egunerokoari aurre egiteko arazoak sortu zitzaizkien, alokairua ere ordaindu ezin zutela. Etxe kaleratze baten ondorioz, kalean geratu ziren.

Murrieta auzokoak dira guztiak. Inguruan bizi ziren lehen ere, eta ondo ezagutzen dute auzoa. Auzokoek ere bai haiek. Adingabeko haurren harrerarako izana zen etxea hutsik zegoela bazekiten, eta argi ikusi zuten aukera. Egoera berean zeudela eta elkartu, eta elkarbizitza berri bat hasi zuten. “Orain, familia bat gara denok”, dio Azkarragak: “Familia bat bezala bizi gara”.

Nolanahi ere, argi dute ez dutela bertan geratu nahi: “Guk ere joan nahi dugu hemendik, baina irtenbide bat dugunean”. Bien bitartean, herriko jangela sozialean bazkaltzen du Azkarragak. Gainerakoek etxean bazkaltzen dute, eta afaldu ere denek etxean egiten dute, Elikagaien Bankuak ematen dien janariekin. “Gure eguneroko otorduak espagetiak eta pasta dira”, dio umoretsu Azkarragak. Auzoko hainbat pertsona eta ostaturen laguntzarekin osatzen dute elikadura.

Bien bitartean, guztiak etxetik kaleratzeko aginduak indarrean jarraitzen du, eta familiak ez daki zein etorkizun izango duen. Haien egoeraren berri eman eta batez ere haurrak babestu eta haien eskubideak bermatu daitezela eskatzeko Arartekoarengana joanak dira. Estrasburgora ere bai. Azkarragak, ordea, ez du “etorkizun handirik” ikusten: “Nahikoa dut egun bakoitza igarotzearekin”.