Bilbo Air konpainiaren jarduna auzitan jarri eta elkartea zarratzeko eskatu du Bizkaiko PPk. Eginkizun zehatzik ez betetzea eta azken hamabost urteetan hiru milioi euro “xahutzea” leporatu dio Javier Ruiz Bizkaiko ordezkari nagusiak. Bilbo Air 2001ean jaio zen, Loiuko aireportua sustatzeko helburuarekin, eta sorreratik Jon Gangoiti EAJko europarlamentari ohiak zuzendu du elkartea.
PPk “berehalako” azalpenak eskatu dizkio EAJri, Gangoitiren gastuak “gehiegizkoak” izan direla salatu ostean. “Black txartelen gisako kasu bat izan daitezke. Eskala txikiago batean, Bizkaian. Izan ere, sozietatearen helburu sozialekin bat ez datozen gastuak egon dira”, azaldu zuen Ruizek PP alderdiaren egoitzan egindako prentsaurrekoan.
PPko ordezkariak hainbat datu jarri ditu mahai gainean. Ruizen esanetan, Bilbo Airrek 900.000 euro ordaindu zizkion Gangoitiri 2001 eta 2004 urte bitartean, eta, denbora tarte horretan 1,2 milioi euro gastatu zituen sozietateko zuzendari eta langile bakarra denak. PPren datuen arabera, 19.000 euro sakelako fakturei dagozkie; 7.200, taxi bidaiei; 17.500, jatetxeetako kontuei; 31.000, hoteletako gastuei; eta beste 22.500, oparietarako fakturei. Datu horien arabera, iragarkiek (592.000 euro) eta bidaiek (375.000) eragin dituzte kosturik handienak. “Askok konparatu dute Bilbo Air txiringito batekin, baina luxuzko oporlekua da, euskaldunon eta bizkaitarron diruarekin ordaindua”.
Azalpen eske
Ruizek nabarmendu du hamabost urteetan Bilbo Airrek hiru milioi euro jaso dituela diru publikotik, eta 250.000 euroren galerak izan dituela. Bilboko Merkataritza Ganbera da sozietatearen akziodun nagusia (%30), Eusko Jaurlaritzarekin (%25), Bizkaiko Foru Aldundiarekin (%20) eta aireportu inguruko udalekin (%20).
Horiek horrela, Ruizek azalpenak ematera deitu ditu Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bilboko alkate Juan Maria Aburto, Bizkaiko EAJko presidente Itxaso Atutxa eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka. “EAJk ezin da isilik geratu egoera larri hau dela eta”.
Ruizek gogora ekarri du EAEko Kontu Auzitegiak kaleratutako txostena. Hor azaltzen denez, Loiuko aireportua sustatzen duen sozietatea ez da elkarlanean ari AENArekin. AENA da, hain justu, aireportuak kudeatzeko arduraduna. Gauzak horrela, Ruizen ustez ezinezkoa da neurtzea Bilbo Airek zenbateraino laguntzen duen Loiuko aireportuaren kudeaketa lanak hobetzen. “Bilbo Airrek ez ditu bere helburuak betetzen. Eta ez du ekintzak zuritu ditzakeen jardueren txosten bakar bat ere”. Ruiz Bizkaiko batzarkidea da PPren ordezkari gisa eta nabarmendu du Bilbo Air sozietatea “deuseztatzea” eskatuko duela Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean.