Ainhoa Larrabe Arnaiz
Krisialdi ekonomikoak gogor astindu du Arratia. Azken urteetan, behin eta berriz errepikatu den irudia da enpresen eta langileen arteko gatazkena. Incoesa eta Prefabricados Lemona enpresek ateak itxi dituzte, eta gatazkak izan dituzte azken urteetan Negarra, Cementos Lemona, Alfus eta Ormazabal lantegietan ere. Zerrenda horri Lemoako Fishbam enpresa gehitu zaio orain, kaleratzeak izango direla iragarri berri baitu enpresak. Desindustrializazio prozesua nabari dute eskualdeko herritarrek, eta horrek arratiarren bizi baldintzetan eragin zuzena du. Egoera hori iraultzeko, Errota egitasmoa aurkeztu zuten atzo. Enplegua lortzetik harago doan egitasmoa dela azaldu du Gotzone Amuriza plataformako kideak. “Eskualdearen bizi kalitatea hobetzea da Errotaren helburua. Tokiko garapena bultzatu nahi dugu, eragileen, erakundeen eta herritarren artean sinergiak lortuz”.
Eskualdean aspaldikoa da egoera ekonomikoarekiko kezka. Enplegu suntsiketa salatzeko eta eskualdearen iraupena bermatzeko borrokan aritu da azken urteetan Arratian lan eta bizi plataforma ere. Egoerak, ordea, ez du hobera egin. Gaur-gaurkoz, 15.000 biztanle ditu eskualdeak, eta, 2015eko abenduko datuen arabera, 800 pertsona daude Lanbide enplegu zerbitzuan izena emanda. Langabezia eta prekarietatea areagotu dela azpimarratu du Amurizak, eta eremuz eremu nabari dela horren eragina. “Industria da eskualdeko sektore garrantzitsuena, eta lantegi asko itxi dituzte azken sei urteetan. Enpleguan eta langileetan ez ezik, eskualde osoko pertsonen bizi baldintzetan eta ongizatean eragina izan du horrek”.
Egoera iraultzea helburu
Egoera hori iraultzea da, hain zuzen, Errota egitasmoaren helburua: eskualdeko egoera sozioekonomikoa bultzatu eta herritarren ongizatea bermatzea, alegia. Enplegua lortzetik harago doan egitasmoa dela azpimarratu du behin eta berriz Amurizak: “Eskualdearen bizi kalitatea hobetu nahi dugu. Eta horretarako ingurumen osasuntsua bermatu, gizarte kohesioa indartu eta aniztasun kulturala aintzat hartu nahi ditugu. Eragile guztien esperientzia eta esku hartzea beharrezkoa izango da horretarako, egitasmoa aberastuko baitu horrek”.
Elkarlanean abiatu nahi dute egitasmoa, eta elkarlana izango da aurrera begira ere Errotaren ardatz nagusia, tokiko garapenak beharrezko dituelako gizartearen, arlo pribatuaren, hezkuntzaren eta arlo publikoaren arteko sinergiak, Amurizaren hitzetan. “Kooperazioa gakoa da. Bakoitzak bere eragin esparruan bailarako ongizaterako urratsak egitea da asmoa”. Azaldu du azken hamar hilabeteetan lau eremuetako ordezkariak aritu direla egitasmoari forma ematen; Batz kooperatibak, Ilunbe energia ingeniaritza enpresak, Maraka lantegiak, eskualdeko lanbide heziketa zentroak eta norbanakoek osatu dute sustapen taldea.
Egitasmoaren misioa eta baloreak zehaztu dituzte denen artean, Amurizaren hitzetan. “Arratiako ingurune sozioekonomikoa dinamizatzea da egitasmoaren bisioa, eta 2020. urterako herritarren ongizatea bermatzea, berriz, Errotaren bisioa”. Eta komunean jarri dituzte proiektuaren baloreak ere. “Besteak beste, pertsonenganako begirunea eta aniztasuna bultzatuko dugu, ingurumen jasangarriaren alde lan egingo dugu, eta sektore eta herritarren arteko elkarlana bultzatuko dugu. Betiere, epe luzeko ikusmiran eta bertako hizkuntza eta kultura aintzat hartuz”.
Orain arte adostutakoa aurkeztu, eta eragile eta herritarrei egitasmoan parte hartzeko deia egin zieten atzoko aurkezpenean. Egitasmoak izandako harrera ona azpimarratu du Amurizak.
Urratsez urrats
Arratiako egoera sozioekonomikoa irauli nahi du Errotak. Baina egoera hori zehazki zein den aztertu behar dute horretarako. Hori izango da egitasmoak hartuko duen lehen lana, plataformako kideak azaldu duenez. “Parte hartze prozesu baten bitartez, eskualdearen diagnostikoa egingo dugu. Udalek eta gainontzeko erakundeek hainbat azterketa egin dituzte. Guztiak bildu, osatu eta ekintza plan bat adostuko dugu”. Epe laburrean, hori. Baina datozen lau urteetako ibilbidea ere adostu dutela azaldu du: “Proiektuak aurrera eramateko langile eta kolaboratzaileen egitura finkoa izan nahi dugu. Arratiako eragile ezberdinak dinamizatu nahi ditugu, behetik gorako hazkundea bultzatzeko, bai ekoizpenaren eremuan, eta bai ongizatean”. 2020rako emaitzak esku artean izatea espero dute.
Egitasmoak proposatzeko orduan ez dira hutsetik abiatzen Errotako kideak. Hainbat tokitan egin dituzten lanen esperientzien berri jaso dute azken hilabeteetan, eta berebiziko garrantzia eman dio Amurizak esperientzien truke horri. Lea-Artibai eskualdeko Azaroa fundazioa aipatu du, tartean. Eskualdean enpresa berriak sortu eta enpresa sareen lehiakortasuna hobetzeko erakundea da Azaroa. Lea-Artibaiko erakundearekin harremanetan dago Errota, eta eskualdera egokitu daitezkeen beste hainbat esperientzia ere aztertuko dituzte aurrerantzean.
Errota sortzeko lehen pausoa da eman dutena. Adostu dituzte oinarriak, eta herritarrei egitasmoan parte hartzeko gonbitea egin berri diete. Ahalik eta arratiar gehienekin urratsak egiten jarraitzea da orain Errotak duen erronka, “azken urteetako norabidea aldatu eta denen artean eta denentzako bizitzeko aproposagoa den Arratia sendo eta jasangarria egiteko”.